Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

Latok I mendiak goi mailako bi jarduera jaso ditu

Sokada errusiar batek zazpimilakoaren ipar ertza lehen aldiz igo du. Eta hirukote batek mendiaren bigarren igoera sinatu du.

Gasherbrum IV mendiak bezala, Latok I mendiak (7.145 m, Karakorum) ezohiko bisitari kopuru handia izan du. Eta azken kasu horretan, gainera, izaten ari da; izan ere, beste talde batek oraindik zazpimilako horren magaletan jarraitzen du. G IV-n ez bezala, Latok I mendian berri historikoak jazo dira. Alde batetik, Sergey Glazunovek eta Alexander Gukovek osatutako sokadak lehen aldiz ipar ertza lortu du. Berez, hori dio Gukovek. Glazunovek, berriz, tontorrera iritsi zirela baieztatu zuen. Bi aipamen hauek argitzeko, esan behar dugu benetako gailurra edo ipar ertzaren tontorra sinatu eta gero, jaitsieran Glazunov rappel batean istripua izanda zendu zela. Gukovek, bestalde, menditik jaisteko tresneriarik gabe geratu ostean, zazpi egun 6.250 metrora egin zuen. Zorionez, erreskate talde batek menditik onik atera zuen.

Bestetik, Luka Strazar eta Ales Cesen esloveniarrek eta Tom Livingston britainiarrak zazpimilakoaren tontorra erdietsi zuten; bigarren aldia da hori lortzen dela. Alabaina, hirukote horrek ez zuen aukerarik izan ipar ertza oso-osorik eskalatzeko. Bide horren hiru-laurdenak igo ondoren, eskuinera jo eta hego isurialdetik heldu zen helburura.

Irakurtzen den bezala, Latok I mendiaren ipar aurpegian, hain zuzen, haren ertz estetikoan, goi mailako bi jarduera egin berri dira. Zazpimilakoak orain arte soilik igoera bat izan du; duela 40 urte espedizio japoniar batek lortua. Ordutik, ipar horma eta aipatutako ertza makina bat talde zailduen erronka izan dira. Eta saio bikainak egin badira ere, iragan uztailera arte, modu batera edo bestera, sari preziatu hori ez da lortu.

Honi guztiari, gainera, ika-mikaren tartea gehitu behar diogu. Hain zuzen ere, Livingstonek hitz gogorrak izan ditu talde errusiarraren aurka: estilo jarrera kritikatu du, gailur nagusia edo ipar ertza eskalatu zutela ezbaian jarri du… Jakina, alpinista britainiarraren hitzek erantzuna izan dute; zehazki esanda, Gukoven aldetik erantzuna.

Hau guztia esan eta gero, bi espedizio hauek lortu dutenaren eta bide batez izan den polemikaren berri emango dugu. Errusiarren espedizioari dagokionez, aurreratu behar dugu Glazunovekin eta Gukovekin batera beste taldekide batzuek jardun zutela. Aukeratutako bidean lanean izan zirenen artean honako hauek egon dira: Victor Koval, Konstantin Markevich, Sasha Paryonov… Gauza da ipar ertza eskalatzen amaitu zutenak Glazunov eta Gukov izan direla. Lehenbizikoa zendu zenez, bigarrena izan da argibideak eman dituena. Bere taldekide batzuek bezala, Gukovek ere izozteak jasan zituen: «Sendagileak hanka bateko bi hatzetako izozteekin larrituta zeuden, baina lan bikaina egin dute eta ez didate ezer moztu behar izan».

