Haritz LARRAÑAGA

ZERBITZU PUBLIKOETAKO GREBAREKIN BAT EGIN DUTE SINDIKATU GUZTIEK BAIONAN

MACRONEK EGIN NAHI DUEN LAN ERREFORMA HAUTSAK ARROTZEN ARI DA ETA, HORREN ERAKUSLE, GREBA EGUNA IZAN ZEN ATZOKOA ESTATU FRANTSESEKO FUNTZIO PUBLIKOAN. BAIONAN SINDIKATU DENAK BATU ZIREN 1.800 LAGUN BILDU ZITUEN MANIFESTAZIO BATEAN. BIARRIZKO AIREPORTUAN ETA TRENBIDEETAN ERE PROTESTAK IZAN ZIREN.

Giroa bero-bero dagoela agerian geratu zen atzo Ipar Euskal Herrian. Estatu frantsesean sindikatuek zerbitzu publikoetan deitutako grebarekin bat egin zuten arlo desberdinetako langileek eta erantzuna oso zabala izan zen: eskola publikoak itxita egon ziren, osasun arloko eta beste hainbat esparrutako langileak kalera atera ziren... Aniztasun horren isla argia izan zen eguerdian Baionako karrikak zeharkatu zituen manifestazioa.

«Macronek arlo publikoa pribatizatu nahi» duela salatzen zuten karrika ertzetan sindikatu desberdinetako kideek banatzen zituzten eskuorriek. Osasun arloko langileak ezarri ziren manifestazioaren buruan, haietako asko zirujau txapelarekin, izan ere, Macronen erreforma gauzatzen bada lanpostu gehien desagertuko diren eremuetako bat osasungintzakoa izango da.

Bigarren lerroan, Baionako herriko etxeko langileak, lanerako erabiltzen duten elastiko morea soinean eta aldarrikapen propioekin. Baziren txaleko fosforeszentea zeramaten garraio sektoreko langileak ere, eta, arloz arloko grebalari multzoen atzean, sindikatu guztiak (LAB, CGT, CFDT, FCPE, SUD-Solidaire, Force Ouviere eta UNSA), bakoitza bere pankartarekin.

Euskal Elkargoa

«Gaur karrikara jautsi gara Estatu frantsesean ezarri nahi den lan erreformaren kontra gaudela erakusteko, baina uste dugu haratago joan behar dela: alternatibak proposatu eta eraiki behar dira», argitu zuen Maika Lapouble zerbitzu publikoetako LABeko arduradunak.

Azken hilabeteotan Euskal Herria «Macron legerik gabeko eremua» izan dadila aldarrikatzen aritu da LAB sindikatua eta ekimen ugari eraman ditu aurrera. «Orain hemengo errealitateari erantzungo dion euskal zerbitzu publiko bat eraikitzen hasteko ordua da», azaldu zuen Lapoublek. Bide horretan, gainera, «Euskal Elkargoa lan tresna on bat» izan daitekeela gaineratu zuen.

Lapoublek gehiago zehaztu zuen: «Lurralde administratiboa eta instituzionala ongi finkatua dauka Euskal Elkargoak eta lurraldearen aitortza hori garrantzitsua da. Zerbitzu publiko handi hori has daiteke konpetentzia batzuen eskumena hartzen, garraioa da adibide biziki on bat, hau da, Elkargoak garraioaren eskumena hartzea edo gutxienez norabide horretan gogoeta bat hastea, hemengo errealitatea kontuan hartuz, Gipuzkoa eta Nafarroarekin harremanetan garela eta abar».

 

Trenak eta hegazkinak

Macronek duela urtebete erreforma ezarri nahi zuela adierazi zuen unetik mobilizazio andana izan da Estatu frantsesean. Atzokoa, sindikatuek deitutako hirugarren mobilizazio indartsua izan zen, baina ez zen izan atzo Ipar Euskal Herrian oihartzuna izan zuen ekimen bakarra.

Biarritzeko aireportuan, esaterako, otsailetik greban ari dira Air Franceko pilotuak, zuzendaritzarekin negoziatzen ari baitira soldaten inguruko hitzarmen bat lortzeko. Hala, atzo Biarrizko aireportuan lur hartu behar zuten edo bertatik aireratu behar ziren hegaldiak (34 guztira) bertan behera geratu ziren.

Bestalde, apirilaz geroztik bost egunetik bi egunez greba egiten duten trenbideetako langileek atzo 20:00etan eman zioten hasiera hogeigarren greba egunari eta goizean Baionako manifestazioan izan ziren. «Zerbitzu publikoak denean eta denentzat», zioen haietako batek, kartel bat seinalatuz.