GARA
DONOSTIA

Zuzendari Berriak saila «Charmøren» filmaren munduko estreinaldiak irekiko du

Irandar zuzendari baten eta britainiar errealizadore baten lehen lanak eta indiar zinemagile baten bigarren film luzea gehitu dira 65. Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailera. Hala, orotara hamasei film lehiatuko dira Zuzendari Berriak saria lortzeko. “Charmøren/The Charmer” filmaren munduko estreinaldiak emango dio hasiera Zuzendari Berriak sailari, Milad Alamiren (Teheran, 1982) lehen film luzeak. Protagonistak, irandar gazte batek, Danimarkan geratzeko aukera segurtatuko dioten emakumeak ezagutu nahiko ditu.

Daniel Kokotajlo (Manchester, Britainia Handia) Arte Ederren alorretik datorren gidoilari eta zuzendari autodidakta da eta “Apostasy” da bere lehen film luzea: familia bat du ardatz, guztiak ere Jehovako lekukoak.

“Village Rockstars” Rima Das (Assam, India) gidoilari, ekoizle eta zuzendariaren bigarren film luzea da. Filmaren protagonista gitarra bat lortzeko irrika duen hamar urteko neskato bat da.