GARA
PASAIA

Euskarari bultzada berria emateko konpromisoak

21. Korrikako antolatzaileek «Aro berriari, klika» ekimena aurkeztu zuten atzo. Pasaiako Albaola kultur faktorian eginiko ekitaldian 30 bat erakundek euskararen normalizazioari bultzada berria emateko konpromiso multzoa izenpetu zuten. Gainera, eragile bakoitzak bere eremuari loturiko asmo zehatzak gehitu zizkion «kontratu orokorrari».

Iazko azaroaren 7an egin zuten AEK-ko arduradunek 21. Korrikaren aurkezpena eta orduan luzatu zuten «aktibazio garaian» sartzeko gonbita. Atzo, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian eginiko ekitaldiaren bidez “Aro berriari, klika” konpromiso sorta aurkeztu zuten.

Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo Korrika arduradunak irakurri zuten euskararen normalizazioa azkartzeko kontratu berri horren hitzaurrean nabarmentzen da euskalgintzak elkarlan esparru berriak zabaldu dituela. Era berean, euskarak konpromiso kolektiboen beharra duela jasotzen du agiriak.

Hartara, Euskaraldiak izan zuen arrakasta nabarmendu zuten hitzarmen berriaren sustatzaileek atzoko ekitaldian, baina ohartarazi zutenez, «normalizazioa ez da etorriko soilik norbanakoon konpromisoetatik, baizik eta normalizazioaren ikuspegi hori gizartearen atal guztietan modu transbertsalean txertatuta». Mugikak eta Amondok gaineratu zutenez, «orain da unea hizkuntza politika integrala abiatzeko eta garatzeko».

Dagoeneko 30 bat eragilek onartu dute “Aro berriari, klika” konpromiso bilduma eta gehienek parte hartu zuten sinadura ekimenean. Akordioen sinatzaileen artean daude ELA, CCOO, LAB eta Steilas sindikatuak eta EAJ eta EH Bildu alderdiak.

Deustuko Unibertsitatea, UPV-EHU, UEU, eta Mondragon Unibertsitatea ere atxiki zaizkio konpromisoari, baita hezkuntza alorreko beste hainbat eragile ere, hala nola Ehige, Sortzen, Euskal Herriko Ikastolen Elkartea eta Biga Bai.

Erakundeen sostengua

Ildo beretik, Udalbiltzak eta Gasteizko zein Nafarroako parlamentuek izenpetu dute euskararen aldeko konpromiso sorta. Erakunde eremuan jarraikiz, Emakundek eta Etxepare Institutuak bere egin dute euskararen normalizazioa azkartzeko engaiamendu bilduma.

Euskararen alde elkarlanean jarduteko asmoa agertu dute, finean, hainbat gizarte eragilek. Horien artean Etxerat, Euskadiko Gazte Kontseilua, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Garabide, Erkide, Ongi Etorri Errefuxiatuak-Iruñea Harrera Hiria, Euskal Moneta, Hik Hasi eta Save the children elkartea agertzen dira. Izan ere, www.korrika.eus-en bidez aukera zabalik dago atzo aurkeztu zen konpromisoari babesa emateko.