Andoni ARABAOLAZA
SARIA

Joxe Takolo beka«Nun da Nun»xedearentzatizan da

Mikel Diez zumarragarrak eta Xabier Urrate urretxuarrak joan den udan Kaxmirreko Nun mendian (7.135 m) eginiko espedizioarengatik saria jaso dute.

Beste ekitaldi batzuetan ez bezala, Azpeitiko Udalak, Lagun Onak mendi taldeak eta Euskal Mendizale Federazioak antolaturiko Joxe Takolo bekaren irabazleen berri beranduago eman da. Joan den azaroaren 23an egin zen sari banaketaren agerraldian, Azpeitiko Udaleko Kirol Batzordeko arduradunak aipatutakoaren arrazoibideak eman zituen: «Azken urteotan proiektu gutxi eta askotan nahi besteko mailarik gabeak aurkezten ziren, eta horregatik iaz Lagun Onak mendi taldeari eman genion bekaren eta mendizaletasunaren inguruko azterketa egiteko aukera. Azterketa hartatik proposamen ezberdinak irten ziren eta bekaren oinarriak egokitu; nahi baino beranduago egin zen aurtengo deialdia. Horregatik, irabazleek espedizioa egin ostean jaso dute beka».

Eta 3.000 euroko diru saria eraman duena “Nun dago Nun?” xedea izan da. Proiektu horren egileak Mikel Diez zumarragarra eta Xabier Urrate urretxuarra izan dira. Iragan udan, mendizale gipuzkoarrok Kaxmirren dagoen Nun mendia (7.135 m) igo zuten.

Nunera eginiko espedizio horrek beste hiru xederekin “lehiatu” behar izan du. Horrekin esan nahi dugu, Joxe Takolo bekara, denera, lau proiektu aurkeztu zirela: “Groelandia Bertikala”, “Annapurna II-1986” dokumentala, “Menditik mundura” eta “Nun da Nun” irabazlea.

Lagun Onak mendi elkarteko lehendakari Aitor Unanuek aurreratu zuenez, mahai teknikoak aho batez onartu zuen beka Diez eta Urratek eginiko espedizioari ematea: «Bikote horren xedeak azken urteotan beherakada izan duen alpinismo klasikoaren esentzia betetzen du. Hain zuzen ere, Joxe Takoloren ildo hori bultzatzen du, eta zentzu horretan bere memoriarekin bat dator. Kaxmirren dagoen ezohiko mendia da Nun, eta aurre-lan handia eskatzen du. Lau proiektuak kolore eta eduki desberdinekoak izan dira, baina Nunekoak Takoloren ibilbidea eta izaera bete-betean islatzen du».

«Ezustekoa izan da»

Antolatzaileek sari banaketaren inguruko argibideak eman eta gero, Joxe Takolo bekaren aurtengo ekitaldiaren protagonisten txanda izan zen.

Lehenik eta behin, Diez eta Urratek onartu zuten ez zutela espero irabaztea: «Ezusteko itzela izan da. Baina ikusten den bezala, gure espedizioaren izaerak epaimahaikideak konbentzitu ditu. Bi gauza lortu nahi genituen. Batetik, Nun mendia eta Kaxmirreko Himalaia ezagutzera ematea. Bestetik, zera azaldu nahi izan dugu: gure moduko bi lagun xede honi aurre egiteko gai izan bagara, beharrezko eskarmentua duen edonor izaera horretako aktibitate bat egiteko gai da. Beste era batera esanda, horrelako espedizio bat egiteko ez dagoela super gizon edo emakumea izan beharrik erakutsi nahi dugu».

Bi protagonistok onartu dute ezustekoaz gain, pozarren direla: «Lau proiektuen artean, epaimahaikideek saria geureari ematea adostu dute; gainera, aho batez. Beraz, zerbait ondo egingo genuen! Jakina, ohore bat da sari hau jasotzea».

Mendizale gipuzkoarrek aurreratu dute Nun mendian eginikoa 17 eguneko abentura izan zela: «Lehenik eta behin esan behar dugu uste baino abentura handiagoa izan dela. Mendiaren ekialdeko ertza aukeratu genuen, eta kanpaleku nagusian gurekin Indiako espedizio bat zegoen. Lanak partekatu genituen, baina soilik haien xerpa bat eta gu geu izan ginen gai Nuneko gailurra zapaltzeko. Igoera gogorra izan zen oso; hotzak geure jarduna baldintzatu zuen. Adibidez, bigarren kanpalekuan, eguraldi gaiztoarengatik, hiru egun geldirik egon ginen».