Jon LEUNDA
Sega

Euskal segalariek maila ona eman nahi dute Europan

Bihar egun guztian zehar jokatuko dira Suitzan nesken eta mutilen txapelketak.

Suitzan jokatuko da asteburuan Europako Txapelketa, eta biharkoa izango da egunik handiena, egun guztian zehar saioak jokatuko baitira. Bitartean hainbat kultur ekitaldik hartuko dute protagonismoa, eta herrialde bakoitzak bere kultura erakusteko aukera izango du.

Txapelketak berak bihar izango du bere eguna, eta hor eman beharko dute segalariek duten guztia. Mutilek 100 metro karratuko sail bana ebaki beharko dute, eta gainerakoek, bai neskek bai mutil eta neska gaztetxoek, 35 metro karratuko sailak moztu beharko dituzte.

Euskal Herriko selekzioa 18 kirolarik osatzen dute. Bixente Mitxelena, Altzo Jauregi, Jexuxmari Goenaga, Julen Gabirondo, Jon Otegi, Mikel Lizartza, Oier Urkola, Andoni Urrutia, Enaitz Ibabe eta Suharri Irazustabarrena joan dira mutiletan. Nesketan, berriz, Ainhoa Mazkiaran, Irati Astondoa, Ainara Otamendi, Alaitz Imaz eta Maide Garmendia joan dira. Gaztetxoetan, azkenik, Arkaitz Gabirondo eta Amaiur Arrospide mutiletan eta Amets Otegi nesketan joan dira lehiaketan parte hartu eta Euskal Herria ahalik eta gorenen uztera.

Euskal Herriko selekzioarekin batera, Suitza, Austria, Alemania, Eslovenia, Hego Tirol, Eslovakia, Txekia eta Errusia lehiatuko dira. Errusiarren kasuan, gainera, aurreneko aldiz arituko dira Europako Txapelketan.

Altzo Jauregi da guztien artean eskarmenturik gehien duena, eta Almitza Elkartearekin ere lehen egunetik lanean ari da. Berak ongi ezagutzen ditu lehiaketa hauek, eta garbi dauka zer egin behar den aurrean ibiltzeko. «Ez da erreza izango podiumeko postuetan sartzea. Garbi dago mutiletan irabazteko bi minutu inguruan ibili behar dela. Hortik gora asko joaterik ez da, bestela oso zaila baita aurrean sartzea. Nesketan, berriz, minututik behera ibili behar da aurreneko postuetan sartzeko», dio Altzok.

Gaztetxoetan, berriz, zalantzak ditu, ez dakielako han zer aurkituko duen. «Gaztetxoena hasi berria da, beraz, ez dakigu han zer aurkituko dugun. Guk segan urteak daramatzaten gaztetxoak daramazkigu, eta lana ongi egingo dute», dio Zaldibiako segalari beteranoak.

Faboritoen artean, Suitza ikusten du indartsu. «Suitza oso ongi ibiliko da mutiletan eta nesketan. Sailkatze probetan izen handiko segalariak kanpoan geratu dira, lehiaketa honetatik kanpo, eta haiek sailkatzerik lortu ez badute, sekulako maila dutela garbi dago. Mutiletan Hego Tirol ere oso ongi ibiltzen da beti», azaldu du Altzok.

Txukun eta azkar

Txukuntasuna eta azkartasuna uztartzen dira nazioarteko eran. Ondorioz, azkar eta txukun ebaki behar da. Ez du azkar ebakitzeak bakarrik balio, oso txukun ere ebaki behar izaten baita. Bestela zigorrak ezartzen dira eta zigor horiek amaierako denborari eransten zaizkio. «Oso azkar ebaki behar da, baina belarra oso txukun ebakiz. Hori ez badugu lortzen, jai izango dugu», dio Altzok. Gaur ere hainbat kultur eta kirol ekitaldi izango dira, eta tartean bihar segan arituko direnetako batzuk aizkoran arituko dira. Euskal dantzak ere izango dira.