M. UBIRIA - M. IANTZI
URRUÑA - DONOSTIA

Araba eta Gipuzkoatik Ipar Euskal Herrira mugitu dira ekaitzak

Euskalmetek alerta laranja abisu horiagatik aldatu zuen atzo goizean, zaparradak Ipar Euskal Herrira mugitu baitziren. Bertan uholdeak izan ziren, bereziki Lapurdin. Hiru ordutan 15 egunotan botako lukeen euri kopurua jaso zen Biarritzen. Bihar berriro etor daiteke ekaitza.

Ekaitzez betetako hilabetea izaten ari da uztaila. Igandean, 6.080 tximista zenbatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 17.00etatik 24.00etara. Santiago Gaztelumendi Euskalmet-eko koordinatzaileak GARAri agertu dionez, «ekaitz handiak izan ziren, hego-mendebaldetik ipar-ekialdera, Araba osoan eta Gipuzkoa hegoaldean».

Esplikatu duenez, zenbat eta euri gehiago, haize ufada handiagoak eta kazkabar gehiago, orduan eta indartsuagoak dira ekaitzak. Horrez gain, zenbat eta aparatu elektriko gehiago, okerragoak dira. Faktore horiek batu ziren igandean. Eta, adibidez, goizaldean egitekoak ziren Ehunmilak bertan behera utzi eta 900 mendi lasterkari Beasainera jaitsi zituzten.

Alerta laranja aktibatu zuten, baina atzo goizean abisu horiarekin aldatu zuten, euriteak Ipar Euskal Herrira mugitu zirelako.

Arazo franko Lapurdin

Eurite azkarra izan zen bertan. Goizaldeko hirurak aldera hasi zen ekaitzak uholdeak eragin zituen, bereziki Lapurdin. Hiru ordutan 15 egunean botako lukeen euri kopurua jaso zen Biarritzen. Goizaldeko euri jasan, 4.00etatik 7.00etara, 70 mm neurtu zituzten. Meteo France-ren arabera, 86 mm bildu ziren sei ordutan Baionan.

Horren ondorioz, Biarrizko Negresse auzoan garaje eta saltokietan sartu zen ura, eta A63 autobidea moztu egin behar izan zuten Ondresetik Biarritz-Bidarte irteeraraino. Lapurdi eta Gipuzkoa arteko trafikoa ez zen guztiz normalizatu goiz erdira arte. Baionan euriak traba handiak eragin zituen, St Frederic-eko industrialdean eta baita Santespiritu auzoan ere. Saltegi handietako aparkaleku eta biltegiak ere urak hartu zituen.

Pirinio Atlantikoetako prefeturak atzo eguerdian egin zuen behin-behineko bilanaren arabera, suhiltzaileek 369 irteera egin zituzten; gehienak (263) Angeluko eskualdean. Suhiltzaileek autoan harrapatuak ziren gidariak askatzeko lan handia egin zuten. Hartara, bere autoan ez atzera eta ez aurrera gelditu zen 86 urteko emazte bat onik atera zuten Arbonan.

Euriteen eragina bereziki azkarra izan zen Uztaritzen eta Ezpeletako eskualdean. Ezpeletako kanpinean une zailak bizi izan zituzten. Zorionez, nehor ez zen zauritu. Alta hamabi bat autok kalte handiak izan zituzten. Bide sare nagusian baina bereziki bide ttipietan igarotzea biziki zaila izan zen goizeko lehenengo orduetan. Garraio publikoa lehenetsi zutenek ez zuten xantza hobea ukan. Izan ere, Hendaia eta Baiona arteko tren zerbitzua eten egin behar izan zuten 6.00etatik 9.30era. Horrez gain, Pirinio Atlantikoetako departamenduan 7.000 etxebizitza argindarrik gabe geratu ziren. Zerbitzua bere onera etorri zen orduak aurrera joan ahala.

Hiru lurraldeetan alerta laranja piztua izan zen atzo ordu biak arte. Hortik aurrera euriak menia eman zuen eta gauzak emeki-emeki bere onera itzuli ziren. Ondoko orduetan, bereziki itsasgora aintzat hartuta, ibaien inguruko bideak saihesteko gomendioa eman zuen prefeturak.

Euskalmeten arabera, ipar ukituko haizea ibiliko da aste honetan eta prezipitazio arinak izanen dira. Gaurko ez da ekaitzik espero, baina bihar arratsalde-gauean eta ostegunean adi egon beharko dugu. Ohi baino tenperatura baxuagoak izaten ari garela azaldu du Gaztelumendik (4 gradu gutxiago) eta denbora errealeko jarraipena egiteko Euskalmeten Twitter kontua erabiltzeko aholkatu du.