J.L.
Gipuzkoa

Luix Txapartegi izan da lehen kanporaketako aizkolaririk azkarrena

Luix Txapartegi izan zen atzo Legorretako Harripila kiroldegian jokatu zen Gipuzkoako Bigarren Mailako  kanporaketako aizkolaririk azkarrena. Berarekin batera, Mugerzta III.a eta Alkizalete sailkatu ziren. Guztira bost lehiatu ziren, eta bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen.

Bi txandatan banatu zituzten aizkolariak, eta lehenengoan neurtu ziren saioko azkarrena eta azkeneko sailkatua. Luix Txapartegi eta Julen Aranberri aritu ziren, eta Aizarnakoa izan zen bi kirolarien artean onena, baina ez zen lehen txandako onena bakarrik izan, berea izan baitzen saio osoko denborarik onena. Txandan,  Aranberri sailkatu zen bigarren eta Zumarragakoarena izan zen denen artean atzoko denborarik eskasena.

Bigarren multzoan, Mugertza III.a, Jokin Alkizalete eta Xabier Zaldua lehiatu ziren, eta oso lehia estua izan zuten, hiruren artean 34 segundoko aldea bakarrik izan baitzen. Mugertza izan zen denetan azkarrena, eta atzetik Alkizalete eta Zaldua sailkatu ziren.

Honela geratu zen lehen kanporaketa honetako sailkapena: Txapartegi (10.54), Mugertza III.a (11.23), Alkizalete (11.26), Zaldua (11.57) eta Aranberri (13.30).

Legorretako Harripila kiroldegian bertan jokatu zen Gipuzkoako lasto-botatzeko finala eta ez zen ezusterik izan, Tubik aise irabazi baitzuen. Guztira lau kirolari lehiatu ziren, eta 5.90 izan zen bere marka, txapela lortuz. Bigarren postua eskuratu zuen Salcedok. 5.00 izan zen bere marka. Hirugarrena Ituarte izan zen, eta 4.60 izan zen bere marka, eta sailkapena Urreistik itxi zuen eta bere marka 4.00 izan zen.