Maider IANTZI
IRUN

«Irungo emakumeak plazara!» paseo historikoa egin dute ikasleekin batera

«Irungo emakumeak plazara!» dokumentala aurkeztu zuen Parean Elkarteak otsailean, eta atzo izen bereko paseo historikoa egin zuen hirian barna, bost emakume esanguratsu eta bi kolektibo ezagutarazteko.

Vicenta Olazabal, Dolores Salis, Menchu Gal, Julia Iruretagoyena eta Leire Landa irundarren izenak ezagunagoak izanen dira aurrerantzean, Parean Elkartearen “Irungo emakumeak plazara!” izeneko dokumentalari eta paseo historikoari esker. Otsailaren 21ean estreinatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irungo Udalaren laguntzaz ekoiztutako filma, Oiasso Museoan, eta jendea kanpoan gelditu zenez, bertze bi emanaldi egin zituzten Amaia Antzokian. Aurki sarean jarriko dute edonorentzat ikusgai.

Hurrengo pausoa atzoko paseo historikoa izan zen, Merche Tranche historialariak gidatua. San Juan plazatik abiatu eta Leon Iruretagoyena kaletik Beraun etxera joan ziren. Handik Dunboako zubira eta Gal futbol zelaira. Ondotik, Urdanibia plazako Menchu Gal Museoa bisitatu eta Larretxipi kalean bukatu zuten itzulia.

Bertan, 1800. urtetik gaur arte zeresana eman duten hiriko bost emakumeren eta bi kolektiboren historia kontatu zuten. Parean Elkarteko kideek GARAri azaldu ziotenez, dokumentala eman aitzinetik Irungo ikastetxe publiko guztietan izan ziren. Bakoitzak emakume bat aukeratu du eta lanketa bat egiten ari da. Ikastetxeetako ordezkaritza batek ere parte hartu zuen paseoan eta egindako lanak ekarri zituen: bertsoak, muralak...

Parean Elkartea Irungo Bilgune Feministan ibilitako hiru lagunek osatu dute. «Generoa ardatz hartuta lan egiten dugu, baita etorkinekin, adinekoekin eta erdigunean ez dauden kolektiboekin ere. Euren ongizatearen alde. Orain diagnostiko bat egiten ari gara zaintza lanetan ari diren etorkinen inguruan, etorkizunean beren egoera kudeatu ahalko lukeen kooperatiba bat sortze bidean. Gipuzkoa mailan helduentzat Cohousing eredua aztertzen ari dira zaintzarako eta hor ere bagaude».

Lau kale-izenetatik 11ra

Irungo 350 kale baino gehiagotatik bik soilik zituzten emakume izenak eta bertze bik emakumeekin zerikusia zuten kolektiboenak. «Merche Trancherekin batera Irungo artxiboan sartu ginen. Berak lagundu zigun eta hamar izeneko proposamen bat egin genuen. Udalean zeuden alderdi guztiengana joan ginen proposamen horrekin. Hamar urteotan lau kale- izen izatetik 11 izatera pasatzea lortu dugu».

Plakak jarri arren, inor gutxik ezagutzen zituen emakume horiek, ordea. Eta hortik jaio zen dokumentala, «hurrengo belaunaldientzat erakargarria».

Menchu Gal margolaria zen, Dolores Salis eskultorea eta idazlea, Julia Iruretagoyena feminista (lan handia egin zuen emakumeek ikasteko eskubidea izateko), eta Leire Landa futbolari handia da. Pospologileena kolektibo hagitz borrokalaria izan da eta mandatugileak neska hagitz gazteak dira, burgesen eskariak betez Irundik Donostiaraino oinez enkarguak egitera joaten zirenak, bakarrik, gauez, Irunen 13 farola zeuden garaian.