Ane URKIRI ANSOLA
AZPEITIA
11/13 makroprozesuko auzipe

«47ak herrian, denak herrian» leloa eta beste sumarioetakoen babesa

Irailaren 14an manifestazioa egingo dute Bilbon 11/13 makroprozesuan auzipeturiko 47 lagunei babesa erakusteko. Atzo egin zuten aurkezpena eta bertan izan ziren euskal eragileen aurkako beste zenbait sumariotan zigortutako euskal herritarrak eta Estatu espainolaren «bortizkeria» pairatu duten kideak. Epaiketa irailaren 16an hasiko da.

Urte luzez jardun dira borondatez lanean Estatu espainolaren jazarpena pairatu duten herritar zein senideekin, errepresaliatuen sufrimendua arintzeko asmoz. Hori da 11/13 makroprozesuan auzipetutako 47 herritarrei leporatzen dietena. Irailaren 16an hasiko da guztien aurkako epaiketa Madrileko Auzitegi Nazionalean. Bi egun lehenago, elkartasun hauspo gisa, Bilbon mobilizazio erraldoia dago iragarrita. Deialdia aspaldi egin zuten, baina atzo egin zuten aurkezpen ofiziala Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.

“47ak herrian, denak herrian” izango da mobilizazioaren aldarria. 11/13 sumarioaren baitan epaituko dituztenak ez ezik, preso eta iheslariak ere etxera itzultzea eskatuko baitute.

Makroprozesuan auzipetutako Haizea Ziluaga eta Imanol Karrerak hartu zuten hitza Azpeitian, 47ei babesa agertzeko bertaratutako 80 kideak alboan zituztela, guztiak ere Estatu espainolaren bortizkeria pairatutakoak edo urteotan «bidelagun» izandakoak. Preso ohiak, torturatuak, senideak, euskal eragileen kontrako prozesuetan auzipetuak, abokatuak, medikuak, psikologoak, Herrira mugimenduko kideak... ziren tartean.

Besteak beste, honako hauek izan ziren Azpeitian: Martxelo Otamendi eta Iñaki Uria (“Egunkaria auzia”); Miren Odriozola (“Udalbiltza auzia”), Oihana Agirre (“Amnistiaren Aldeko Mugimendua auzia”), Carlos Trenor (“18/98 auzia”), Jon Telleria (“Segi auzia”), Ino Galparsoro (“ANV auzia”), Joseba Permach (“Batasuna auzia”), Idoia Ayastui (“EHAK auzia”), Amaia Izko (“11/13 auzia”), Mati Iturralde (medikua), Aitor Ibero (abokatua), Saioa Agirre (torturatua), Tomas Karrera (preso ohia), Mari Angeles Artola (erbesteratu ohia) eta Ramon Oñederra GALen biktimaren senideak.

Auzipetutako 47 herritarrak eskertuta agertu ziren jasotako babesa ikusita. «Eskuetatik joan zaigu, ez genuen hainbeste jende espero», onartu zuen antolatzaileetako batek ekitaldia hasi baino lehenago. Oholtza txiki geratu zitzaien.

Justizia, askatasuna eta bakea

Haizea Ziluaga eta Imanol Karrera auzipetuek hitza hartu zutenean –euskaraz eta gazteleraz hurrenez hurren–, nabarmendu zuten ez dietela uko egingo beraien printzipio eta aldarrikapenei, pertsonekin egin dutelako lan eta pertsonok zein ingurukoek sufritu duten mina «arintzea» izan dutelako helburu. «Onartzen dugu sufrimendua arintzeko hartutako konpromisoa», azpimarratu zuten.

Madrilen jazarpena eta bortizkeria pairatu duten lagunen sufrimendua «erreparatua izatea nahi dugu. Hori izango da berme nagusia gatazka konpontzeko, bakerako eta elkarbizitzarako». Estatu espainolak bide horretan pausoak emango zituela ziurtatu zuen arren, «kontrako norabidea» hartu duela ohartarazi zuten.

Aipatutakoaren froga 11/13 makroprozesua bera dela nabarmendu zuten. Izan ere, errepresioaren eta jazarpenaren ondorioak mahai gainean jarri, gizartea saretu eta mobilizazio «erraldoiak» antolatzeagatik egingo da 47 lagunen aurkako epaiketa. Era berean, etorkizunari ilusioz begiratzen diotela nabarmendu zuten, nahiz eta euren aurkako zigor eskaerak gogorrak izan. Izan ere, 601 kartzela urte eskatzen dizkiete orotara 47 auzipetuei.

Auzipetuek «justizia, askatasuna eta bakea» dute jomuga eta eskubide kolektibo indibidualak errespetatzea dute aldarri, «elkarbizitza eta bakerako». Giza eskubideak, askatasuna eta etorkizuna bermatzen dituen herria aldarrikatzen dute.

Azken hilabeteotan jasotako babes mezu oro eskertu nahi izan zuten auzipetuek eta beraien elkartasuna adierazi zieten jazarritako gainontzeko eragileei: «Presoei, deserriratuei eta senideei; Altsasuko gazteei eta Katalunian jazarriak izaten ari direnei; espetxe arriskuan dauden sindikalista nafarrei; jarraituak eta mehatxatuak izan diren migratzaileei; kolaborazio eskaerekin presionatu dituzten gazteei; azken asteotan jarraipenak eta miaketak salatu dituztenei; G7aren aurkako mobilizazioetan atxilotu dituztenei, 500 laguneko zerrenda beltzean daudenei; jazarpen homofobo eta matxistak jasaten dituztenei... Finean, jazarpena eta injustiziak bizi dituzten guztiei gure babesa eta elkartasuna».

Bilboko manifestazioa jendetsua izatea espero dute. Baina ez da hitzordu bakarra. Irailaren 14ra bitartean ere izango dira 11/13 sumarioko auzipetuei babesa eskaintzeko aukerak.

Antsoainen, elkartasun olatua

Antsoainen, esaterako, elkartasun olatu «sinbolikoa» eratuko dute irailaren 7an. Hiru antsoaindar daude auzipetuak (Imanol Karrera, Jon Garai eta Jaione Carrera) eta egun guztiko egitaraua iragarri dute.

Mahai-inguru bat antolatu dute, baita herri bazkaria eta gaupasa herrikoia ere. Ekitaldiokin dirua biltzea dute helburu epaiketak suposatuko dituen gastuei aurre egiteko.