22/10/2019

Reportage
 
«BASQUE DESIGN» NOIZBAIT MARKA LEHIAKOR BAT IZANGO AL DA?

Euskal Herriko industria trinkoa da, baina nazioartean lehiakorra izateko funtsezko osagarri bat falta zaio: bereizten duen diseinua. Gure formak babestu beharrean, baztertu egin ditugu azken urteetan, eta horregatik, historia idazteko unea iritsi da.

Nagore BELASTEGI
1022_kul_diseinu1

Badaude euskal sukaldaritza, euskal artea, euskal zinema, euskal denetarik! baina ez dago euskal diseinurik», dio Guillermo Zuarnabarrek, “Orain diseinua! Euskadi eta industria” erakusketako komisarioak. Tabakalerako lehen pisuan dago ikusgai Euskal Herriko diseinuaren historia eraikitzeko xedea duen txokoa, otsailaren 9ra arte. Beraren ustez, enpresariek ez dute interes handirik diseinuan, nahiz eta industriaren parte bat den.

Euskal Herriko sare industriala oso trinkoa da beste herrialdeetakoarekin konparatuta, baina kontraesan bat dago diseinuari dagokionez. «Finlandiarrak, suitzarrak, italiarrak, frantsesak, katalanak… denek dute bereizten dituen diseinu bat. Diseinu alemana dela esaten dizutenean lau ideia garbi etortzen zaizkizu burura. Baina euskal diseinua esaten dizutenean zer etortzen zaizu burura? Hemen izugarrizko gauzak egiten ditugu eta ez dute bereizgarririk ez ditugulako diseinatzaileak izan. Ingeniari oso onak ditugu, eta ingeniariek hartu dute diseinatzaileen lekua. Ingeniariek jakintza teknikoa dute, baina diseinuak elementu kulturalak hartzen ditu», azaldu digu komisarioak.

Euskal diseinua zehazteko beharra ez da abertzaletasun kontu bat, enpresek duten behar bat baizik. Izan ere, industrialki atzerriko enpresekin lehiatzeko gai dira, baina diseinu aldetik ez dira bereizten. «Gaur egun euskaldun batek diseinua ikasi nahi badu jo behar du Italiara, Alemaniara edo Kataluniara. Ikasten dituzten modeloak edo erreferentziak ez dira euskaldunak, eta kanpotik datoz beste kolore karta eta begirada batekin. Horrek euskal diseinua ez ematea ekartzen du».

Oso gauza gutxi ditugu euskal diseinuarekin automatikoki lotzen ditugunak. Horietako bi dira txapela eta alpargatak, munduko beste leku askotan ere erabiltzen direnak, baina horrek ez du zerikusirik herri baten nortasunarekin, kulturalki duen balioak baizik. «Ez du inporta nondik datorren produktu bat, kontua da garbi dagoela txapela Euskal Herriarekin identifikatzen dela. Lehen hemen txapel fabrika asko izango ziren eta bakoitzak bere modura egingo zuen segur aski, eta euskaldunek Argentinara eramandako txapelak orain seguru desberdinak direla. Ez nau arduratzen hemen jaio ote den, kontua da gure kulturan dagoen zerbait dela, eta hori ere galtzen ari da erabaki genuelako duela 20-30 urte amerikanoak izatea», dio Zuarnabarrek albotik gazte kuadrilla bat pasatzen dela. Hitz egiten duen bitartean goitik behera begiratu ditu: «Oraintxe bertan tipo bat pasa da Minessotakoa balitz bezala jantzita. Hori aukera bat da, ez dut esaten horren kontra egon behar denik, baina izan dezagula informazioa erabakitzeko zer nahi dugun izan».

Beraren ustez, diseinua bera gure kulturaren parte da eta galtzen badugu gure nortasuna ere galduko dugu. Horren erantzukizuna gure esku uzten du: «Ez da globalizazioaren errua, gure errua da. Amerikako formak Euskal Herrian askoz hedatuagoak daude Europako beste herrialde batean baino. Kontzientzia badugu, baina jakintza falta zaigu. Txapel bat Donostian askoz erabilgarriagoa da baseball bisera bat baino, batez ere ile falta dugunontzat; beroa ematen du, ez zara bustitzen, oso diseinu ona da –iritzi dio–, baina horren ordez baseball bisera bat eramaten dugu eguzkia egiten ez duen leku batean. Eskaintzen dizkiguten produktuak ez badizkigute azaltzen, salduta gaude. Halako tipo bat telebistan agertzen bazaigu imitatu egiten dugu, baldin eta ez badugu heziketa bat. Uste dut jendeak janzterako orduan duintasuna galdu duela», azpimarratu du.

