Ariane KAMIO
PASAIA
PASAIAKO SARRASKIA DOKUMENTALERA

Memoriak ez du oraindik artxibatu

Pasaiako sarraskia gertatu zenetik 33 urte eta erdi igaro dira dagoeneko. Hiru hamarkadaren ondoren martxoaren 22 hartan Pasaiako badian hil zituzten Dioni Aizpuru, Rafael Delas, Pedro Mari Isart eta Jose Mari Izura gogora dakartza Yuri Agirrek, Erik Aznalek eta Xabier Otamendik zuzendu duten dokumentalak. Gaur estreinatuko da Iruñean.

Pasai Donibaneko kaleak ezinbestean zeharkatu behar dira herriaren amaieran Puntas aldera doan pasealekua hartu eta 1984ko martxoaren 22an Polizia espainolak eta Guardia Zibilak elkarlanean egindako sarekadan hil zituzten Dioni Aizpuru, Rafael Delas, Pedro Mari Isart eta Jose Mari Izuraren oroimena bizirik mantentzeko jarritako oroitarriraino iristeko. Herriko etxe zaharrek eta harrizko pasabide estu eta historikoek atzerako bidaia bat iradokitzen dute –hantxe dago Victor Hugoren etxea ere–. Baina aurrera jarraituta, eta ekintzak jazo ziren lekuraino iritsita, sarraskiaren lekuko izan zen itsaso berberak zain jarraitzen du leku berean, merkantziaz betetako itsasontziak badiatik noiz sartuko zain, ertzean dauden harrien gaineko silueta zuriak ezabatu gabe.

Oroimena berreskuratu eta denboran atzera egiteak historiaren jabetza inplizitu bat ekar badezake ere, askotan iraganean haztatzea ariketa mingarria da oraindik orain. Euskal Herriaren memoria kolektiboan inposatutako oroimen zatiak dira atxiloketak, tortura auziak, hilketak, bahiketak, mehatxuak eta enparauak. Eta Pasaiako sarraskiak bete-betean jotzen du oroitzapenen itu kolektibo horretan.

1984ko martxoaren 22a baino egun batzuk atzera egin beharra dago ekintzaren aurrekarietara iristeko. 80ko hamarkada da. Felipe Gonzalez da Gobernuko presidente eta GAL talde parapoliziala indarrean da dagoeneko. Bost hilabete lehenago bahitu eta hil zituzten Joxean Lasa eta Joxi Zabala. Segundo Mareyren bahiketa. Errefuxiatuen heriotzak Ipar Euskal Herrian. 1984ko otsailaren 23an Enrique Casas hil zuten Komando Autonomo Kapitalistek eta egoerak larriagotuz jarrai zezakeela aurreikus zitekeen.

Martxoaren 18a. Donostia. Rosa Jimeno oriotar gaztea Komando Autonomo Antikapitalistena zen auto bat mugitzera joan zen. Pio XII.a plazan Poliziak zain zituen. Autoa kontrolpean zuten. Kalez jantzita, haiekin komisariara joan behar zuela adierazi zioten. Atxiloketa hark ez zuen lekuko gehiagorik izan. Komisariatik etxera eta lantokira deitzera behartu zuten, pistola buruan, egun batzuk pasa arte itzuliko ez zela iragartzeko. Donostian haurdun zegoen lagun bat bihurrarazi zioten aitzakia. Tortura gogorrak jasan zituela agertu zuen gerora Jimenok, eta jasotako tratu txarren ondotik, Ipar Euskal Herrian zeuden kideekin hitzordu bat egitera behartu zuten. Martxoaren 22an izango zen, 22.00etan puntuan, Pasaiako badiako ertzean. Jimenok linterna bizpahiru aldiz piztu eta itzaliko zuen seinale gisa.

Dioni Aizpuru Kurro, Rafael Delas Txapas, Pedro Mari Isart Pelitxo, Jose Mari Izura Pelu eta Joseba Merino, azken horren Beltza zakurrarekin batera, zodiak batean abiatu ziren, itsasoz, Pasaiarantz. Itsaso txarra zegoen, eta behe lainoak estaltzen zuen Gipuzkoako kostaldea. Bidearen gehiengoa egina bazuten ere, bueltan mugaren bestaldera itzultzekotan egon ziren, baina Pasaiako badiaren kanpoaldean zeuden bi itsasontziren argiak ikusi eta haiei jarraika lortu zuten helmugara iristea.

Rosa Jimeno urertzeko arroka batzuen gainean zegoen. Linternarekin seinaleak. Ustez garbi zegoen ingurua. Zodiaka ertzeraino gerturatu zen eta soka-mutur bat bota zioten kideek ontzia urrundu ez zedin. Joseba Merino zakurra hartzeko makurtu zenean, «Geldi! Polizia!» oihu bat entzun zen. Tiro bat airean. Eta atzetik ehunka tiro gehiago. Argiak piztu ziren. Poliziak badiaren albo banatan. Rosa Jimeno hanketatik sokaz lotua zuten eta tiroketa hasterakoan handik tira eta lurraren kontra etzanda mantendu zuten. Gainontzeko kideek uretara salto egin zuten, baina berehala atxilo hartu zituzten.

