GARA
DONOSTIA

Dantzalekua bihurtuko da Egia

Donostiako Egia auzoa musika elektronikoak hartuko du bihar eta etzi. Izan ere, Dantz jaialdiaren lehenengo edizioa egingo da Gipuzkoako hiriburuan bi egunez. Denera 50 ekitalditik gora iragarri dituzte.

«Musika garaikidea, elektronikoa, globala eta exotikoa», iragartzen dute Dantz jaialdiaren antolatzaileek.

50 jarduera inguru antolatu dituzte Donostian musika garaikideari eta elektronikoari tokia egitea helburu duen jaialdi berriaren baitan. «Musika elektronikoa ezagutarazi eta ikusarazi nahi dugu», diote antolatzaileek, Jokin Telleria buru dela.

Musika elektronikoaren alorrean dagoen hutsunea betetzera datoz, besteak beste, duela urte batzuk Elektronikaldia bezalako jaialdiaren desagerpenak eragindakoa.

Hutsunea

«Donostian, musika mota jakin batzuen eta musika garaikideari eta elektronikoari lotutako diziplina artistikoen gabeziaz jabetuta, jaialdi bat planteatzea erabaki genuen eragile, artista, sortzaile eta instituzio ezberdinen artean. Modu honetan, erakunde publikoekin harremanetan hasi ginen, besteak beste, Tabakalera. Era paraleloan, gauza bera egin genuen musika garaikidea, musika esperimentala eta musika elektronikoa jorratzen duen Gipuzkoako ehundura kulturalarekin», adierazi dute antolatzaileek. Euren esanetan, 2016an Donostia Europako Kultur Hiriburua izan ondoren, momentu egokia da, espazio berriak sortzen direlako eta lasaitasun handiagoa dagoelako inguru kulturalean proiektu berriak garatzeko.

«Kultur ehundura asko sor ditzakete honelako ekintzek eta asko eskain dezake, jaialdi honen oinarrietako bat izanik. Gainera, Tabakalerak eta kultur mugimendu asko duen Egiako auzoak aukera berriak eskaintzen dituzte», gaineratu dute. «Jaialdi kolaboratibo, inklusibo eta bokazioduna» sortzeko ahaleginetan ari dira.

Munduko hainbat lekutatik etorriko dira artistak eta taldeak Gipuzkoako hiriburura. Egipto, Japonia, Kanbodia, Alemania, Hegoafrika, Holanda eta Britainia Handitik etorritakoak, besteak beste.

Bertako eta atzerriko DJak, tailerrak, filmen proiekzioak eta erakusketak ere iragartzen dira.

Espazioak

Arratsaldean zehar Tabakalerako espazio desberdinetan kontzertuak, performanceak, tailerrak, proiekzioak eta erakusketak antolatu dira. Nestor Basterretxea plaza, berriz, tokiko artisten eta DJen agertoki bihurtuko da.

Gauez, bihar jaialdia Le Bukowski, La Farandula eta El Anden Cafe Teatroan egingo da jaialdia. Eta etzi, Gasteszenan.

Artistikoki, jaialdiak musika estilo esperimentaletatik erritmo dantzagarriagotara bidaia egitea proposatzen du.

Artista eta talde nagusiak Nightmares On Wax, Session Victim, SKIP&DIE, Islam Chipsy, Kiki Hitomi, Lafidkieta Daniel Haaksman dira.

Horiez gain, bertako artisten eta DJen artean Piek, Telmo Trenor, Reykjavik606 + Inesfera, Mad Muasel edo Miguel A. Garcia bezalako izenak nabarmentzen dira.