Zuarnabarren hitzetan, badaude beste bi adibide jatorrian oso ederrak zirenak, baina egun esentzia guztia galdu dutenak: pilota eta estropadak. Lehengo pilotarien janzkera txuria zen, sinplea, dantzariak ziruditen. Gaur egun, berriz, «kolorezko putzu zikin batean daude». Estropadei dagokienez, publizitateak zuen estetika zapuztu duela uste du, lehen «soilak, gorriak, horiak, berdeak, beltzak» zirelako, eta egun «publizitate karabana bat» diruditelako.

Armetatik bizikletetara

Euskal diseinuaren inguruan, lau argitalpen eta duela hogei urte egindako erakusketa bat besterik ez dira egin orain arte, beraz, hori guztia astintzeko helburua dauka Tabakalerako erakusketak mahai gainean jarriz Euskal Herrian ere sekulako diseinuak egin izan direla. Izan ere, diseinu on bat ez da polita dena, erabilgarria dena baizik (eta gainera polita bada, hobe!). 1950eko hamarkadatik aurrera enpresak diseinuaren alde egiten hasi ziren, baina euskal diseinatzailerik ez zegoenez atzerrira jotzen zuten. Horren adibide dira Eibarren egindako Velosolex –egungo bizikleta elektrikoaren aitzindaria– eta Lambretta motorrak.

30 urte geroago altzairu enpresak diseinuari buruzko kezka agertzen hasi ziren. Horrela, Akaba enpresak Gorka aulkia egin zuen (diseinatzaile italiar-argentinarra), Stuak Gas aulkia (diseinu propioa), Oiartzunek Bob aulkia (egilea diseinatzaile gazte euskaldun bat izan zen, baina atzerrian ikasitakoa zen) eta Eneak Ema aulki metagarria (diseinatzaile katalana).

Erakusketako aretorik handienean kokatu dituzte bi euskal diseinatzaile handi, etxean merezitako sona izan ez dutenak baina kanpoan erreferente bilakatu direnak. Alde batetik, Cristobal Balentziaga getariarra aipatu du Zuarnabarrek. «Museoa ireki arte guztiz baztertu genuen. Kanpoan esaten baduzu Cristobal Balentziaga zure herrikoa zela ez dizute sinisten, uste dute Parisekoa zela guk ez dugulako inoiz aldarrikatu, eta gainera ez dugu diseinatzailetzat hartu. Beti berari buruz jeinu, maisu, estralurtar bat izango balitz bezala hitz egiten da. Bera diseinatzaile bat zen eta guda aurretik 130 langileko enpresa bat zuen (70 emakumeko tailer bat Euskal Herrian eta 30eko tailer bana Madril eta Bartzelonan). Guda aurretik Euskal Herrian zenbat enpresa zeuden 100 langile baino gehiago zituztenak?», aldarrikatu du komisarioak. Balentziagari lekukoa hartu diote moda enpresa garaikideek. Horietako hiru adibide daude erakusketan: Minimil, Ternua eta Loreak Mendian, euren markei bereizgarritasun kutsu bat ematen asmatu dutenak.

Aretoaren beste izkinan dago Joanez Itziar bizkaitarraren “Arte subtilissima por la qual se enseña a escreuir perfectamente” liburua, “cancilleresca” grafiaren moldaketak biltzen dituena. Honakoa Europako grafisten artean erreferente bat da, baina gurean oso jende gutxik ezagutzen du.

Bien artean gure industrian bereziki garrantzitsuak izan diren, eta izaten jarraitzen duten jarduera industrialen adibideak ere ageri dira, tartean, erremintagintza (Bellota) edo garraiogintza (CAF eta Irizar). Armagintzak ere berebiziko garrantzia izan zuen XV. mendean. «Soraluzen errege fabrikak muntatu ziren eta ibarrean zehar bestelako tailerrak antolatzen hasi ziren. XVI. mende hasieran murrizketak izan ziren armagintzan eta tailer askok euren aktibitatea aldatu behar izan zuten. Konturatu ziren jakintza horrekin, adibidez, bizikletak egin zitzaketela», kontatu digu Zuarnabarrek. Horien eredu dira Orbea edo BH, egun bizikleta enpresak direnak.

El Casco enpresa, berriz, errebolberrak egitetik grapagailuak egitera pasatu zen, eta 1932an M5 tresna ospetsua sortu zuen, egun oraindik egiten dena. Boj Olañeta, ordea, kortxo-kentzekoak egiten hasi zen, eta bere tresnen artean ospetsuena «buho» deiturikoa da, palanka bikoitzekoa. «Denok daukagu etxean, elementu arrunta iruditzen zaigu. 1931ko produktua da eta gaur egun ia berdin saltzen da. Kanpotik norbait baldin badator harrituta gelditzen da hau ikustean», dio komisarioak objektu erabilgarri baina sinple hori goraipatuz.

KOLOREAK


Arkitektura tradizionaletik datozen koloreak ere gure diseinuaren parte dira: urdina, gorria, berdea, grisa, beltza eta txuria. Horiek ikus ditzakegu, adibidez, hondartzetako toldoetan.