Nerea GOTI - Oihane LARRETXEA
SAN TOMAS FERIA

Lurrak emana eta eskuek bildua, saskia bete altxor

Udazkenari agur esan eta neguari ongietorria eman diogun egunean milaka pertsonak gozatu dute txistorraz zein taloaz Bilbon eta Donostian. San Tomas gure lurrak ematen dizkigun jaki onenak erosteko feria aparta ere bada, ordea. Denetatik pixka bat hartuta bete dugu gure saskia.

Sabela gure begiak bilakatzen dira San Tomas egunez. Gure lurra eskuzabala da eta nekazariak langile nekaezinak. Zenbat altxor! Sagarrak, barazkiak, taloak, eztia, kontserbak, erroskillak, sagardoa, karakolak, gazta, ogia, euskal pastela, landareak, txakolina… Garai batean feria inportantea zen salerosketa egiteko, txukun jantzita, kaletarrak eta baserritarrak, jaki onenak hiriko eta herriko plazetan.

Gure sasoi modernoan jan eta edana egiteko aitzakia polita da, ondo pasatzekoa eta kuadrillan batzekoa, baina ez genuke ahaztu beharko feria dela, eta ekoizleek beren etxeko produktu onenak bertaratzen dizkigutela. Despentsa betetzeko asmoz egin dugu biratxoa eta, postu eta postu artean, taloa dastatu.

Bilbon 276 saltoki atondu dituzte 114 ekoizlek baratzetik jaso eta etxean egindako onenarekin. Saltokietan komentatu dutenez, goiza da salerosketarako tarte nagusia, baina urtero bada arratsalde partean hurrengo egunetako ospakizunei begira kapritxoaren bila agertzen denik ere.

Esan gabe doa Konstituzio plazan arreta bereganatzen artista dela Leitzako Arro baserritik urtero ekartzen duten txerrama. “Ursula” alai eta berritsua dela diote baserritik, ez dela isiltzen eta kontu-kontari aritzen dela goizean goizetik. 370 kilo eder, bi koloredun ilea eta belarriak tente. Bizia eta kuriositate handikoa sumatzen zaio, etzanda eta lozorroan egoten ikustera ohituta, esna-esna dago gure “Ursula”.

Enparantzara ailegatu eta kaiolan sartzeko arazoak egon dira, ordea. Askekintza Donostialdeko talde antiespezistako hamabi kide txerramaren erakusketa ekiditen saiatu ziren, kaiolan sartu eta erresistentzia pasiboko ekintza burutuz.

Barazkiak eta frutak

Konstituzioan fruta eta barazki postu ederrak dira. Dotoreak, hauek bai jantzi onenekin prestatuak! Hernaniko Manu Iradirentzat 25. urtea da; asko ikusi du beste alde horretatik. Donostiara 35 sagar mota ekarri ditu (35!), lau udare klase, kiwiak, kakiak, intxaurrak… dena etxekoa eta eskuz bildua. Kontatzen duenez, ekoizleen kopurua jaitsi egin da; kontsumoaren joera berbera izan da. Hala ere, guztietan feria onenetakoa da bere iritziz: normalean eramaten duenaren %80a saltzen du.

Bizkaiko hiriburuan sari ugari bildu dituen Adela Andikoetxearen esanetan, aparteko eguna da salmenten ikuspuntutik. Eguerdi alderako, hutsune asko ditu saltokian, gehien saldutakoak, tomatea eta tipulak. Bezero finkoak dituen saltokia da berea, eta 08.30ean bazituen lehenengo erosleak zain, itxura oneneko produktuen bila. Izokin ketua eta foie-an adituak diren Keiaren saltokian, antzerako balantzea egiten dute.

Badira produktu kuttunak. Sagar guztietan maitatuena Errege edo Errezil sagarra dela dio Iradik. Itxura ederra dute zinez. Lan gogorraren fruitua dela esatea inoiz baino aproposagoa. «Urte osoko lana», azpimarratu du. Kimatu, txikiak direnak gertutik jarraitu handitu daitezen, banan-banan bildu eta ondoren banan-banan trapuaz garbitu, distira ateratzeko.