Beste taldekide batzuk ipar ertzetik erretiratu ondoren, uztailaren 13an, Glazunovek eta Gukovek xedea borobiltzeko lehen urratsa egin zuten: «Eguraldiari dagokionez, jakin bagenekien egun onak eta txarrak izango genituela. Eta hala izan. Alabaina, ia guztiak ondo baino hobeto aprobetxatzeko aukera izan genuen. Eguraldi gaiztoak atseden hartzeko beta eman zigun. Kanpaleku nagusian aztertutakoa ondo ateratzen ari zen. Hots, eskalada bide onetik zihoan. Gailurra lortzeko eta, zergatik ez, ondoren jaitsiera guztia egiteko, hamar egun beharko genituela aurreikusi genuen. Hiru egun jarraian eskalatu ondoren, beste egun erdi bat tresneria eta arropa lehortzen igaro genuen. Horretan ginela, tresneria zati bat eta janaria (bi egunetarako) han uztea erabaki genuen. Beraz, hurrengo bost egunetarako janaria eraman genuen, jakin bagenekielako biltegian utzitakoa jaitsieran jasotzeko aukera izango genuela. Uste dut erabaki horrekin asmatu genuela. Lau egun eskalatzen jardun ondoren, 6.800 metrora dagoen serac erraldoi batera heldu ginen. Sasoiz ondo geunden, eta indartsu ere bai. Jakina, azken egunetan nekatuta geunden, baina lasai asko aitor dezaket ez genuela une kritikorik bizi. Horregatik guztiagatik aurrera jarraitzeko erabakia hartu eta 23an ipar ertzaren amaierara heldu ginen».

Gukovek onartu du tontorra lortzeko ez zutela neurriz kanpoko erabakirik hartu. 6.800 metrora zirela, eguraldi gaiztoarengatik, bi egun atseden hartzen igaro zuten: «Ez genuen inolako presiorik. Kontua da ertzaren azken 250 metroak teknikoki zailenak direla, eta tarte hori gainditu ahal izateko, eguraldi ona behar genuen. Ipar ertzaren puntu gorenera heltzeko komeriak eta bi igaro genituen; ikuspen gutxiko orduak izan ziren. 14.40ean nire GPSak 6.980 metrora geundela aipatzen zuen. Baina bateria agortu zen. Arratsaldeko lauretan neure buruari esan nion tontorra egiteko berandu gindoazela. Eguraldiak okerrera egin zuen, eta hiru ordu beranduago Sergeyk adierazi zidan mendiaren gailurrean geundela. Une horretan irudi batzuk hartu nituen; grabatuta dago. Baina nik esan nion esan zidana ez zela batere errealista. Behin etxean ohartu naiz ipar ertzaren tontorra erdietsi genuela, eta ez Latok I mendiaren gailurra».

Alabaina, arestian aurreratu dugun bezala, Gukovek emandako azalpen hori ezbaian jarri dute. Errusiarrak, berriz, honakoa erantzun du: «Kontua da gailur egunerako bibaka egiteko tresneriarik ez genuela eraman. Akatsa izan zen. Eraman izan bagenu, ziur naiz biharamunean Latok I mendiaren gailurra edo ipar ertzaren tontorra lortu izan genuen baieztatzeko aukera izango genuela. Eskaladaren azken metroetan Sergey sokaburu joan zen. Lepo batera iritsi zen, arroka erraldoi bat eta elurrezko perretxiko bat aurrez aurre zituen. Ni hamar metro beherago nengoen. Grabatzen hasi nintzen eta galdetu nion non ote geunden. Sergeyk esan zidan mendiaren gailurrean geundela, hortik gora ez zegoela ezer ez; inguruan soilik elurrezko perretxiko batzuk. Tontorra zela ondorioztatu ondoren, jaitsierari ekin genion. Berak hori dio, baina uste dut ipar ertzaren tontorra erdietsi genuela».

Amaiera gordina

Lehen edo bigarren sari horrekin, denbora galdu gabe, bi errusiarrak jaisten hasi ziren. Aipatu dugu Glazunovek rappel batean istripua izan eta zendu egin zela: «Berez, ez dakit zer gertatu zen. Ez nuen istripu hori ikusi. Abalakov pilo bat egin genituen. Horietako batean Sergeyk nire aurretik rappelatu zuen. Ondoren, pareta batera heldu ginen. Sergey aurretik zihoan, eta nik beste soka batekin aseguratu nuen. Ez dakit zer pasa zen, eta, beraz, argibide gehiago ezin ditut eman».

Une jakin horretan, Gukov bakarrik zegoen. Zoritxarrez, bere kabuz jaitsierarekin jarraitzeko behar adina tresneriarik ez zuen. 6.250 metrora zegoen; ez aurrera ez atzera. Azkenean, erreskate talde bat martxan jarri zen: «Rappelak egiteko materiala bibakean genuen. Ez nuen deus ez: pare bat soka, iltze bat eta torloju bat. Eta 1.700 metroko amildegia. Han geratzeko erabakia hartu nuen. Denera, zazpi egun eta sei gau erlaitz txiki-txiki batean igaro nituen. Denda bat nuen, baina makilarik ez. Zorionez, handik onik atera ninduten».