Izura eta Isart operazioan bertan hil ziren. Merino, Delas eta Aizpuru, aldiz, arroken gainera eraman zituzten. «Koronela zara zu? Ez, ni Josua naiz». Merino bere bi kideengandik urrundu zuten. Metro bateko distantzian aurrez aurre poliziak eta Delas eta Aizpuru. «Hil egingo zarete». Tiroak nonahi.

Auzia, artxibatuta

Urte horretan bertan, Lakuako Gobernuak ikerketa bat abiatu zuen baina Gipuzkoako Auzitegiak inbestigazioaren kontra egin eta epe laburrean auzia artxibatu zuen. Rosa Jimeno eta Joseba Merinoren lekukotzak jaso ziren espetxean, baina ez ziren epaitegira sekula bidali. 1987an auzia berriro artxibatu zen.

2000. urtean diligentzia berriak zabaldu ziren. Santiago Gonzalez abokatuak bizirik atera ziren bi kideen testigantzak gehitzeko eskatu zuen, baita operazioan parte hartu zuten poliziak identifikatzeko ere. Lau poliziaren izenak lortu zituzten. Urtebete geroago auzitegiko mediku Paco Etxeberriari deklarazioa hartu zion Auzitegiak. Tiroak oso distantzia laburrean egin zirela baieztatu zuen.

Urte horietan gorabehera ugari izan zituen auziak. Polizia bat deklaratzera deitu zuen auzitegiak eta sarekadaren arduradunak nortzuk ziren ere esan zuen. Gipuzkoako Probintzia Brigadako arduradunak 2009an deklaratu zuen auzitegian.

Hildakoen senideek eta Azpeitiko Udalak egin zuten akusazioa eta erantzuleak aurkitzeko helburua bete nahian denbora luzea pasa zuten epaitegian borrokan. Azkenean, 2016. urtean auzia artxibatzea erabaki zuen epaitegiak.

 

Senide eta adituen lekukotzak eta balistika proba bat, dokumentalaren osagaietan

“Pasaiako Badia” dokumentala gaur estreinatuko da Iruñeko Golem zinemetan, 20.00etan. Dokumentaleko parte hartzaileek, hildakoen senide eta lagunek eta Nafarroako instituzioek bat egingo dute ekitaldiarekin.

Yuri Agirre, Erik Aznal eta Xabier Otamendi gazteak daude dokumentalaren egiletzaren atzean. Crowdfunding kanpaina bat abiatuta, 8.000 euroko laguntza uste baino lehenago jaso zuten zuzendariek. Bi urte baino gehiagoko lana izan da, eta azkenean bere fruituak eman ditu.

Ikus-entzunezkoa Rosa Jimenoren eta Joseba Merinoren lekukotzekin janzten da, baina soinean daramatza, halaber, gertatutakoak ezagutzeko ezinbestekoak diren beste testigantza batzuk; sarekadan hildako lau lagunen senideenak, Santi Gonzalez eta Miguel Castells abokatuenak, Carlos Garaikoetxea garaiko lehendakariarenak, Paco Etxeberria auzitegi medikuarenak, Enrique Villarreal El Drogas musikariarenak eta Fernando Orgambides “El País” egunkariko kazetariarenak. Dokumentalak ateak zabaltzen dizkio bertsio ofizialetik at geratu ziren datu batzuei. Sarekada hartan erabilitako materialaren artean ehizarako armak zeuden. Hildako bakoitzak hogeitik gora tiro jaso zituen, armek jaurtitzen zituzten posten ondorioz. Tiroak distantzia luzean jaurtiz gero, postak ere zabaldu egiten dira eta haien bidea desberdina da. Baina ez zen hala izan.

Zuzendariek balistika proba bat erantsi zuten dokumentalerako, tiroak zein distantziatara egin ziren frogatzeko. Delas eta Aizpuru metro bateko tartean tirokatu zituztela berresten du Joseba Merinok.

Testigantzek garaiko egoeraren argazkia ateratzen laguntzen dute. GALen itzalpean bizitako egunak ziren, borroka armatua urterik gogorrenetan sartua zen eta gerra zikinak emanak zituen bere lehenengo pausoak. Zuzendariak beste ate batzuk jotzen saiatu ziren, Ramon Jauregirena, kasu, garai hartan Gobernu espainolaren ordezkaria. Baina ez dute erantzunik jaso.

Lekukotzez gain, dokumentalak artxiboko irudiak ere biltzen ditu, haietako asko gogortasun handikoak. «Irudi batzuk gure kasa lortu genituen, beste batzuk EITBrenak ziren, eta erosi egin genizkien», aipatu du Yuri Agirrek.

Estreinako emanaldia gaur bertan izango da Iruñean. «Senideek ahalegin handia egin dute dokumentalean parte hartzen. Askori barrenak nahastu zaizkie berriro. Gogorra da oroitzapenetan haztatzea, baina uste dut eskertuta daudela eta emaitza gustatu zaiela». Nafarroako hiriburuan egingo dute lehenengo geldialdia, baina egileen asmoa dokumentala ahalik eta tokirik gehienetan eskaintzea da. Hitzordu batzuk finkatuta dituzte dagoeneko: Azpeitia, Pasaia, Bilbo, Zumaia, Leitza, Hazparne eta Lasarte-Oria. Helburuen artean ere bada nazioartera eramatea.A.K.