Gabiriako Antonia Murgiondok ere badu esperientzia handia: 22 urte jarraian bertaratu da Donostiara. Bere ustez bi dira gakoak arrakasta izateko: produktu ona eramatea, hau da, kalitatea eskaintzea, eta salneurria errespetatzea, hauek ez puztea. Kontsumitzailea ez da tentela, abisatzen du…

Taloak, karakolak…

Jo eta fuego ari dira Saralegi talogileak. 22 kide dira lantaldean, eta tarterik ere ez dute burua altxatzeko. Ilarak arto-irinez egindako opiltxoa jateko. Aitonaz akordatzen naiz. Sekula ez zuen ulertu zertara zetorren halako miresmena gosea zegoenean sabela betetzeko jaten zena jateko. Garai modernoetan «gauza bitxiak» gertatzen zirela zioen eskuak burura eramaten zituela, irri bihurriz. Miguelek urte dexente ditu bizkar gainean eta zentzu berean mintzo da orea egiten duen bitartean. «Lehen jateko beharragatik egiten ziren, gaur kapritxoagatik. Gauzak nolakoak diren!», dio.

Errezeta eskatzen diegu, baina ez duela misteriorik, diote. Arto-irina, gatza eta ura. Baina bai diote bi gauza garrantzitsu aintzat hartzeko: irinaren kalitatea («kalitatea» etengabe errepikatzen dute ekoizleek, eta arrazoirik ez zaie falta) eta uraren tenperatura aproposa. Honek «ez hotz ez bero» egon behar du. Zenbat gradu… Neurria esperientziak ematen du.

Amonaz ere akordatu naiz Etxarri Aranatzeko Begoña Goikoetxearen karakolak ikustean. Kiloa 12 euroan, sare bakoitzean 200 inguru kabitzen dira. Bizirik. Prestatuak ere saltzen ditu, bere errezetarekin eginak. Karakolen mundua muturren mundua da: edo gorroto dituzu edo zale amorratua zara.

Kozinatuak datoz «garai modernoetara» egokitu beharra dagoelako. Jende gazteak, batetik, ez du lan hori hartzen eta, bestetik, etxeetan amonaren faltak aldaketa ugari ekartzen du, baita sukalde kontuetan ere, jakina. Gure artean ez daudenean prestatzeari uzten zaio tamalez.

Gozoarekin borobildu

Baditugu saskian barazkiak, sagarrak, karakolak. Jan dugu taloa txistorrarekin. Gozoarekin amaitzea baino ez dago. Erroskillen eta almendra garrapiñatuen artean zalantza egiten dugu. Biak hartzea onena, ezta? Bitxia bai, bilbotarra izan arren Donostian egiten du salmenta Maria Luisak. Ez Areatzan, ez plaza Barrian, Gipuzkoa plazan baizik jartzen du anis usaina darion postua. Naturalak eta txuriak, osagai onei «pazientzia» eta «kariñoa» eranstea eskatzen du. «Zer nahi duzu polita, dozena edo erdia?».

Urrutiagotik etorri dira Mario Sanchez eta semea. Salamancako Bejar herritik iritsiak, fruitu lehor garrapiñatuak egiten dituzte: intxaurrak, anakardoak, hurrak, pistatxoak, sesamo haziak… baina almendra da guztietan erregea. Seigarren belaunaldia da gaur egun postuan dabilena. Zein zaila hemen ere erabakia hartzea…

Jatekoa eta edatekoa ez ezik, beste produktu ugari daude, adibidez, artisautza munduan. Besteak beste Martin Sukia ezagutu dugu, Euskal Herrian larruzko abarkak eskuz egiten dituen artisau bakarra. Lan polita eta gogorra aldi berean, eta onartzen duenez, ez dira garai errazak. Eskaerak jaitsi egin dira, eta janzteko ohiturak ere beherantz doaz. Postua dotorea da, eta erakargarria, betiko abarkak egiteaz gain, koloretakoak egiten dituelako, denak larruzkoak: moreak, granateak eta berde ilunak. Muturrean, lauburu bana. Oinetatik janzten hasi behar dela zioen amonak, baita ere San Tomas egunez…

Mihura sortak azokako protagonistetakoen artean egon dira berriz ere. Ameriketan atean jartzen dute, azpian musu emateko. Musuarekin edo musurik gabe, ohiturak dio landareak «zorte ona» dakarrela etxera, «edo giro ona», dio saltzaileak. «Guk etxean betidanik ikusi dugu eta jarraitzen dugu tradizioarekin, Santo Tomas azokan erosi behar da, ate baten gainean jarri eta kito, hurrengo urtera arte».