Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Hodei beltzak

Gure memoriaren artxiboetan edo hemeroteka zuri-beltzetan begiratu bat ematea nahikoa da GARAri bizkarreratu nahi dioten zorraren nondik norakoak ulertzeko. Oso garai gogorrak bizi izan ziren “Egin”-en itxiera bortitz eta kalkulatu harekin. Atxiloketak, epaiketak eta espetxe zigor luzeak etorri baitziren segidan. Kolpe gogorra izan zen herriaren bizitzeko eta sentitzeko erari, herria begiratzeko, herria ulertzeko moduari. Ez zena denen gustukoa, batez ere Espainiako estatu-aparatuei otzan-otzan lotuta zeuden Lakuako agintarientzat, baina errealitate poliedrikoarentzat ezinbestekoa zen ikuspuntu mediatikoa ekartzen zion proiektu bat desegin zuten.

Egin dezagun ariketa mental azkar bat. Eraso judizial eta politiko haren gidoia aspalditik zegoen idatzia. Garzon epailea erasoaren exekutatzailea izan zen, baina orduko Lakuako gobernuak ere bere xaxatzaileak zituen, ahoan bizarrik gabe erakusten baitzuten hatz akusatzailea. Oraindik ere buruan iltzatua daramagu Atutxaren hura: «‘Egin’ amosalez egindako bonba txiki bat da». Edota Ardanzarena: «‘Egin’-en desagertzea mesedegarria litzateke demokraziaren onerako». Edo orduko Espainiako presidente Aznarrena ere: «Ez ginela ausartuko uste al zuen norbaitek?».

Mina egin eta gero mundu guztia burugabekeria izan zela onartzen hasia zen; Auzitegi Gorenak aitortu zuen ez zela bidezkoa izan “Egin” ixtea, Luis Ansonek berak zioen demokrazian ezin zela egunkaririk itxi, hori diktaduretan bakarrik gertatzen dela. Adierazpen askatasuna zafratua izan zen. Eta orduko zauritik dator azken kolpea. Berriro ere «ondorengotza ideologikoa» bezalako «dena da ETA» juridiko baten aitzakiapean GARA ekonomikoi ito nahi dute, GARAren ahotsa isilarazi nahi dute, herri honen zati garrantzitsu baten ahotsa isiltzeko asmoz. Hodei beltzak ageri dira berriro ortzimugan.

Demokrazia diote gero, baina GARA orduko esku beltz berarekin ito nahirik demokrazia bera kolpatzen dute ezinbestean.