Amaia U. LASAGABASTER

EIBARREN, ESKUBALOI ZALETASUNAK ONDO BIZIRIK JARRAITZEN DU

Hamar urte bete berri dira Arratek lehen eta azkenengo aldiz Europan jokatu zuenetik. Handik bi urtera, klub historikoa desagertu egin zen. Baina egun gutxitan, zale talde batek lekukoa hartu eta Eibar Eskubaloia sortu zuen, gaur egun 300 jokalarirekin lan egiten duen kluba.

Sei hamarkada luzetan zehar egindako ibilbideari esker, Juventud Deportiva Arrate klub historiko bilakatu zen, Eibarren, Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren izena eskubaloiaren elitera eramanez. Krisiak, zoritxarrez, gogor jo zuen eta pilatutako zorrek itota eta erakundeen laguntza barik, 2011n bere historiaren amaierara heldu zen.

Historia luzea, izen ospetsuek idatzitako kapituluz beteta. Jose Mari Pagoaga, Alexandru Buligan, Eli eta Patri Pinedo, Jordi Ribera, Ramon Aristi, Ivo Diaz, Jorge Dueñas..., kamiseta zuri-urdina jantzita edo taldea aulkitik zuzenduta, Arrateren izena defendatu zuten agertoki garrantzitsuenetan. Europara ere heldu ziren eibartarrak. Arrate Amaña emakumeen taldea lehenbizi, orduan ere diru faltak ametsa sastatu bazuen ere; Julian Ruizek zuzendutako gizonen taldea ondoren. Hamar urte bete dira aurten Arratek lehen, eta azkenengo, aldiz EHF Kopa jokatu zuenetik. Kolubara Lazarevac eta Arhus indartsua gainditu ondoren, CAIren aurka amaitu zuen bidaia, txapelketaren final-laurdenetan. Une goxoak, zisnearen kantua. Handik bi urtera desagertu zen kluba.

Eskubaloiaren sugarra, baina, ez zen itzali hirian. Arrateren desagerpena ofizial egin bezain laster, bere harrobi oparoko jokalarien guraso talde batek, klub berria sortu zuen, Eibar Eskubaloia. Hasiera guztiek planteatzen dituzten zailtasunei aurre egin eta denboraldia hamar talderekin hastea lortu zuten, klub historikoak nahi gabe utzitako lekukoa indarrez harrapatuz.

Zortzi urte pasa dira ausart haiek urratsa egitera animatu zirenetik. Eta euren erabakiari eta lanari esker, eskubaloiak bizirik dirau Eibarren. Gaur egungo zuzendaritzak iaz eman zion aurreko lantaldeari erreleboa, eta hamalau talde eta eskubaloi eskolan 300 jokalarirekin lan egiten duen entitatea gidatzen du, 270 bazkide dituena.

Buruan, urte askotan Arrateko jokalari eta entrenatzailea izandako Gaizka Bilbao. Eibar Eskubaloiko lehen urratsetan ere egon zen, «baina entrenatzaile bezala bakarrik. Guraso talde batek hartu zuen ardura eta eurek egin zuten dena, burokrazia, antolakuntza, eraketa... Arrateko harrobian geunden entrenatzaile batzuk ere gehitu ginen, baina kirol arloan bakarrik». Bulegoko lana baino askoz gehiago gustatzen zaio Bilbaori kantxa gainean egiten dena, baina «proiektu hau aurrera eramateko lan asko egin behar da, eguneroko lana. Eta laguntza puntuala emateko boluntarioak aurkitzea errazagoa da, baina eguneroko konpromisoa... beste kontu bat da», onartzen du.

Klubaren gizon talde seniorra 1. Nazionalean lehiatzen da; neskena, bere aldetik, Territorialean. Erreferentziazko talde edo kirolari baten faltan, ez da erraza zaletasuna mantentzea, baina «zorionez Eibarren badago, beti egon da eta ez da galdu; futbolak duen indarra edukita ere, hor jarraitzen du. Beharbada erraz jokatzeko moduko kirola delako; baloia hartu, atera bota... edozeinek egin dezake, eta entrenatuz eta lan eginez gero, ez da batera zaila erdi maila batera heltzea. Eta, dudarik ez, nik uste dut oso garrantzitsua izan zela Arrate desagertu eta berehala klub berria sortzea, aurretik zegoen zaletasunari eta eskubaloian jokatzen zuten gaztetxo eta ume gazteei, aurrera jarraitzeko aukera emanez. Oso kudeaketa ona egin zuten, lan asko egin zuten gogoz, eta kluba handitzen eta sendotzen joan da hasieratik». Ekonomikoki ere, normalean buruhauste handienak sortzen dituen arloa, egoera ona da. «Egonkortasun minimo bat badaukagu. Eta ez da erraza, talde txiki bakoitzak dirua behar du, fitxak, aseguruak... Zorionez bazkideak hor daude, sponsorrak ere gehituz joan dira, erakundeen laguntza... Dena da beharrezkoa, hanka batek huts egingo balu, ezinezkoa litzateke aurrera egitea. Gehiago ere ezin da exijitu, herrian eta gure inguruan talde asko baitago gure maila berdinean. Baina gestioa ona izan da orain arte eta horrek egoera on batera ekarri gaitu».

Apaltasunak ezinbesteko ezaugarria izan behar du, beraz. Baina horrek ez du zertan epeldu hazteko gogoa. Zalantza litzateke ze hazkunde mota da Eibar Eskubaloiak nahi duena? «Argi dago oso polita dela taldeak ahalik eta maila gorenean egotea. Eta horrela zaletasuna ere indartzen da, harrobiko jokalariei irtenbide bat eta erreferenteak eskainiz. Baina horretarako fitxaketak behar izaten dira, gaitasun ekonomiko handiagoa... Eta gu ez gara talde bat, klub bat baizik, talde askok, jokalari askok, ume eta gazte askok osatutako kluba. Baina alde biak dira garrantzitsuak eta ez dute zertan izan baztertzaileak».

Edozein kasutan, lehentasuna kluba indartzea da, familia handi bat bilakatzea. «Eibar Eskubaloia herrikoa eta herriarentzat izatea nahi dugu. Sekulako zortea dugu, ume pila batek jokatzen duelako eskubaloian. Eta jokatzeaz gain, gozatu, disfrutatu, eskubaloia bizi dezaten nahi dugu. Kluba sentitu, klub kohesionatuagoa izateko, hori baita, lan gogorrarekin batera, aurrera jarraitzeko eta gorantz igotzeko bidea».