Muturreko egoera hori igaro eta gero, Gukovek baieztatu du Latok I mendiaren ipar ertzarekin izan duen eskarmentua amaitutzat ematen duela: «Iaz saiatu nintzen, eta aurten ipar ertza eskalatzea lortu dut. Ez naiz berriro itzuliko. Kide bati hitzeman nion ez nintzela berriro saiatuko. Eta hala egingo dut. Azken 40 urteotan xede hori goi mailako makina bat alpinistaren ametsa izan da. Nire lehen bisitan erabat harrapatuta geratu nintzen. Ederra da oso, eta eskalatzeko ertz perfektua da. Hori bai, ez da batere adiskidetsua eta era berean oso aldakorra da. Ipar ertza oso-osorik eskalatu dut eta ia han geratu naiz. Bitxia bada ere, beste ‘sari’ bat jaso nuen; hain zuzen ere, zendu berri den Jef Lowe eta enparauen materialarekin egin genuen topo. Besteak beste, bizkar-zaku bat, iltzeak eta torlojuak».

Azkenik, Livingstonek errusiar estiloaren inguruan adierazitakoak argitu nahi izan ditu Gukovek. Besteak beste, britainiarrak dio errusiarrek beren burua gehiegi presionatu (batez ere Glazunov presionatu zuela) eta neurriz kanpoko erabakiak hartu zituztela: «Lehenik eta behin esan behar dut Sergey eta biok ez genuela inoiz elkarrekin eskalatu. 26 urteko gazte bat da, eta bere anaiarekin makina bat eskalada era arinean zein azkarrean egin dituzte. Errusian lehen mailan zeuden. Ni eskola zaharrekoa naiz, eta espedizio estiloan maiz eskalatu dut. Baina, inolako zalantzarik gabe, estilo alpinoa nahiago dut. Ez dut uste Tomek dioen bezala arriskuari errespetu gutxi diodanik. Badakit noiz jarraitu eta jaitsi behar dudan. Horrela ez balitz, hilik nengoke. 22 urteko eskarmentua dut. Jakina, alpinista guztiek bezala arrakasta nahi dudala, baina edozein preziotan ez. Bestetik, eraman genuen erritmoari buruz dio oso-oso mantsoa izan zela. Gure bosgarren eskalada egunean, Sergeyk eta biok ipar ertzetik jarraitu genuen. Puntu horretan Livingston, Ales Cesen eta Luka Strazar-ek eskuinera jo zuten, Latok I eta II mendien artean dagoen lepora. Uste dut puntu hori 6.300 metrora dagoela, eta ez 6.500 metrora. Den-denek dakite puntu horretatik aurrera ertz hori teknikoki zailagoa dela. Orduan bai, erritmoa mantsotu genuen».

Bigarrenak

Bai, Livingston, Strazar eta Cesen bigarrenak izan dira Latok I mendiaren gailurra erdietsi dutenak. Lehenak Naoki Takadak zuzendutako espedizio japoniar bateko alpinista batzuk izan ziren. 1979. urtea zen. Baina aurrekoek ez bezala, japoniarrek beste bide eta aurpegi bat aukeratu zuten. Benetako jakin-mina izan duen isuria iparra izan da; lerrootako protagonista guztiek aukera zutena. Bitxia bada ere, 1978. urtean Jim Donini, Michael Kennedy, George Lowe eta Jeff Lowe estatubatuarrak ipar ertz ikusgarri horretan saiatu ziren. 26 eguneko lana egin eta gero eta gailurretik 150 metrora zirela, atzera egin zuten. Haien hitzetan aurrean muturreko eskalada zutelako. Gainera, Jeff Lowe ondoezik zegoen. Ordutik, mundu osoko makina bat goi mailako alpinistak eta taldek ipar ertz horretan jardun dute. Baina, aurreratu dugun bezala, errusiarrak lehenak izan dira.

