Iurdan Martitegi Lizaso
Euskal preso politikoa
GAURKOA

Zergatik daukate preso Jesus Santrich gerrillaria?

Isolamenduko 26. ziega da berea. Bogotako segurtasun handiko La Picota espetxean. Leber sindromearen ondorioz duela hamar urtetik itsua izateaz gain, diabetesa du. Hala ere, erabateko bakardadean isolaturik dute. Bi margolari greziarren izena du jaiotzez, Seuxis Paucias Hernandez Solarte, nahiz eta ezagunagoa den gerrillan guda ezizen bezala erabili zuenagatik, Jesus Santrich.

FARC-EP gerrillako Karibe Blokeko komandanteburuetako bat izan zen hiru hamarkadaz, eta Estado Mayor Central-eko kide ere bai. Idazle, musikari, margolari eta historialari ere bada, euskal errealitatea sakonki ezagutzen duelarik. Habanako elkarrizketetan negoziatzaileetako bat izateaz gain, Akordioen idazketan parte hartu zuen. Atlantico-ko departamendutik Kolonbiako kongresukide hautatu zuten. Baina egun hauetan Akordioen arkitekto izan zenak urtebete beteko du isolamenduko ziega batean gatibu. Azal dezagun, labur bada ere, testuingurua:

Habanako Akordioek sustrai sakoneko gatazka politiko bat dute oinarrian. Arrazoi historikoak faktore anitzekoak badira ere, gatazka sozial, politiko eta armatuak lurren eta nekazaritza garapenean du jatorria. 1964an Marquetalia-ko nekazarien aurkako errepresio eta bonbardaketen aurrean altxatu ziren 48 nekazarik eman zioten sorrera FARC-EP insurjentzia talde gerrillariari. Bipartidismo antidemokratikoaren eta elite ekonomikoaren oinpean bizi zirenen gehiengo sozial horren testuinguruan, miseriari eta errepresioari erantzunez sortu zen gerrilla eta mende erdiz nekazari, afro, indigena eta herritar konprometituenei esker elikatu zen.

Bost hamarkadaz, barne guda ireki bat baino ez dute ezagutu kolonbiar belaunaldi guztiek (262.000 hildako, 80.000 desagertu, 10.000 positibo faltsu, 6 milioi barne desplazatu...), unean uneko gobernuaren jarrera belizista edo negoziatzaileago baten arabera. Hiru negoziazio prozesutatik (La Uribe 82-87, Tlaxcala 92, San Vicente del Caguan 99-02) pasa ondoren, insurjentziekiko (FARC-EP, ELN, M-19, EPL, Quintin Lame…) indar korrelazioaren araberako gerra estrategiak garatu ditu estatu kolonbiarrak, asimilaziotik anikilaziora. Mende aldaketaren bueltan FARC-EP gerrillaren hedapenarekin, bai gerrillari aldetik (30.000) bai lurraldeen okupazioagatik (Bogota inguratzeraino), uribismoak AEBen laguntzaz «Plan Colombia» martxan jarri zuen. Helburu nagusia paramilitarismoarekin elkarlanean gerrilla deuseztatzea zen, eta aldi berean xede geopolitiko argia ere bazeukan, AEBei aukera eman baitzion Hego Amerika guztian bere interbentzionismo politiko, ekonomiko zein militarra sustraitzeko (zazpi base militar).

Uribe paramilitarraren erabateko konfrontazioak bilatzen zituen emaitzak lortu ez zituenez, ondorengo Santosen gobernuak ordezkatzen zituen Kolonbiako oligarkia eta enpresari handien hausnarketa eta erabakiz, FARC-EP-ko gerrillariekin bake negoziazioan sartu ziren. Garaipen militarrean etsirik eta berdinketa amaiezin batek beraien klase interesei mesede baino kalte egiten ziela ondorioztatu ondoren.

