Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Zigor ekonomikoak eskatu ditu fiskalak ahate hazle eta ELB sindikatuko kideentzat

Uztailaren 23an kaleratuko da ahateak hiltzeari uko egin zioten abeltzainen zein horiek sostengatzeko mobilizatu ziren ELBko kideen kontrako epaia. Fiskalak 2.500 euroko isuna eskatzen du bakoitzarentzat.

«Administrazio oztopatzeagatik» 2.000 euroko isuna eskatu zuen prokuradoreak akusatu bakoitzarentzat atzo Baionan egindako epaiketan. Horrez gain, Marc, Florence eta Alain Latailladek zein Michel Berhok 500 euroko isun gehigarria jaso dezakete. Azken horrentzat, «biosegurtasun neurriak hausteagatik», beste 150 euroko lau isun eta enpresa gisa ordaindu beharreko 120 euro ere eskatu zituen fiskaltzak.

Defentsak, ostera, akusatu denen absoluzioa eskatu zuen, «administrazioa ez zutelako oztopatu». Alde guztiak entzun ostean, epaimahaiak datorren uztailaren 23an ezarri zuen azken erabakiaren berri emateko data.

Aurrekariak

Gisa honetako bigarren epaiketa zen atzokoa. Lehena, iazko udazkenean egin zuten, Pauen. Kati Xabalgoiti Barkoxeko hazlea errugabe jo zuten, baina ELB sindikatua 5.000 euroko isuna ordaintzera zigortu zuten.

Atzoko epaiketa, berriz, Baionan egin zen, epaitutako abeltzainen etxaldeak Bidaxune (Nafarroa Beherea) eta Domintxainen (Zuberoa) baitaude, hau da, Lapurdiko hiriburuko auzitegiari dagokion eremuan. Epaitutako gertaerak 2017ko apirilaren 21ean jazo ziren, Herritarren Babeserako Departamenduko zuzendariak ahateak prebentiboki hiltzeko agindua eman zuenean hegazti gripea hedatzeko arriskua tarteko. Lataillade eta Berhoren etxaldeetan, ordea, administrazioaren aginduei aurre egin eta hegaztiak ez hiltzea erabaki zuten. ELBk deituta mobilizazio jendetsuak egin zituzten abeltzainen etxe inguruetan, eta, horri esker, ahateak hiltzea ekidin zuten.

Epaiketa «zentzugabea»

Egindako analisien arabera, haztegiotako ahate gehienak sano zeuden. Gainera, gripearen aztarnak aurkitu zizkieten hegaztiek antigorputzak garatu zituzten. ELBko ordezkarien hitzetan, «eritasuna haztegitik pasatu zen, baina ahateek erresistentziak garatu zituzten». Horregatik kexu ziren abeltzainak, «gainerakoak sendatzeko ahateok aztertu ordez, denak hil nahi baitzituzten».

Duela bi urte administrazio frantsesak emandako agindua zentzuzkoa ez zela iritzi zioten modu berean, bi urte geroago Baionako epaitegiak irekitako bidea ere «zentzugabea» dela iritzi dio ELBk. Ane Marie Mendiburu abokatuak nabarmendu bezala, «garaian, ordena publikoa trabatzea argudiatuta, uler zitekeen prozedura irekitzea, baina zer zentzu du bi urte geroago hazleen kontrako epaiketa egiteak?».