Andoni ARABAOLAZA
SARIA

«Fandango»-k dantzan jarri du Mendi Short

Alex Areizagak ere protagonismoa izan du “Mendi”-n; izan ere, zuzendari zumarragarrak Mendi Short lehiaketaren laugarren ekitaldia irabazi du “Fandango” film laburrarekin. Gogora dezagun lehiaketa amateurra dela, eta, gehienez, bost minutuko proposamenak aurkez daitezkeela.

Epaimahaiak adierazi duenez, Areizagaren zintak «kalitate eta sormen bikaina» du. Kalitatea irudietan, eta sormena mendia eta folklorea uztartu dituelako. Joseba Iztueta mendizalea eta Gorka Maiz soinu jotzailea ditu oinarri. Inolako zalantzarik gabe, “Fandango”-k amets zein erronka bat ditu abiapuntu. Eta hala aurkezten dute filmaren hasieran azaltzen diren hiru mutilek. “Apustuak” etxafuego baten azkartasuna hartzen du: batek, Grandes Jorasses-eko ipar horman dagoen “Walker” bide historikoa eskalatu behar du; eta beste biek, berriz, fandangoa ikasi behar dute.

Areizagak berak oinarri horri indarra eman dio: «Amets baten eta bidaia baten kronika laburra da; hiru lagunen artean sortutako abentura txikia. Joseba eskalatzailea da eta protagonismo berezia hartzen du, ‘Walker’ marra berak igo baitzuen. Josebak ‘Walker’ eskalatu nahi zuen, eta nik film labur bat egitea proposatu nion. Proposamenak ilusioa egin zion, eta Gorka ere animatu zen. Horrela osatu genuen istorioa». “Fandago”-n entzuten denez, laugarren bidaia-lagun bat ere egon zen. Ainhoa izeneko narratzaileari buruz ari gara. Zumarragarrak argi zuen ahotsa emakumezko batek jarri behar zuela: «Uste dut gure gogoeta intimoenek emakume ahotsa dutela. Horrela sentitu dut. Goxoagoa iruditu zait, eta aukera ere ematen du agertzen ez den emakume hori agertzeko».

Hitzek pisu handia

Nahiz eta mendizale petoa ez den, Areizagak onartu du lagunek mendi jardueretatik ekartzen dizkioten irudiak muntatzea gustuko duela: «Ni Aizkorritik ez naiz pasatzen. ‘Fandagon’-n nik irudi batzuk hartu nituen, baina eskaladan beraiek atera zituzten. Elkar osatu genuen. Helburua da haiek bideoaren munduan sartzea, eta ni mendian. Mendiekin ez dut amets egiten; lagunekin bai, ordea. Ni ez naiz ausartzen pareta batean sartzen. Helikoptero batetik irudiak hartu nituen, eta onartzen dut beldurra pasa nuela».

Mendi Short-eko film irabazlearen narrazioari erreparatzen badiogu, argi geratzen da testu deskriptiboak ez duela lekurik; izan ere, kasu honetan hitzek pisu handia dute. Narratzailearen ahotsean, zuzendariak testu intimoagoa aurkezten digu. Eta hala onartzen du Areizagak berak ere: «Saiatzen naiz hitz esplikatiboak ez sartzen; kasu honetan maitasun hitz asko sartu ditut. Funtsean, maitasun istorio bat da: mendienganako, lagunenganako…».