Bi esloveniarrek eta britainiarrak ere helburu hori jomugan zuten. Ertz horretan pare bat aldiz girora egokitu ostean, abuztuaren 5ean azken saioari ekin zioten. 6.500 metrora zirela (Gukovek dio beherago zeudela), eskuinera jo eta mendebaldeko lepora (6.700 m) heldu ziren; Latok I eta II mendien artean dagoen lepora. Ondoren, hego isurialdera abiatu ziren eta handik tontorrera. Bi eguneko jaitsieraren ostean, abuztuaren 11n, kanpaleku nagusira heldu ziren.

Lehen berriek zioten, hirukote hori ipar ertza oso-osorik eskalatu eta handik tontorrera abiatu zela. Baina egun batzuetara Livingstonek honako azalpenak eman zituen: «Ertzaren bi herenak eskalatu ondoren, aipatutako lepora jo, ondoren hego isurialdera eta gailurra erdietsi genuen. Glazunoven heriotzak eta Gukoven erreskateak geure lehenbiziko asmoak aldatzera behartu gintuzten. Ez genuen arrisku handirik hartu nahi garaiera horretan; batez ere, ertzaren goialdean. Ageriko bide bat jarraitu genuen, eta abuztuaren 9an tontorra zapaldu genuen. Hori egiten bigarrenak izan gara. Zazpi eguneko jarduera izan zen: bost egun eskalatzen eta beste bi jaisten. Zailtasunari dagokionez, uste dugu ED+ dela».

Aipatu behar da Livingstonek lehen aldia zuela Karakorumen, Cesenen laugarren bidaia zen eta bigarrena Strazarrentzat. Azken honek adierazi du Latok I mendiaren ipar ertza ez zela bere benetako helburua: «Pakistanera itzuli nahi nuen; izan ere, nire azken eskarmentua erabat ona izan zen. Ipar ertza oso-oso luze eta nahasia da. Baina ez gintuen ezustean harrapatu. Estilo arinean eskalatu genuen, eta horrek erabat bete nau».

Xede horren inguruan, bestalde, Livingstonek honako hau azaldu nahi izan du: «Ni beti prest nago helburu erakargarriei ekiteko. Hirurok ala hirurok argi genuen ipar ertz hori, Choktoi glaziarretik, igo nahi genuela. Geure bigarren helburua ertz hori oso-osorik edo zati handi bat estilo arinean eskalatzea zen. Estilo garbia eta alpinoan astebeteko jardunean. Eta lortu egin dugu. Eskalatutako bideari dagokionez, aurreratu behar dut zailtasunean iraunkorra dela. Ez oso zaila. Eskalada atsegina izan zen, eta hirurok oso gustura gaude bide horretan oso azkar eskalatu genuelako. Ensamblean asko eskalatu genuen; jakina, luzeak ere egin genituen. Bide alpinoa denez, baldintza ezberdinekin egin genuen topo. Nire lehen aldia zen Karakorumeko mendi garai batean, baina uste dut baldintza nahiko egokiak izan genituela. Ziur aski azken 40 urteotan mendiaren baldintzak aldatu dira. Josh Wharton eta Thomas Huber han izan dira. Ez dakit zenbat aldiz, baina diote baldintzak asko aldatu direla. Ez ninduke harrituko klima aldaketak bide horretan eragina izan duela aditzeak. Izotza oso gogorra zen, eta arroka nahiko garbia. Uste dut aurten baldintzekin zorte handia izan dugula. Aurreratu dudan bezala, nire lehen eskarmentua zen mendi garai batean. Kanadan zein Alaskan asko eskalatu dut, bide tekniko oso zailak egin ditut… baina garaierarekin ez nekien nola moldatuko nintzen. Gainera, ipar ertz hori eskalatu nahi izan dutenen historiak entzuteak pixka bat ‘beldurtzen’ ninduen. Lehen lerroko alpinistak saiatu dira. Guk zergatik izan behar genuen arrakasta? Finean, zorte handia izan dugu. Hala uste dut, bederen. Errusiarrek diote ipar ertzaren gailurra erdietsi dutela. Ondo da. Orain argi dut laster batean inor ertz horretatik tontorrera helduko dela».

Amaitzeko, lerrootako hasieran aipatu dugunez, beste talde bat Latok I mendian dago. Goi mailako hiru alpinista dira: Rainer Treppte, Simon Gietl eta Thomas Huber. Haien asmoak ez dituzte zehaztu; hots, ez dakigu ze isurialdetan ari diren eskalatzen.