Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

Denis Urubko bakarka eta bide berri batetik Gasherbrum IIan

Alpinista kazakhstandarrak, «non stop» estiloan, 24 ordu behar izan zituen eskalada hori egiteko. Urubkok ez zuen ez urik, ez irratirik, ezta satelite bidezko telefonorik ere eraman. Igo duen bideari «Honey Moon» deitu dio. Gailurra abuztuaren 1ean zapaldu zuen.

Denis Urubkok handitu egin du zortzimilakoetan duen curriculum itzela. Alpinista kazakhstandarraren (Poloniako eta Errusiako herritartasuna du) azken jarduera azpimarragarria duela hilabete egin zuen. Pipi Cardell bikotekidearekin Karakorumeko mendilerrora bidaiatu zuen. Sokadaren asmo nagusia Gasherbrum IIan (8.035 m) bide berri bat zabaltzea zen.

Hara joan aurretik Urubkok berak iragarri zuen sokadaren helburua: «Zortzimilako batean emakume batek inoiz ez du marra berri bat igo. Eta hori da, beraz, esku artean dugun xede nagusia». Zoritxarrez, kanpaleku nagusira egiten den hurbilketan Cardellek min hartu zuen eta bizkar-zakuan zeraman asmoa bertan behera geratu zen. Egoera ikusita, Cardellek bere bikotekideari esan zion saio bat egin zezala. Egin eta lortu.

Jakina, egun zortzimilakoetan dagoen espezialista zailduenetarikoak baiezko erantzuna eman zion. Joan den uztailaren 31n, 19:30ean, lehen kanpalekutik irten zen. Bakar-bakarrik bide berri bat zabaltzeko asmoarekin. Eta alpinista kazakhstandarraren filosofia ezagututa, estiloari benetako garrantzia emanez. Bakarrik jarduteaz gain, oso arin joan zen. Ez zuen urik eraman; izan ere, horrelako egoeretarako buru-belarri prestatzen da. Eta ikusten den bezala, emaitzak ematen dizkio. Horrez gain, eskalada osoan ez zuen inorekin hartu-emanik izan. Horrekin esan nahi dugu Urubkoren bizkar-zakuan ez zela ez irratirik ezta satelite bidezko telefonorik. Su txikirik ere ez. Lo-zakua eta denda kanpaleku nagusian utzi zituen. Irten eta amaitu gelditu gabe: non stop eran. Finean, estilo arina eta oso-oso garbia.

Hau guztia esan eta gero, esan daiteke sokadaren helburua bete egin dela. Cardellek ez zuen batere aukerarik izan metro bat bera ere egiteko. Baina Urubko hutsune hori betetzeko gai izan da. Ikusitakoak ikusita, Urubko zortzimilakoetan egiten ari den ibilbidea definitu beharko bagenu, bada izenondoen zerrenda txiki geratuko litzaiguke.

Datu objektiboei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu kazakhstandarrak zortzimilakoetan zazpi lehen igoera dituela jada. Guztiak ala guztiak historikoak dira: Broad Peak, Manaslu, Makalu, Cho Oyu, Lhotse eta Gasherbrum (bi aldiz). Horietako bi jarduera bakarka egin ditu, eta beste bi zortzimilako neguan sinatu ditu.

Ez gara luzatuko idatzita zein dokumentatuta dauden igoera horien inguruan, berriena Urubkok Gasherbrum IIan non stop eran egin duen eskalada baita. Lehenik eta behin, gogoratu behar da girora egokitzeko zortzimilako hori ohiko bidetik igo zuela. Igoera horretan ikusi zutenek diote ia-ia jolasean igo zuela mendia. Tontorra uztailaren 18an lortu zuen. Beraz, hamabost eguneko tartean, alpinista honek Gasherbrum II mendia bitan igo zuen. Hori egiten lehen alpinista da.

“D eguna” iragan uztailaren azken egunean hasi zen. Lerrootako protagonista lehen kanpalekuan zegoen. Arratsaldeko zazpiak ziren handik irten zenean. Lehen artesi sakona (6.050 m) zeharkatu ondoren, 7.100 metrora dagoen goi-ordoki izoztura heldu zen. Jakina, atsedenik hartu gabe. Egunsentia zen. Puntu zehatz horretatik zortzimilakoaren hirugarren kanpalekua ondo ikusten da.