Habanako Akordioak sinatu eta gutxira, ordea, uribismoa berriro iritsi zen gobernura, Duqueren eskutik. Honek ordezkatzen duen Centro Democratico-aren eskuin mutur parapolitikoak, Akordioak saboteatzea izan du helburu hasiera-hasieratik, gatazkatik eta gatazkarako bizi direlako eta bestetik, Egiaren batzordearen eta JEPen (Jurisdiccion Especial para la Paz) aurrean beren inplikazio kriminala ezkutatzen jarraitu nahi dutelako.

Bi gobernuen Akordio urraketa kontaezinen testuinguruaren aurrean arduradunak gehien seinalatu zituztenen aurkako errepresio makineria abian jarri zuten estatu aparatuek, Ivan Marquez, Oscar Montero, Romaña eta beste batzuk atxilotzeko legez kanpoko eta akordioen aurkako operatibo militarrak burutuz (geroztik «ezkutuan» daude) eta Jesus Santrich akusazio faltsuekin atxilotu eta espetxeratuz. Kolonbiako fiskal goren Nestor Humberto Martinez Neirak, ustelkeria kasu askotan nahastua eta Habanako Akordioen aurkari sutsu ezaguna denak, Santrich jomugan zuen muntaia polizial bat burutu zuen, AEBetako DEA agentziako infiltratuen laguntzaz. AEBetara hamar tona kokaina bidaltzeko salaketa faltsupean, Santrich espetxeratu zuten, estradizioaren zain. Ongi dakiten arren Jesus Santrichen patua Bake Akordioen patuarekin lotua dagoela guztiz, negoziatzaile nagusietako bat izateaz gain, AEBetarako bere estradizioa beste gerrillari guztientzat aurrekari bilakatuko bailitzateke.

Hasieratik, muntaia gezurtatzeko erabakimen osoz eta zin eginez ez dutela bizirik estraditatuko, Santrich gose greba mugagabean egon zen 41 egunez, harik eta bere kausa jurisdikzio ordinariotik JEPera eraman zuten arte. Honek suposatzen zuen JEPek bere kausa aztertu eta frogen baliozkotasunean sar zitekeela, estradizio prozedura arruntean ez bezala. JEPek New Yorkeko epaitegiko (Kolonbian ez dago kausarik) Santrichen aurkako ustezko frogak aztertu ondoren, fiskalak komunikabideen laguntzaz zabaldutako bideo, audio eta froga guztiak ezerezean gelditu dira, AEBetako enbaxadoreak aitortu behar izan zuenez. Ez zegoen kokainarik, ez Sinaloako kartelik (DEAko infiltratuak ziren), ezta Santrichen gaiari buruzko aipamenik grabaturik ere. Geroztik, bere askatasunak Akordioen aldeko eta aurkakoen arteko borroka politikoan katramilaturik dirau, uribismoak gaia JEP deslegitimizatu eta berau aldarazteko erabiltzen duelarik.

Bitartean, JEPen azken erabakiaren zain Santrichek burokrazia judizialean kateaturik segitzen du. Zutik, duin, Kolonbia berri baten ametsaren defendatzaile sutsu bezala eta Bolibarren Aberri Handitik bizirik aterako ez dutela zin eginez. Santrich da egun, ezabatu nahiko luketenentzat, Habanan adostutakoaren memoriaren adierazlea. Honengatik guztiagatik ere, Frantziako kaiola hauetatik AEBetan lurpean kartzelatua duten Simon Trinidaden, Kolonbiako preso politiko guztien eta La Picota-ko 26. ziegako Jesus Santrichen askatasuna nire aldarri bilakatzen dut. Ozeano oso batek urruntzen bagaitu ere, internazionalismoak eta ideal justu batzuek batzen baikaituzte.

*Kurduentzako egun latz bezain eredugarri hauetan ezin aipatu gabe utzi PKK eta PAJK-ko zazpi mila preso politiko burutzen ari diren gose greba mugagabea Öcalanen isolamenduarekin bukatzeko exijituz, AKPren gobernu faxismoa hautsi eta Kurdistanen askatasunaren alde. Historia erresistentziaz idatzia da.