Andoni ARABAOLAZA
ALPEAK

Eiger-eko «Odysee» eskalatu dute Jacopo Larcher eta Barbara Zangerlek

Protagonistek 1.400 metro eta 8a+ zailtasuna duen bide hori era askean igo ahal izateko lau egun behar izan zituzten. Baldintza kaskarretan jardun zuten.

Eiger-eko ipar horman dagoen Rote Fluh izeneko sekzioan zailtasun handiko bideak daude: “Paciencia”, “La vida es silbar”, “Odysee”... Marra horiek lehen lerroko eskalatzaileak erakartzen dituzte, eta azkenak Jacopo Larcher eta Barbara Zangerl izan dira. Iragan udan, sokada honek “Odysee” aukeratu zuen. Marra horri duela hiru urte puntu gorria jarri zioten Roger Schali, Robert Jasper eta Simon Gietl-ek. Denera, 1.400 metro eta 8a+ zailtasuna.

Bada, Larcher eta Zangerlek bidearen historian pasarte garrantzitsu bat idatzi dute orain; izan ere, “Odysee” marra era askean errepikatu dute. Hori lortzeko lau eguneko lan eskerga egin behar izan zuten. Aipatu behar da behin marran sartuta ez zirela paretatik jaitsi. Horretaz gain, gehitu behar da biek ala biek luze guztiak librean eta sokaburu eskalatu zituztela.

Larcher eta Zangerlek argi utzi dute izaera horretako jardunetarako sokada biribila osatzen dutela. Era askean eskalatzen diren hormatzarrekin harrapatuta daude, eta, jakina, Eigerreko ipar horman helburu bat aukeratzea ez zaie batere zaila egin. Hori azpimarratu du behintzat Zangerlek: «Horma horrek Europako alpinismoaren historian garrantzi berezia izan du. Ipar hormaren ospeak bat baino gehiago beldurtu du, baina, era berean, hainbat belaunalditako eskalatzaileak erakarri ditu. Eta guk ez diogu muzin egin nahi izan hitzordu berezi horri».

Abuztuan bero izan zuten, baita ekaitzak ere. Azken eite hori saihestu ahal izateko, egun bateko eskaladen aldeko apustua egin zuten. Eta “beroketa” horietan “Deep blue sea” eta “Magic Mushroom” igo zituzten.

Lau egun

Baina aipatu dugun bezala, benetako erronka “Odysee” zen. Jakin bazekiten, marra hori egun bateko jardunean eskalatzea ezinezkoa zela. Jakin bazekiten, bidearen baldintzak ez zirela egokienak. Alabaina, saiatu beharra zuten: «Ipar hormaren sekzio horretako kareharriaren kalitatearekin ezustekoa hartu genuen: bikaina baino bikainagoa da. ‘Odysee’ beste kontu bat da. 33 luze ditu, eta Rote Fluh sekzioan dagoen marrarik zailena da. Bidearen zailtasun teknikoak ikusita, hainbat eguneko jarduera aurreikusi genuen. Jakin bagenekien zailtasun horiek gainditzeko denbora behar genuela. Eta hala izan zen».

Gradu gogor horretaz gain, protagonistok ekaitzei eta paretaren baldintza bustiei aurre egin behar izan zieten. Lehen eskalada egunean bidearen giltzara heldu ziren: «8a+ zailtasuneko luzeak ez zigun buruhauste handirik eragin. Luze motza da, eta blokeko pausoak ditu. Rapelatu eta hamakan bibaka egin genuen. Bigarren eguna askoz ere intentsoagoa izan zen. 7c+ gradura arte luze asko eskalatu genituen. Horietako asko oso bustita zeuden, eta hauek gainditzeko gogor borrokatu behar izan genuen. Txekiarren bibakean bigarren gaua igaro genuen».

Protagonistok erritmo ona zeramaten, eta hirugarren egunean bidea amaitzeko zorian egon ziren: «100 metrora geratu ginen, baina pozik geunden zailtasun tekniko garrantzitsuenak mendean hartu genituelako. Egun horretan, adibidez, 8a zailtasuna gainditzeko gai izan ginen. Lanak amaituta, bibakera rapelatu genuen».

Biharamunean, “Odysee” amaitu eta marraren oinarrira jaitsi ziren: «Ez genuen aukerarik izan luze guztiak bistan egiteko. Baten batek bi saio eskatu zizkigun. Baina pozarren gaude, Eigerreko ipar horman dagoen bide zailena eskalatu dugulako».