GARA
GASTEIZ

Euskaraldia bi urtean behin egingo dela iragarri du Lakuak

Euskaraldia, eguneroko bizitzan euskararen erabilera bultzatzeko ariketa, bi urtean behin egingo da. Hala jakinarazi zuen atzo Estibalitz Alkorta Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako euskara sustapeneko zuzendariak, Arrate Illaro ekimenaren koordinatzailearekin batera egin zuen aurkezpenean.

Efe-ri egindako adierazpenetan, Alkortak jakinarazi zuen Euskaraldia bi urtetik behin egitea erabaki dutela tokian tokiko batzordeek ekitaldia ongi prestatzeko denbora izan dezaten. Lehenbiziko edizioan, joan den azaro-abenduan, ia 225.000 lagunek eta 200 entitatek parte hartu zuten. Hezkuntza, kirol, kultura zein jendarte arlokoak ziren entitate horiek, eta instituzioek ere babestu zuten ekimena.

Ariguneen sorrera

2020ko Euskaraldiak 15 eguneko ariketa proposatuko du, azaroaren 20tik abenduaren 4ra, Euskal Herri osoan egiteko. Ahobizi eta belarriprestak izango dira berriro protagonista, batez ere azken hauek –figura horri prestigioa ematea da antolatzaileen xedeetako bat–, eta espazio berri batzuk sortuko dira, “arigune” izenekoak, euskaraz aritzeko guneak.

Alkortak azaldu zuenez, beharrezkotzat jo dute gune horiek sortzea, lehenengo edizioan taldeko elkarrizketak bultzatzeko toki falta sumatu baitzuten. Norbanakotik eta bizpahiru lagunen arteko solasaldietatik talde handiagoetara egin nahi dute jauzi.

Hortaz, entitate eta elkarteei ariguneak sortu eta herritarren zerbitzura jartzeko eskatuko diete. «Denda bat izan daiteke edo kirol talde baten, eskola baten edo unibertsitate baten gela bat, edota banku baten bulegoa», agertu zuen Alkortak.

Lehen edizioan entitate mota horiek ekimenari lagundu zioten, baina ez zuten era aktiboan parte hartu. Hori lortu nahi dute datorren urtean egingo den bigarren Euskaraldian.