Andoni ARABAOLAZA
SARIA

Frantziako Urrezko Pioleten lehen irabazleak ezagutarazi dituzte

Munduko jarduera alpinistiko onenak aitortzen dituen sariketak iragarri du Krysztof Wielickik jasoko duela ibilbidearen garaikurra. Horrez gain, «Zerrenda Handiko» 58 hautagaien artean dago Drangnag Ri mendian euskal laukote batek egindako eskalada.

Asiako zein Errusiako Urrezko Pioletak sariketek ez bezala, Frantziakoak nazioarteko izaera du. Zalantzarik gabe, jarduera alpinistiko onenak aitortzen dituen sariketarik entzutetsuena da. Iaz bezala, aurten ere Poloniara eramango dute sariak banatzeko ekitaldia. Hain zuzen ere, ekitaldia Ladekeko Mendi Jaialdian egingo dute. Irailaren 19tik 22ra ospatuko da jaialdia, eta antolatzaileek pare bat berri aurreratu dizkigute jada.

Batetik, ibilbide alpinistikoaren urrezko pioleta jasoko duen protagonistaren izena eman digute: Krysztof Wielicki. Beraz, Poloniako urrezko garaietan mito izan zen alpinistak jasoko du sari preziatua Ladeken. Jakina, poloniarraren ibilbidea ezagutzen duenak ez du erreparorik izango ondo emandako saria dela aitortzeko. Wielickiren curriculuma aztertzea nahikoa da horretarako. Ez gara gehiegi luzatuko, baina, besteak beste, lasai asko esan dezakegu neguko zortzimilakoetan eginiko eskaladengatik lehen lerroan jarri beharreko alpinista dela. “Aitzindaria” dela ere esaten da, eta, horren erakusle, neguan egindako zortzimilako baten lehen igoerako protagonistetako bat izan zen. Hain zuzen ere Everesten izan zen hori, 1980an. Kangchenjunga eta Lhotseren lehen igoerak ere sinatu zituen.

Hori gutxi ez, eta hamalau zortzimilakoen zerrenda amaitzen bosgarren alpinista izan zen. Horrela esanda, badirudi ez dela garrantzitsua. Baina benetan azpimarratzekoa da mendi erraldoiok igotzeko erabili zuen estiloa. Izan ere, neguan espezialista handia izateaz gain, zortzimilakoetan eginiko jarduera askotan estilo alpinoa, eskalada azkarrak eta bakarkakoak indarrean jarri zituen. Jakina, bide berriak ere sortu zituen.

Aurreratu dugu Wielicki Poloniako alpinismoaren urrezko garaiaren protagonistetako bat izan zela. Eta, hain zuzen ere, gai horren inguruan honakoa adierazi du: «Gure belaunaldia ezberdina izan zen, baina horrek ez du esan nahi beste batzuekin alderatuta hobea izan zenik. Garai haietan arrakasta lortzeko gose ikaragarria genuen; izan ere, 1950tik 1964ra bitartean egindako esplorazio bikainak galdu genituen. Polonian Himalaiara joateko ateak zabaldu zirenean, den-denok igo nahi genituen ahalik eta mendi garai gehien. Gainera, jakin bagenekien berrikuntzaren bat edo jarduera bereziren bat egin behar genuela historian sartzeko. Zortzimilako guztiak igota zeuden, eta gure lagun zaharrenek neguko jardueren aldeko apustua egin zuten. Eta orduan historian sartu ginen; pentsa, ‘Izotzaren Gerlariak’ goitizena jarri ziguten. Zergatik hori? Bada, neguan, estilo alpinoan eta bakarka eskalatzen genuelako. Gauza berriak egiten saiatu ginen».

«Big List»

Frantziako Urrezko Pioletak sariketako antolatzaileek eman diguten bigarren berria “Big List” edo “Zerrenda Handia” da. Hots, iaz munduko mendilerroetan egindako jarduera alpinistikoen zerrenda nagusia. Lehen aukeraketa horretan 58 eskalada jaso dituzte, hau da, lehiaketako azken fasean sartu diren 58 hautagai. Eskuarki, sari bat, bi edo hiru ematen dituzte, eta aipamen bereziren bat. Gertatu da saria eman gabe geratzea ere.

Euskal jarduera bat ere hautatu dute “Big List” horretan izateko. Hain zuzen ere, Nepalgo Drangnag Ri mendian (6.757 m) eginiko jarduera baten ondorioz daude lehen aukeraketa horretan lau euskal alpinista: Iñaki Arakistain, Alberto Fernandez, Mikel Zabalza eta Joseba Larrañaga. Laukoteak Drangnag Ri mendiaren hego-mendebaldeko ertza eskalatu eta “Bizipenak” bidea (1.500 m, ED-, AI5) sortu zuen. Jakina, alpinistok jakin badakite sari entzutetsua altxatzerik ez dutela izango. Baina, bederen, zerrenda prestigiotsuan sartzeko aukera izan dute. Kinielak hasi dira jada dantzan. Nortzuk izango dira urrezko pioletak altxatuko dituztenak?