Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

Ezin uler daiteke

Adi entzun ditu Anek bere lagun Julenek Gabonetatik bueltan kontatu dizkion denak. Eskolara itzultzeak badu xarma hori, oporretan bizi izandakoak abentura bilakatzen dira lagunekin partekatzen direnean eta horretan eman dute lehen klase eguna. Biek dauzkate kontu kontari ibiltzeko arrazoiak, biak egon dira egunotan sendiekin eta bientzat dira bereziak familiarteko une horiek.

Julenek bere arreba nagusiarekin egindako barreak aipatu ditu eta penatuta dagoela dagoeneko joan egin delako eta akaso uda partera arte ez delako berriz berarekin egongo. Berlinen bizi omen da Julenen arreba orain hiru urte, han topatu zuen lana eta geroztik gutxi ikusten dute elkar, baina Gabonetan ez du sekula hutsik egiten. Horretarako baitaude Gabonak. Zertarako bestela? Etxetik urrun dauden horiek itzul daitezen, egun batzuez gutxienez, eta hargatik zaila egiten zaio Juleni ulertzea Anek bere ama ikusi ahal izateko kanpora joan behar izatea. Ezin uler dezake hemen patinatzeko eta barre-algaraka ibiltzeko erabiltzen den izotz beraren erruz lekutan den gasolindegi batean Anek gaua pasa behar izatea.

Ezin uler daiteke jada Julenek dioena, txalo zaparradak besterik ez baitira entzuten. Jendez gainezka daude kaleak, eta akaso, une batez, lekutan den ziegara iritsiko dira txaloak eta izotz pista bateko algarak entzungo ditu Aneren amak.