11/09/2019

Irati Goikoetxeak irabazi du aurtengo Igartza saria

Euskarazko idazle gazteei bultzada emateko sortu zen beka honi esker, bere proiektua, «Herriak ez du barkatuko», garatu ahal izango du Irati Goikoetxeak, Igartza sariaren lehen irabazle beasaindarrak. Orain urtebeteko epea izango du eleberria idazteko.

Nagore BELASTEGI|DONOSTIA
0911_kul_igartza

Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak hogeita bi urtez antolatu dute Igartza Saria, euskarazko idazle berriei bultzada emateko asmoz. Aurtengo irabazlea, Irati Goikoetxea, denbora horretan garaile atera den lehen beasaindarra da, eta albistea pozik hartu du Aitor Aldasoro alkateak. «Harro sentitzeko zerbait da», aipatu zuen atzo goizean Donostian egin zuten prentsaurrekoan. Sari banaketa ekitaldia herrian bertan egin zuten, arratsaldez.

CAFek diruz laguntzen du beka, eta enpresaren izenean Joxe Begiristain euskara arduraduna izan zen Donostian. Berak Goikoetxea aspalditik ezagutzen du. «Ez naiz harritu berak irabazi duelako, baina horrek ez dit poza kendu», adierazi zuen.

Goikoetxeak “Herriak ez du barkatuko” proiektua aurkeztu zuen lehiaketara, eta epaimahaiak jasotako 16 lanen artean onena hori zela ebatzi zuen. Jorratuko duen gaia erabakigarria izan da, bizikidetza kokatzen baitu erdigunean. Orain, urtebete izango du 35 urteko idazleak eleberria idazteko –2020ko hasieran argitaratuko du Elkarrek–. «Hainbeste urtetan idatzi nahi dugunoi idazteko aukera emateagatik eskerrak eman nahi dizkizuet», esan zuen idazleak bere mahaikideei zuzenduz.

Beasaingoa izanik, gertutik ikusi du beti lehiaketa, baina era berean urruti sentitu du, erronka gisa ikusten zuelako. Kontatu nahi zuen istorio bat zuen esku artean, eta aurten bertan bekako adin mugara heldu denez, parte hartzeko azken aukera ikusita, izena ematea erabaki zuen. «Ilusio handiz jasotako sariketa da, ilusioa egiten dit laster nik idatzitako liburu bat hainbeste gustatzen zaizkidan liburuen ondoan egongo dela pentsatzeak», aipatu zuen orain arte Igartza saria irabazi duten lanei erreferentzia eginez.

Hala, Goikoetxeak Oihana pertsonaia asmatu du, 22 urte zituela aita galdu zuena, ETAk tiro batez hilda. 5 urteko alabak egiten dizkion galderek barruan zerbait piztuko diote, eta minaren inguruan gogoeta egiten hasiko da. 

«Nire etorkizuneko eleberria terrorismoak eta indarkeriak sortutako minaz eta sufrimenduaz jardungo da. Min humanoaz, alderik gabekoaz. Norberaren minari eta bestearen minari erreparatzen jarriko ditut pertsonaiak, minari erreparatu gabe ezinezkoa delako mina erreparatzea», esan zuen idazleak. 

Bere xedea pertsonaiak elkarren artean harremanetan jartzea da, elkarri entzutea eta enpatiarako eta bizikidetzarako pausoak ematea, baina kontakizunak berak esango digu lortzen duten. «Akaso, bide horretan ez dira aldi berean iritsiko». 

Denon ardura

Proiektuaren izenburuari dagokionez, esan du bere asmoa hasierakoa mantentzea dela, Igartza saria jasotzen duten askok eleberriari aurreikusitakoaren ordez beste izen bat jartzen dioten arren. «‘Herriak ez du barkatuko’ kaleetan irakurri dugun esaldia da, niri ezinegona eta haserrea sortu izan didana. Etorkizuneko belaunaldiek ez digute barkatuko modu kolektiboan bizikidetzaren alde ezer egin ez izana. Denok dugu ardura hori», adierazi zuen. 

Goikoetxearentzat betiko kezka izan da hori: norberak zer egin dezake bizikidetza osasuntsuagoa eraikitzeko? «Nire ekarpena literaturatik egin nahi dut. Irakurleen baitan galderak sorrarazten baditut, zoragarri. Gai hau jorratzeko ausartak izan behar gara», azaldu zuen. Egun Nafarroako Gobernuan bizikidetza alorrean egiten du lan eta horri esker gaiari buruz asko ikasi ahal izan du.

«Saiatuko naiz zerbait berria egiten. Ez da gai erraza. Kontakizuna minean zentratu nahi dut», aipatu zuen. Minean sakontzeko ume baten jakin-mina izango da aitzakia. «Haurrei entzuten hasten bagara konturatuko gara izugarri aberastu gaitzaketela, inozentzia dute, goxotasuna», esan zuen. Hala ere, gaiak gogorra izaten jarraituko du.

Igartza bekari esker emango duen liburua ez da idatzi duen lehena. Izan ere, 2014an “Andraizea” (Erein) ipuin bilduma kaleratu zuen. «Sentipena badut idazteko modu bat deskubritu nuela. Esaldi laburrak, elkarrizketa zuzenak, hitz jokoak. Inkontzienteki horra joko dut oraingoan ere, baina ez nuke nahi horretara bakarrik biziatzea», esan zuen.