Jon LEUNDA
Sega

Goenaga bigarren sailkatu da Europako Txapelketan

Julen Gabirondok ere lan bikaina egin du, seigarren postuan sailkatuz.

Jexuxmari Goenagak bigarren amaitu zuen Suitzan jokatutako Europako Txapelketa, balentria handia eginez. Errezildarrak bikain ebaki zuen belarra, eta amaieran saria jaso zuen. Mutilen mailan emaitza bikainak izan ziren, Julen Gabirondok ere seigarren amaitu baitzuen.

Abiadura eta txukuntasuna uztartzen dira lehiaketa honetan. Ez du azkar ebakitzeak bakarrik balio, txukun ere moztu behar izaten baita, bestela epaileek jartzen dituzten zigorrak egindako denborari gehitzen baitzaizkio. Mutilen mailan, segalari bakoitzak 100 metro karratuko sail bana moztu behar zuen, eta, nesketan eta gaztetxoetan, bai mutilek eta baita neskek ere, 35 metro karratuko sail bana.

Mutiletan Bemhard Selineger austriarrak irabazi zuen eta 13 segundora sailkatu zen Goenaga, bigarren postuan. Hirugarren postua Stefan Tobler suitzarrarentzat izan zen. Euskal Herriko selekzioko gainerako kideen artean Gabirondok ere lan bikaina egin zuen, seigarren postua eskuratuz. Mitxelena, berriz, hamalaugarrena izan zen, eta, Altzo, hemeretzigarrena. Hauek izan ziren selekzioko onenak gizonezkoetan.

Emakumezkoetan Mazkiaran izan zen euskal segalaririk onena, hamahirugarren postuan. Bat atzerago sailkatu zen Imaz eta hiru atzerago Astondoa. Nesketan Elisabeth Scheicher austriarra izan zen txapelduna. Bigarren Marhgarit Fonn sailkatu zen, eta, hirugarren Iris Aebel. Biak dira suitzarrak.

Gaztetxoetan ere euskal segalariek ez zuten lan txarra egin. Mutiletan Amaiur Arrospide zortzigarren izan zen, eta postu bat atzerago sailkatu zen Harkaitz Gabirondo. Nesketan, Amets Otegi bosgarren izan zen.

Almitza Elkarteko kidea den Altzo Jauregi oso gustura zegoen lortutako emaitzekin. «Bigaren postua lortu dugu, eta hori emaitza oso ona da. Goenagak belarra bikain ebaki du. Denbora aldetik bera baino hobeak izango ziren, baina belarra ez du beste inork berak baino hobeto moztu, eta horren emaitza jaso du. Europako Txapelketan belarra oso ongi moztea beharrezkoa da aurrean ibiltzeko, eta, esan bezala, bera baino hobeto moztu duenik ez da beste inor izan, eta amaieran bigarren izan da», esan zuen.

 

Txapelketak

Datozen egunetan ere izango dira txapelketak, oraintxe baita horretarako garairik onena. Hala, Bilboko Areatzan jokatuko da etzi 12.00etan Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako jardunaldi berri bat. Bertan Iker Vicente Ruben Saralegiren aurka lehiatuko da. Hasieran Otsagabikoak Atutxarekin neurtu behar zituen indarrak, baina bizkaitarrak ezingo du jardun eta bere ordez arituko da Saralegi.

Bestalde, ostiralean jokatuko da 19.00etatik aurrera Zarauzko Udaletxeko plazan Euskal Herriko Kintopekoen Harri Jasotze Txapelketa. Hiru kirolari lehiatuko dira, honako hauek zehazki: Zelai V.a, Solozabal eta Olaizola. 100 kiloko kubikoa eta pisu bereko zilindro zaharra erabili beharko ditu harri-jasotzaile bakoitzak, eta, harri bakoitzarekin lanean aritzeko, berriz, hiru minutuko txandak izango dituzte.