12/09/2019

Sindikatuek «langile publikoez trufatzea» leporatu diote Lakuari

LAB, ELA eta CCOO bat etorri ziren Josu Erkoreka Lakuako bozeramaileak iragarritako langile publikoen soldaten %0,25eko igoeraren aurrean emandako erantzunean. Haserre agertu ziren Gobernuaren «ez negoziatzeko» jarrerarekin eta erantzukizuna eskatu zioten.

GARA|BILBO

MADRILEN ESANA


Lakuak «berriro ere Madrildik datorrena bete besterik ez» duela egin kritikatu zuten hiru sindikatuek eta azken hamarkadan EAEko langile publikoen erosahalmenaren galera %14tik gorakoa izan dela ohartarazi zuten.

«Eusko Jaurlaritzak negoziazio kolektiborako eskubidea ukatzen die langile publikoei eta Madrilekiko mendekotasunean alde bakarrez hartzen ditu erabakiak», esan zuen LABek asteartean Josu Erkorekak egindako iragarpenaren ondotik.

Lakuako bozeramaileak jakinarazi zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile publikoek %0,25eko igoera izango dutela iraileko nominan eta igoera horrek uztailetik izango duela atzeraeragina. Bestetik, urtea amaitu aurretik Itzarriko ekarpena %1etik %1,5era igoko dela azaldu zuen. Administrazio Orokor eta Instituzionaleko langileen aurreikuspen plana kudeatzen duen erakundea da Itzarri.

«Begirunea galdurik»

LABek baieztatu zuen ez diela bere aldarrikapenei uko egingo. Horietako bat da langileek galdutako erosahalmena berreskuratzeko plan bat adostea. Azken hamarkadan EAEko langile publikoen erosahalmenaren galera %14tik gorakoa izan dela agertu zuen ELAk eta Lakuak langile eta sindikatuei «begirunea galdua» diela kritikatu zuen. Erkorekak «borondatez eta arduraz jokatzeko» sindikatuei egindako eskaera bera itzuli zioten horiek Gobernuari.

«Hauteskundeei begira» egotea leporatu zion CCOOk, eta proposamena hedabideen bitartez, Mahai Orokorreko sindikatuei aldez aurretik jakinarazi gabe eta, beraz, negoziatzeko aukerarik eman gabe plazaratu izana salatu zuen, LABek eta ELAk bezalaxe. «Negoziazio prozesu serioak» eskatu zizkioten sindikatuek Lakuari.