JUAN LUIS MUGERTZA UNANUE

Otegi txapeldun

Kostata, baina azkenean haize irakin eta itsaso guztien aurka aukera izan zuen lehenengo aldiz (erraz esaten da, gero!) bere eremutik kanpo lehiatzeko, alderraia zabaltzeko. Hori bai, begi bistan, bost arerio makur zituen; eta ezkutuan, ejertzito bat alde guztietatik kolpatzeko prest. Halarik ere, irabazi, eta nola, gainera, etengabeko hitz hutsalak alboratuz, ekintzetara pasatuz, eta ezkerrak erabilita, eskuma lotsarazten. Zelako ikuskizuna! Bai, ederra benetan, eta beraiek ere badakite, oso ondo, nahiz eta etxean jokatu partida, eta jubilatzeko aukera (gurean, oraindik, badago jende fina) proposatu. Izan ere, urduri daude, oso, eta normala da: euskal herritarrok ezagutzeko ez dute inolako ahaleginik egiten, eta horrela ezin dute ulertu gurean bestelako ideologia eta baloreak maitatzea, edota lotaldian (Belen Estebanen ezkontza bolo-bolo) duten gizartea esnatu nahi izatea. Gainera, amesgaiztoetan bada ere, batek baino gehiagok lehendakari ikusten du, eta horrek hazkura eragiten die askori. Irudikatzen duzue baldintza antzekoak izanda zer izango zen bai kanpoan, bai «etxean» lehiatzea? Sasoia, unea da sinisteko: zergatik (ez) EH Bildu?