Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Mozorroak

Ikasleek abiaturiko kanpaina arrakastatsuaren eraginez, existitu ez zen –ikasle zuri mozkor baten burutazioa izan zen– Illinoisko indiar amerikar tribu buruzagian oinarrituriko maskota ofizialki erretiratzea erabaki zuen gure unibertsitateak duela hamar urte. Ordutik, unibertsitatearekin lotura duten ekitaldi zein produktuetan maskota arrazistaren irudia agertzea debekatuta dago. Unibertsitateko administrazioak «buruzagiarekin» duen harremana konplexua da, ordea. «Adierazpen askatasunaren» izenean, estatubatuarrek hainbeste maite duten ideia, «batzuentzat» mingarriak izan daitezkeen adierazpenak saihesteko deia luzatzeaz gain, 2007tik hona ezer gutxi egin du maskotaren erabilera publikoa eragozteko.

Aurreko astean, ikasle zuri talde batek homecoming edo ikasle ohien desfilean «buruzagia» eramango zutela zabaldu zuenean ere, administrazioak ez zuen deus esan. Ikasleen senatuko presidentearekin hasita, hainbat ikaslek gogor kritikatu zuten erakundearen jarrera eta desfile egunean bertan «nire kultura ez da zure mozorroa» eta «zure arrazakeriak ez nau ohoratzen» afixak eskutan «buruzagiarena» egiten ari zen mutil zuria eta haren babesleek alde egitea lortu zuten.

Lelo berberak bolo-bolo zabaldu zituzten mezu elektroniko eta sare sozialen bidez Halloween aurreko egunetan. Oraingoan bai, unibertsitateak ez zuen arazorik izan ikasleen deialdiarekin bat egiteko. Errazagoa da besteen arrazakeria salatzea norberarena baino.