Idoia ERASO
BAIONA
Interview
MIZEL JORAJURIA
EUSKALTZALEEN BILTZARREKO KIDEA

«Marijane Minaberriri omenaldia egin nahi genion bere obra bilduz»

Ipar Euskal Herriko idazleen lana ezagutarazten du urtero Euskaltzaleen Biltzarrak. Oraingoan «Marijane Minaberriren meategitik» liburua argitaratu du, idazle eta Euskaltzaindiko urgazle zenaren obrak bilduz. Oskorrik Euskal Herrian zehar ezagutarazi zuen, «Marijane kanta zan» obrarekin.

Nor izan zen Marijane Minaberri idazlea?

Euskaltzaindiko urgazlea zen, eta egin zituen anitz ipuin haurrentzat, kantu batzuk Manex Pagolak musikaz hornitu zituenak, antzerki txikiak, poemak... Orain, Helene Dolarreren marrazkiz hornituta, liburu batean argitaratu dugu.

Gero, Oskorrik ere egin zuen “Marijane kanta zan”. Berak ikusi zuelarik erran zuen ez zuela sekula horrelako ikusgarririk behatu. Oskorrik bere gisan musikatu zituen haren hitzak, eta Kukubiltxo taldearekin antzeztuta, Euskal Herri guztian zehar ibili zen. Baina Marijane ez zen sekula menturatu kantatzen, Natxo de Felipek deitzen zuen aldiro taula gainera, baina Marijanek ez zuen kantatzen, besteak kantarazten zituen.

Bankarra sortzez, Uztaritzen bizi izan zen gehienbat. Hendaiako Haize Garbia elkartearentzat lan egin zuen. Eskoletarako lanak prestatzen zituen, ipuin batetik abiatuz haurrek euskara ikasteko, ikastolak sortu aitzin Iparraldean. Euskaltzale handia izan zen.

Marijanen obra ezagutarazi nahi duzue?

Hautaketa bat egin dugu zinez, obra handia egina baitu, eta gainera bere lanak barreiatuak ziren. Aterata zituen “Gure herria” aldizkarian, “Herria” astekarian, “Almanaka”-n… Bildu ditugu posible genituen guztiak, ez baititugu denak aurkitu, hala ere. Estitxu Berro senpertarrak sailkatua zuen non ziren obra horiek denak. Marijanen lagun min baten etxean ibili gara, haren lehengo kaierak eskaneatzen, gero berriz idazteko. Lan handia erabili dugu bi urtez.

Testuen artean badira antzerkiak haurrentzat, abereen inguruko ipuin andana bat eta jende helduentzat kondairak, olerkiak edo prosaz eginiko poema batzuk. Hautatu dugu liburu ttikia egitea, kasik sakelan ibiltzekoa.

Zergatik hautatu duzue bera?

Iparraldeko euskara eder batean idazten du. Baxenabartarra zen, baina gero Uztaritzen bizi izan zen eta zendu berria da. Ikusten genuen haren obra barreiatua, gauza batzuk argitaratuak, besteak ez… Bildu nahi genituen, hautaketa bat eginez. Omenaldia egin nahi genion, bere obra liburu batean emanez.

Non eskuratu ahal izanen da.

Lehenik, entseatuko gara gure aldetik saltzen, dirua ttipitzen ari baitzaigu Euskaltzaleen Biltzarraren kutxan, dirulaguntza guti baitugu. Usaian baino liburu gutiago atera dugu, jendeak ez baitu hainbeste euskal liburu erosten. Gero ohiko tokietan izanen da, baita Hego Euskal Herrian ere, Elkar dendetan.