Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

Lupghar Sar West mendia lehen aldiz bakarka igo dute

Protagonista Hansjorg Auer austriarra izan da. 7.181 metroko garaiera duen mendi hori mendebal aurpegitik eskalatu zuen; hori egitenlehena izan da. Jarduera osoa egin ahal izateko bi egun soilik behar izan zituen. Teknikoki ez dela eskalada zaila izan esan du Auerrek.

Iragan uztailaren 7an, Hansjorg Auer-ek beste mugarri bat gainditu zuen bere ibilbidean. Pakistango Karakorumen dagoen Lupghar Sar West (7.181 ) igo zuen; mendi horren bakarkako lehen igoera izan da. Gainera, mendebaldeko aurpegitik egin den lehen eskalada izan da.

Orrion jarraitzaileek jakin badakizue Auer bakarkako jardueretan espezialista handia dela. Agian, oraindik buruan bueltaka darabilgun estilo horretako azken jarduera Alex Honnold-ena dugu; Yosemiteko Kapitainen sinatu zuena, alegia. Baina gogoratu behar dugu hamaika urte lehenago austriarrak Marmoladako hego isurian (Dolomitak) dagoen “Attraverso el Pesce” bidea (7b+, 850 m) bakarka igo zuela. Horri gehitu behar diogu, Honnoldek ez bezala, Auer-ek harkaitzean zein alpinismoan era horretako igoerak egiten dituela. Eta azkena, gainera, garaiera handiko mendi batean: Lupghar Sar West-en.

Estilo horretan lehen esperientzia zuen, eta, esan bezala, sari potoloena eskuratu du. Zazpimilakoa oso azkar eskalatu zuen. Uztailaren 6an irten zen kanpaleku nagusitik, eta 6.200 metroko garaieran bibaka egin zuen. Biharamunean, berriz, goizeko bostetan irten eta sei ordu eta erdiko eskaladaren ondoren, tontorra jo zuen. Arratsaldeko zortzietarako kanpaleku nagusian zen.

Hara iritsi bezain laster, honakoa adierazi zuen: «Primerako igoera izan da, baina, era berean, oso intentsoa».

Aipatu dugu protagonista hau bakarkako eskaladetan espezialista bikaina dela, eta iragan uztailera arte ez zuela garaiera handiko mendi batean jardun. Honen inguruan austriarrak honako hau esan digu: «2013. urtean Kunyang Chhish East mendia (7.400 m) eskalatu genuenetik, neure buruari galdera hori behin eta berriro egin diot. Une egokienaren zain egon naiz, eta aurten iritsi da. Eta onartu behar dut oso gustura jardun dudala. Jakina, taldekideekin eskalatzea arras ezberdina da. Askoz ere kontzentratuago behar duzu jardun. Eta nire kasuan indartsuago sentitu naiz. Oro har, ez da hain emozionala. Baina emozionala jartzen denean, askoz ere intentsoagoa da; besteak beste, bakarrik zaudelako eta egoera zuk soilik kudeatu behar duzulako».

Auerrek azaldu du Kunyang Chhish mendia igo zuenetik, xede hori buruan zuela. Orain dela bost urte, Simon Anthamatten eta Matthias anaiarekin igo zuen, eta Hunza haranean dauden mendiak aztertu ondoren, Lupghar Sar West bere zerrendan apuntatu zuen: «Ibar horrekin erabat maitemindu nintzen. Nahiz eta emaitza ez lortu, bisita oso gutxi dituzten mendietara joatea gustatzen zait. Egoera horrek jarduera askoz ere zirraragarriagoa izatea lortzen du. Duela bi urte joatekotan izan nintzen, baina helburu hori atzeratu nuen bakarkako jarduera egin nahi nuelako. Eta, ikusten den bezala, aurten izan da. Mendebaldeko aurpegia aukeratu nuen, besteak beste, ez delako oso garaia. 1.000 eta 1.500 metroko horma da. Gainera, ez zirudien oso nahasia; hots, eskalada zuzena zirudien. Horrekin esan nahi dut nire helburu nagusia ez zela teknikoki eskalada zail bat egitea, baizik eta bakarrik egon eta jardutea. Estilo horretan garaieran eskalatzea oso arriskutsua da; konpromisoa biderkatzen da. Buruari are gehiago eragiten diozu. Horrekin esan nahi dut une txar bat edo zalantzak dituzunean, alboan ez duzula inor babesa jasotzeko edo harekin erabakiak hartzeko. Dena zeuk behar duzu egin».

