Nerea GOTI
BILBO

Eragileekin «bide-orri» bat adostea proposatzen du Gipuzkoako EHNEk

Arazo anitzeko sektorean, Gipuzkoako EHNEko zuzendaritza berriak eragileen arteko elkarlana ezinbestekoa dela adierazi du. Borroka zehatzen gainetik, sektorea indartuko duen bide-orria adosteko eta herri proiektu bat lortzeko prest azaldu da lantalde berria.

Gipuzkoako EHNEk VIII. Biltzarra egin zuen joan den larunbatean Zaldibian. Zuzendaritza berria hautatu zuten kideek bertan –Garikoitz Nazabalek jarraituko du presidente izaten– eta lan ildo eta erronkak zehaztu zituzten. Gabezia eta arazo ugari dituen sektorearen balioa nabarmentzeko, indartzeko, iparrorratza finkatu eta elkarlana bultzatu behar dela azpimarratu du lantalde berriak.

Antolaketa mailan egituran lan egin ondoren beste fase batean dago egun Gipuzkoako EHNE. Nazabalek atzo GARAri esan zionez, gabezia asko daude eta kasu bakoitzean eragiteko behar diren neurriak eta politikak ezarri beharko dira, baina sektoreak analisi sakona behar du, eragile ezberdinen arteko elkarlana eta herri proiektu bat gauzatuko duen iparra zehaztea.

«Baserrian gure salmenta prezioetatik bizi nahi dugu eta azken urteetan oso-oso estankatuta daude prezioak» aipatu zuen. Era berean, bestelako arazoak jarri zituen mahai gainean: jardueran hasteko behar diren inbertsio ikaragarriak, komertzializazio arloan aurkitzen dituzten arazoak, errelebo falta, baserritar askoren pentsio eskasak eta administrazioak jartzen dizkien trabak, besteak beste.

Nazabalek gogorarazi zuenez, Gipuzkoako lurzoruaren %85 baserritarrek kudeatzen dute, eta, hala ere, «bereziki indartzen ari dira indefentsio egoerak instituzio askoren partetik eta kasu askotan baserritarrak «erasota» sentitzen dira.

Sektoreak gizarteari zentzu zabalean egiten dion ekarpena benetan aitortu behar dela eta duen balioa nabarmendu behar dela adierazi zuen, bertako produktuak erostea herri mailan eta kontsumitzaile moduan erosketa horrek duen onurarekin identifikatzeko.

«Hausnarketa sakonak behar dira; herri proiektuaz hitz egiten ari gara, iparra markatu dezagun, batzen gaituen horri heldu diezaiogun eta ibilbide horretan eskutik etortzeko prest daudenei, ongi etorri!», nabarmendu zuen.