Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Seaskaren 50. urteurrena ospatuko da maiatzaren 12an Herri Urratsen

«Herri Urrats 2019, LK» goiburua du maiatzaren 12an Senperen egingo den aurtengo edizioak. Seaskaren sorreraren 50. urteurrenarekin bat egingo du gainera, eta horregatik, «urtero xinaurri lana egiten duten kideei gure esker ona adierazteko baliatu nahi» dutela adierazi zuen atzo Paxkal Indo Seaskako lehendakariak, Baionan.

Beñat Bidegain Herri Urratseko koordinatzaileak azaldu zuenez, «aurtengo irabaziak Estitxu Robles kolegioko lanak eta Bernat Etxepare lizeoko handitze lanak ordaintzeko erabiliko dira».

Eleka eta bertsoa

Aurtengo leloaren nondik norakoak ere argitu zituzten. «LK, ahoskatuta, ‘eleka’ esaten da; mintzatzea esan nahi du, eta hala euskararen erabilerak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu», argitu zuen Emile Negueloua Herri Urratseko antolatzaileak.

Aurtengo abestia Maddalen Arzallus (hitzak) eta En Tol Sarmiento taldeak (musika) egin dute. Bestalde, urtarrilaren 25ean sagardotegia izango da Astigarragako Zapiain sagardotegian, eta otsailaren 10ean, Euskal Herriko bertsolarien txapelketako finalistak Senpereko Larreko gelan batuko dira «Bectso saioa» eskaintzeko.

Antolatzaileak baikor agertu ziren, ikasle kopurua gora doalako. Datorren urtean 4.000 ikasleko muga gaindituko dute, baina Hezkuntza Ministerioarekin oraindik ez dutela hitzarmenik lortu oroitarazi zuten, eta, ondorioz, «Herri Urratseko irekiera ekitaldi ofiziala ez dakigu nola iraganen den», abisatu zuen Paxkal Indok.