GARA
BAIONA

Baionako MVC elkarteko langileen «depresioaz» ohartarazi du LABek

Baionako Polo Beyris auzoko MVC elkartean lan egiten duten sei langileetatik lau (guziak emazteak) gaixoaldi-bajan dira eta bosgarren batek ere lan auzitegian prozedura hasi du. Akidura eta depresio sintomengatik daude bajan.

Horren aurrean, ekainaren 29an LABek ekintza bat egin zuen elkarteak bere Biltzar Nagusia eginen zuela baliatuz. Argitxu Dufau sindikatu abertzaleko kideak adierazi zuen zuzendari berria dagoenetik, mehatxuak, hitz gogorrak, larderia eta injustizia direla elkarte horretan bizi den giroaren ezaugarri.

«Gure sufrimendu sakona azaldu nahi dugu publikoki, oso loturik garen gure egituraren kudeaketa txarra dela eta», azpimarratu zuen. Langileon arabera, 2018ko martxoan heldu zen zuzendariaren egiteko manerak biziki bortitzak dira. Aldiz, MVC enpresako presidente Jean-Marc Abadieren ustez, zuzendari berria «aski konpetentea» da.

Langile batek izenik eman gabe bere lekukotasuna eman zion Kazeta hedabideari telefono bidez, «eguneroko jardunean ezinegona eta tentsio iraunkorra» bizi dituztela deitoratuz. «Logalea galtzen hasi ginen, lanera heldu aitzin amesgaiztoak eta antsietate krisiak izaten, beldurrarekin... Ez genekien eguna nola pasako zen. Adeitsua izan zitekeen edo tentsio handikoa», kontatu zuen, erantsiz, egituran beti motibaturik eta aski konprometiturik lan egin dutela.

Egoeraren zein punturaino okertu den frogatzeko, langileak jakinarazi zuen kide batek bost lankideen kontrako salaketa jarri duela kalumniazko hitzak erabiltzeagatik. «Ez da elkarrizketarik», dio bajan den langileak. Bere aldetik, Argitxu Dufauk zuzendaritzari bitartekari izateko egindako proposamenak ez duela erantzunik izan azpimarratu zuen.

Polo Beyriseko MVC elkarteko presidenteak dioenez, «etxea giro bikainean ibiltzen da» eta hori defendatzeko, 2018ko urriaren 27an lan ikuskaritzak egindako inkesta batean oinarritzen da presidentea. Dioenez, txostenean bildutako elementuekin ondorioztatzen da ez dagoela jazarpen moralik.