Ezustekoa

Lerrootako protagonistak egoera oso bitxi bat bizi izan zuen. Hurbilketa bidea egiten ari zirela, zamaketari batek petate edo bizkar-zaku handi bat galdu zuen: «Espedizioa hasi baino lehen ia amaitu zen. Makina bat espedizio egin ditut, eta neure buruari esaten nion horietako batean kanpaleku nagusira iritsi baino lehen tresneria galduko nuela. Zorionez, garrantzi handiko materialik ez nuen galdu. Eta garrantzitsuena honakoa izan zen: petatea galdu nuela baina zamaketaria onik irten zela».

Azkenean, Auer oinarrizko kanpalekura heldu zen. Eguraldi kaskarra egiten zuen eta ezin izan zuen Lupghar Sar mendia ikusi. Gauean, berriz, zer edo zer argitu eta Ultra Sar mendia ikusteko aukera izan zuen: «Ikaragarri ederra da. Mendi horren edertasunarekin harrapatuta nengoela, ondoan nuen kide pakistandar batek zera esan zidan: ‘Haranaren beste aldetik ikusten denak ere ahoa bete hortz utziko zaitu’. Eta arrazoi zuen. Minutu batzuk beranduago Lupghar Sar mendia ikusi nuen. Denbora galdu gabe girora egokitzen hasi nintzen. Bakarrik egitea oso-oso aspergarria da. Eta, gainera, eguraldi gaiztoa izan nuen. Zorionez, eskalada on bat aurkitu nuen, eta horrek motibatu ninduen. Esan behar dut, inoiz ez bezala, indartsu sentitu nintzela».

Aklimatazio fasea bukatu bezain laster, Auerren hurrengo urratsa bide egokiena aukeratzea izan zen. Zalantzak izan zituen: «Lehenik eta behin, mendiaren oinarrira iristeko bide samurrena bilatu behar nuen. Baltbar glaziarraren goialdea oso basatia da, baina azkenean pentsatzen nuena baino atseginagoa izan zen. Igoko nuen aurpegia zein izango zen argi zegoen, baina eskalatutako bideari buruz bi aukera nituen. Nire barneko ahotsari entzun nion; mendiarekin oso sentsazio onak nituen».

Nahiz eta eguraldia ez zen batere ona, haizeteengatik, alpinista honek mendia igotzeko lehen urratsa egin zuen: «Kanpalekutik irten nintzenean elurra ari zuen. Lehen eskalada eguna ondo joan zen. 6.200 metrora bibaka egin nuen, lehena eta bakarra. Zalantzak nituen; hots, ez nekien gai izango nintzen aurrean nuenari aurre egiteko. Zailtasun teknikoei ez nien beldur; bakarka jarduteari, ordea, bai. Une horretan Dolomitetan zein Alpeetan eginiko bakarkako jarduerekin gogoratu nintzen, eta horrek lagundu zidan».

Biharamunean irudi beldurgarria zuen ertza zuen aurrean. Alabaina, aurrera jarraitzea erabaki zuen: «Ipar-mendebaldeko ertzera, 6.900 metrora, heldu nintzen. Aurretik eskalatutakoa nahiko erraza izan zen: 50°-55°-ko aldatsak. Ertzera iritsi eta tresneria guztia utzi nuen han. Arrokaren kalitatea oso txarra zen, eta ertzaren erdira iritsi nintzenean, ohartu nintzen soka deposito horretan uztea erabaki txarra izan zela. Eskalada ez zen batere zaila: M3 eta M4 gradukoa. Baina 7.000 metroko garaieran nengoen, eta hori asko nabaritzen da. Gailurraren erlaitza ikusi nuenean, nire eskalada oso sendo sentitu nuen. Arrokazko sekzioa bukatu bezain laster, elurrezko bi zelai igo nituen. Elurra oso sakona zen; une beldurgarriak igaro nituen».

Tontorrera iritsi eta han ordu erdia egin zuen. Jaitsierari buruz honako hau adierazi du: «Ez nintzen muturreko egoera batera heldu, baina leher eginda nengoen. Elurrezko zubi bat hautsi zenean, 15 metroko erorikoa izan nuen; susto txiki bat izan zen. Tresneria utzi nuen lekura iritsi nintzen, eta kanpalekurako bidea hartu nuen. Amaiera bikaina izan zen».