Serac erraldoi bat gainditu eta 7.500 metrora zegoela, azken metro berriak egiteko pronto zegoen. Arratsalde horretan gailurrera eramaten duen piramidean sartu zen. Gailurra, berriz, 20:40an zapaldu zuen. 24 ordu, beraz, “Honey Moon” bidea bakarka, non stop eran eta oso estilo garbian igo ahal izateko.

Jaitsiera, bestalde, bide normaletik egin zuen. Luze egin zitzaion, besteak beste, ikusmen txarra eta eguraldi kaskarra izan zituelako. Datu argi bat: 2001ean lau ordu behar izan zituen gailurretik lehen kanpalekura jaisteko. “Honey Moon” eskalatu ondoren, 18 ordu behar izan zituen. Kanpaleku horretan hiru lagun zituen. Glaziarraren egoera arriskutsua zenez, haiekin soka gerrira lotu eta segurtasunarekin kanpaleku nagusira iritsi zen.

Arestian aipatu dugu Urubkoren bizkar-zakua oso arina zela; ia pisurik ez zuen. Bada, kazetari askok galdetu diote zer tresneria eraman zuen: «Pare bat piolet, izotzerako torloju batzuk, 4 milimetroko 20 metroko soka bat, eskiko bastoi bat, kopetako-argia eta gel batzuk».

Eskaladan izan zituen baldintzen inguruan, alpinista kazakhstandarrak azaldu du ez zirela batere samurrak izan: «Mendiaren goialdean haizearen indarra izugarria zen. Onartu behar dut haize horrek nire jarduera baldintzatu zuela; izan ere, gailurrera ia itsu heldu nintzen. Jaitsiera ere ez zen batere lasaia izan. 7.400 metrora nintzela geldialdi luze bat egin behar izan nuen. Nahiz eta pare bat aste lehenago bide beretik jaitsi nintzen, ez nekien ziur non nengoen. Hori dela eta, atseden hartzeko denbora hartu eta egunsentiarekin jaisten jarraitu nuen. ‘Honey Moon’ bideari buruz gehitu nahiko nuke, tontorrera daraman piramidean zuzen-zuzen jarraitu nuela. Ez nuen nahi aurretik zabaldu ziren marrekin eta aldaerekin lotzea».

Urubkok igoera horren argibide edo informazio gehiago ez du eman. Baina estiloari buruz galdetzean, orduan bai, orduan luze eta zabal mintzatzen da: «Bakarkako igoerotan garrantzitsuena da askatasun handia duzula. Erabaki guztiak zuk zeuk hartu behar dituzu. Eta, beraz, ardura guztiak zure gainean daude. Uste dut hori guztia bakarkako alpinismoaren giltza dela. Zortzimilako guztiak ohiko bideetatik igotzen direnean egitarau geografiko eta kultural bihurtzen dira. Mendi horiek bide normaletatik eta estilo normalarekin igotzen badituzu, kirol anbizioak alde batera uzten dituzu; ez dute kutxa horretan lekurik. Nire ibilbide guztian bide berriek garrantzia handia izan dute; anbizio horren isla izan dira».

Urubkok betidanik argi utzi du lehen lerroan egoteko egin gabe dauden jarduerak direla gehien interesatzen zaizkionak: «Bakarkako igoerek asko betetzen naute. Nik, jakina, goi mailako beste eskalada batzuk kideekin partekatu ditut. Gertatzen dena da bakarrik zaudenean ez duzula estrategiaren inguruan inorekin eztabaidatu behar. Bakarrik banago, eskalada azkarrago egin dezaket. Zuk zeuk bakarrik arazo guztiak kontrolatu eta menderatu behar dituzu. Akats guztiak saihestu behar dituzu. Azken espedizio honetan, adibidez, arazoak izan nituen, baina burua lasai mantendu nuen. Pipirekin hiru eta bost egun arteko jarduera egiteko asmoa nuen. Baina, azkenean, bakarrik eskalatu behar izan nuen, eta horrek onura batzuk ere baditu; besteak beste, abiadurarena».

Amaitzeko, alpinista kazakhstandarrak aurreratu du momentuz buruan ez duela izaera bereko beste asmorik: «Erronkok denbora eta prestakuntza handia eskatzen dizute. Azken hamabost urteotan zortzimilako ezberdinetan bost bide berri zabaldu ditut. Muturreko helburu hauetarako zorte handia izan behar duzu, eta, nire ustetan, bizitza oso laburra da horietan soilik buru-belarri jarduteko».