GARA
HEERI KIROLAK

Euskal Herriko azken sokatira tiraldiak jokoan igandean, Laukizen

Euskal Herriko lauko sokatira tiraldietako azken jardunaldia igandean izango da Laukizen, 11.30ean. Emakumeak 260 kilotan neurtuko dira: Beti-Gazte Lesakakoa, Badaiotz A eta B, Txantrea, Ibarra eta Gaztedi Laukizkoa. Gizonezkoak, berriz, 300 kilotan neurtuko dira eta partaideak Ibarra, Begi-Gazte, Txantrea, Gaztedi, Ñapurrak (Lapurdi) eta Berriozar dira. Emakume zein gizonezkoetan faborito garbirik ez dago.

Igandean, 12.00etan, Urrezko Aizkolarien Kopako azken-aurreko ekitaldia jokatuko dute Otxandion Iñaki Azurmendik eta Eneko Otañok. Lana aski dotorea da, 14 kana-erdiko bakoitzarentzat. Irabazleak, Asteasun, hilaren 31n jokatuko den finalean, Arria V.a eta Mikel Larrañaga izango ditu itxaroten.

Harri-jasotzaileen Gabonetako Kopan, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Iñigo Eizagirre Eiza neurtuko dira. Hiru harri mota desberdin erabiliko dituzte, 100 kilokoak, zilindro zaharra, kubikoa eta borobila. Asteasuko finalerako Xabier Peña sailkatuta dago, 85 jasoaldi eginda. Sailkapenean bigarren, Inhar Urruzuno (84 jasoaldia) izan da, eta gero, Goikoetxe (81).

Bestalde, Virginia Finol eta Estibaliz Cidad izango dira lanean Ingude Altxatze Kopan, 10 kiloko ingudea 1:30ean nork gehiagotan jasotzen duen ikusteko.

Bihar, 22.00etan Abadiñon, Garagartza elkarteak, Goieta tabernak eta Zornotza Anaiakek Euskal Herriko idi dema finala jokatuko dute.