18/05/2019

Ignacia Olaizola, bizitza bat musikari eskainia

Gabriel Olaizola musikaria zen eta giro horretan hezi zituen bere lau alabak. Guztiak musikazaleak ziren arren, Ignaciak ekin zion ibilbide horri eta 14 urterekin abesbatzan kantatzen hasi zenetik, inoiz ez zuen bere jarduna eten. Uztailean 100 urte beteko zituzkeen, baina apirilean hil zen. Eresbilek bere piezak programatu ditu gaur omenaldi gisa.

Nagore BELASTEGI|ERRENTERIA
0518_kul_inazita

Musikasteren 47. edizioa hasi zen atzo. Eresbilek antolatzen duen jaialdi honetan, mendeurrena betetzen duten konpositoreak gogora ekarri ohi dituzte eta aurten, horien artean, Ignacia Olaizola donostiarra sartu dute. Pasa den apirilaren 3an hil zen Gasteizen, 100 urte betetzeko hiru hilabete besterik falta ez zitzaizkionean.

Hala, gaur Errenteriako Andre Mariaren Zeruratzea parrokian 19.00etan izango den kontzertuan entzun ahalko dira “Santo” eta “Pueblos todos” bere konposizioak, mezaren barnean. Testuinguru hau oso aproposa da Olaizolarentzat, erlijiozalea izan baitzen beti. Hala ere, bere ibilbidea beti musikari lotuta egon da, hil arte. Berarekin azken unera arte egon zen Rosa mojak esan zuenez, «beti zegoen musikarekin, gabon kantak konposatzen zituen eta askotan komentuko koroan akatsak ateratzen zizkigun».

Etxean Inazita deitzen zioten, nahiz eta berak nahiago zuen moja egitean hartu zuen izena: Maria Gabriela. Izen hori bere aitaren omenez hautatu zuen, Gabriel Olaizola musikaria. Harengandik ikasi zuen musika, eta oso gaztetan murgildu zen mundu horretan. 14 urte zituela aitak zuzentzen zuen Eusko Abesbatzan hasi zen, baina laster gerra etorri eta Estatu frantsesera ihes egin behar izan zuten. Aita Euskal Herrian gelditu zen, jendeari muga pasatzen laguntzen.

Honek Jose Antonio Agirre lehendakariaren enkargu berezia jaso zuen orduan: erbestean zeuden euskaldunen abesbatza osatzea. Hala, Eresoinka jaio zen, non Ignacia bakarlari gisa aritu zen zenbaitetan. 1941ean etxera itzultzea erabaki zuten, eta San Bizente elizako koruan eta Maitea eta Easo abesbatzetan hasi zen kantatzen. Ondoren, Cuarteto Vocal de San Sebastian osatu zuen soprano gisa beste hiru lagunekin batera.

Bere burua «alai» eta «pailazo» bezala definitzen bazuen ere, «jainkoa beti alboan» izan zuela zioen, eta horregatik abituak hartzea erabaki zuen, Idiazabalen. Komentura sartu aurretik konposatutako lan batzuk gordeta zituen kaxoi batean eta Gasteizen zegoela Sabin Salaberri konpositorearengana jo zuen moldaketak egiteko. Honek, esku artean zituen 22 lanekin proiektu polit bat egin zezakeela esan zion. Ordutik konpositore lanetan aritu zen.