Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Ez guri esan nor garen

Gurera datozenak beso zabalik hartzen ditugunak gara gu. Etxean hartu nahiko genituzkeenei baina iristen uzten ez dietenei ontziak bidaltzen dizkien herrikoak gara. Gure txikitasunetik gauza handiak egiten ditugunak gara eta txikiak garen kontzientziatik xume bezain harro aurkezten gara munduaren aurrean.

Ongi etorriak izan daitezela gu ezagutzera datozen horiek denak. Zatozte ezagutzera munduan bakar izatea egiten gaituen herri txiki honen historia eta gurean bakarra den hizkuntza. Zurean ere aritzen badakigu eta horrela mintzatuko gara zurekin, errespetuz, baina gureari eutsiko diogu, zuon errespeturik gabe bada ere.

«Ongi etorri Gasteiza», esan nien iragan igandean Andra Mari Zuriaren plazan bildutako milaka euskal herritarrei. Euripean, elurpean, hotz edo bero hizkuntza ttipi baten aldeko ekimenik handienean parte hartu duten horiei. Horiek gara gu. Giro baketsu, alaian, hunkituta, pozik eta nekearen nekeagatik aurrera egiten dugun herrikoak. Herri baketsu eta bakezalekoak gara, bizikidetza maite dugun herrikoak, Gares, Gasteiz, Bilbo eta Errenteriakoak eta ongi etorriak izanen zarete guk daukagun errespetu berarekin zatozten denak, baina ez gurera etorri nolakoak izan behar dugun esatera, ez guri esan nortzuk garen, guk ondo baitakigu zer garen eta zer izan nahi dugun.