Josune Errandonea
KOLABORAZIOA

Presoen hurbilketa, denon arazoa

Bizitzan gertatzen diren egoera jakin batzuek eraman naute Algecirasen preso dagoen Mikel Arrieta bisitatzera. Aurreko urtean hasi nuen larriki gaixo dagoen Mikelekin harremana, izan ere, nire bi alaben lagun minak dira Mikelen bi iloba. Bere egoeraren berri baneukan; Errenterian bizi naiz eta larriki gaixo dauden herriko bi presoen berri baneukan, baina halako distantzia jakin bat mantenduz. Errenteriarra naiz, euskalduna, baina inoiz ez naiz izan ezker abertzaleko herri mugimendu bateko partaide aktibo.

Mikelekin eskutitz bidez hasitako harremanak eraman ninduen bere egoeraren berri modu kontzienteagoan izatera. Herrian egin zen azken salaketa kontzentrazioan parte hartu nuen, baina distantzia batera kokatuta. Sarek antolatu zuen kontzentrazioa eta eguerdian ETBko “Teleberri” albistegian ikusi nuen prentsaren aurrean hitz egin zutenak ez zirela betikoak. Konkretuki bat Lurdes zen, herriko Magdalena ermitako laguna, Errenteriako elizarekin lotura duena. Alde humanitariotik salatu zuen Mikelen egoera eta bere hurbilketa erregutu.

Momentu horretan erabaki nuen Mikel bisitatzera joatea. Atzo, uztailaren 13an, izan nuen bisita. Bisita zoragarri joan zen; oso polita izan zen. Ondoko lokutorioan herriko beste preso bat zegoen, Eider Perez, eta une oso hunkigarria bizi izan genuen. 40 minutu. Gehiago ez. Baina 40 minutu horiek konpartitzeko 14 orduko bidaia bat egin behar izan nuen. Izugarria. Estatuaren beste alderaino joan nintzen 40 minutu pertsona batekin konpartitzera. Presoen familiak izugarri zaindu eta babesten dituen Etxeratek antolatutako Mirentxin furgonetan joan nintzen, boluntario bezala dabiltzan bi mutil gazterekin; Aitor eta Ibon. Zortzi pertsona joan ginen bi furgonetetan, bakoitza bere errealitatea elkarbanatuz. Ostiralean 18.00etan atera nintzen Donostiatik eta larunbateko 03.30etan itzuli nintzen etxera 40 minutu pertsona batekin konpartitu ondoren.

Bidaiak zure bidaia lagunekin bizipenak konpartitzera eramaten zaitu. Asko lagundu zidan Algecirasera etorri zen beste preso baten osabak, Kermanek; 72 urterekin izugarrizko paliza hartu behar izan zuen iloba 40 minutuz ikusteko. Egoera oso krudela eta bortitza.

Etxetik kanpo pasatako 33 orduek asko pentsatzeko eman zidaten. ETBk emititu zuen “Motxiladun umeak” dokumentala ikusi nuenetik jabetuta nengoen egoera gordin honetaz, baina orain lehen pertsonan bizitzeak egoera salatzera eraman nau.

Ez da ezker abertzalearen kontua, denona baizik. Ehunka pertsona dabiltza asteburuero aurrera eta atzera presoek bisitak izan ditzaten. Zigorra presoarentzat baino familiarentzat da gehiago. Mikelen ama, 85 urterekin, urtean hirutan joaten da Algeciraseraino semea ikustera. Ze zigor mota da hori? Suposatzen da zigorra presoari jartzen zaiola, beraz, zergatik horrelako zigor gehigarri bat joan-etorrian dabiltzan familia, ume, haurrei? Salagarria da eta salatu egin behar dugu, eta ez ezker abertzalearen kontu bat bailitzan soilik. Ezin dugu onartu 1.200 kilometrotara preso dagoen senide bat bisitatzeak horrelako esfortzu ekonomiko, pertsonal, fisiko eta emozionala suposatzea.

Ez nator eskatzera presoak kalera atera ditzaten, nahiz askok jada kondenaren zati handiena beteta izan, baina bai hurbilketa. Presoen hurbilketa Euskal Herri inguruko espetxeetara. Ni ez naiz inor, herritar hutsa soilik, egoera jakin bat salatu nahi duen euskalduna. Baina iruditzen zait zerbait egiten hasi beharko zenuketela karguak dituzuenok. Arazo hau denena da; arazo humanoa da eta presoen familiak sarraski bat jasaten ari dira. Besterik gabe, nire bizipenak konpartitzeko gogoa nuen eta horregatik erabaki dut idaztea, nik baino gehiago egin dezakezuenok kontuan izateko.