Maddi TXINTXURRETA
Donostia

Demokrazian sakontzeko, burujabetzaren beharra aldarrikatu du LABek

Sindikalgintza abertzaleak «ziklo politiko berrian» duen egitekoari buruz hausnartu du LABek. Eredu sozial eta politikoa aldatzeko egungo marko politikoa gainditzea beharrezkotzat jotzen du.

ELA eta LAB sindikatuek Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren alde egindako adierazpen bateratuaren 25. urtemugaren karietara, aurrera begira eta «ziklo politiko berria» deitu zioten honetan, sindikalgintza abertzaleak dituen erronkak aurkeztu zituzten LABeko ordezkariek atzo, sindikatuak Donostian duen egoitzan emandako prentsaurrekoan.

Zentraleko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk garbi esan zuen: «Demokratikoa ez den estatu baten parte gara». Estatu espainolarekiko mendekotasunaz ari zen, zeina, bere ustez, «inboluzio antidemokratiko» batean sartuta dagoen. Horregatik, eta testuingurua kontuan izanda, sindikalgintza abertzaleak marko politiko propioaren alde egin behar duela adierazi zuen: «Egun indarrean dagoen EAEko Autonomia Estatutua eta Nafarroako Foru Hobekuntza gainditzeko erabakiak hartu behar ditugu». Demokratizazioan pausoak emateko jarrera agertu zuen, eta hori, ezinbestean, «subiranotasunari» lotuta dagoela esan. Marko politiko propioak, gainera, «lan-harremanetarako eta babes sozialerako esparrua eraiki behar izatea» ahalbidetu beharko luke, eta «ahalmen legegile osoa bermatu behar du enpleguan eta babes sozialean».

Ziklo politiko berria, Aranbururen hitzetan, hainbat faktorek ordezkatzen dute. Batetik, Estatu espainoleko eskuin muturraren gorakadak. Bestalde, «Pedro Sanchezen Gobernuak –azaldu zuen– erakutsi du ez duela borondate politikorik azken urteetako erreforma eta murrizketak atzera botatzeko».

Azkenik, egunotan Madrilen egiten ari diren «independentisten aurkako epaiketa» aipatu zuen. Aipatu faktoreek sindikalgintza abertzalea «interpelatzen» dutela esan zuen: «Gure ustez, ezinbestekoa da aldaketa politiko batera eramango gaituen prozesu bat bultzatzea».

ELArekin harremanak

Aranburuk ez zuen ELA aipatu, baina 2017an sindikatu bien artean adostutako aldaketa sozialerako aldebakarreko burujabetza prozesuaren adierazpena gogora ekarri zuen, eta baietsi, LABentzat indarrean mantentzen den adierazpen sindikala dela. Badirudi, beraz, ELArekin elkarlana berreskuratzeko prest dagoela LAB.

Elkarlana, 1994an egin zuten gisara, Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldeko adierazpen bateratua egin zutenean. «Mugarri» gisa definitu zuten LABeko ordezkariek, eta Igor Arroyo bozeramaileak azaldu zuen zergatik. Batez ere, garai hartan gaurko ere baliagarriak diren hiru parametro finkatu zirelako. Lehenik, «modu definitiboan Euskal Herriko marko propio bat sortzen da, Euskal sindikalgintza modu independentean eratzen da».

Bigarrenik, «sindikalgintza agente soziopolitiko bezala eratzen da, eta gaitasuna hartzen du egoera sozial eta politikoaren aurrean eragiteko. Ez soilik enpresetan, baita jendarte ereduaren antolakuntzan ere».

Eta hirugarrenik, «euskal sindikalgintzan adostasun bat lortzen da langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko dauden oztopo nagusiak identifikatzerakoan». Oztopo horiek, Arroyok zehaztu zuenez, «patronalaren neurrira egindako eredu sozial bat» eta Euskal Herriak Espainiarekiko duen menpekotasuna ziren.

Aurrerapen horiek guztiak testuinguru politiko eta sozial jakin baten abaroan lortu ziren. 1992tik 1999rako aldia aipatu zuen Arroyok. Garai horretan, PSOEren Gobernuak egindako lan-erreformaren aurrean, Euskal Herrian lehen aldiz erantzun sindikal propioa ematea erabaki zen. Estatu espainolean lau orduko lanuzteak egin zituzten bitartean, 24 orduko greba orokorra deitu zen Hego Euskal Herrian. 94an Lan Harremanetarako hitzarmena adostu zen, eta 99an, 35 orduko lan-astearen eta gizarte soldataren aldeko greba orokor berriak egin ziren.

Bestalde, otsailaren 19an Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldarrikapen bateratuaren urteurrena izaki, egungo egoera sozial eta politikoan sindikalgintzak eta eragile sozialek duten ardurari buruz hausnartzeko LABek antolatutako jardunaldiak aurkeztu zituen Jagoba Zulueta prestakuntza idazkariak. Asteartean izango dira Donostiako Kursaalen, “Hemen erabaki” lemapean.