Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

Eta legeak dio

Behin Antoniutti parkera iritsita parez pare topatuko duzue izugarri handia den eraikina. «Neoklasikoa al da?», galdetu zidan txantxetan lagunak. «Ez –erantzun nion–, modernoa, fatxada behintzat, barrukoa berritzea ahaztu baitzitzaien».

Epaitegietara erraz iritsi ziren azken asteotan Iruñera sarri etorritako Gasteizko lagunak eta haiekin milaka ginela, akaso, une batez sikiera, txikitasuna sentiarazi genion harroputz altxatzen den eraikinari. Barruak hautsez jositako hormigoian lubakiak altxatu dituzte kiratsa darien pentsamendu zaharkituko horiek eta mendeetan zehar herriari gainetik eta mespretxuz begiratu dion estamentuari eusten diote, blasfema eta irainaz Justiziaren izena zikintzera ausartu garen ezjakinoi oldartuz. Nik ez daukat jainkoen pareko jakinduria, baina behean egoteak ematen dit historia bihurtzen den errealitateari neurria hartzeko aukera. Sufragistei ere esan zieten legediaz ezer ez zekitela eta haiengatik ikasi dut nik «justizia» hitza idazten, togaren ordez kaputxa batekin egin behar badut ere.

Hautsa pilatutako leihoetatik kanpokoa ezin ikusi edo hautsak zorabiatuta Sakanako herri ezinezko bat asmatzen zabiltzatela, jakizue, hemen behetik zuon gotorlekua sostengatzen duten pilareak ikus ditzakedala eta, arkitekturan ezjakina izanik ere, ustelduta eta erortzear daudela esango nuke.