Andoni ARABAOLAZA
ALPEAK

Robert Jasperrek bide berria zabaldu duEiger-eko ipar horman

Joan den udan, eskalatzaile alemanak, bakarka, «Meltdown» marra sortu zuen. Ukitu gabeko horma batean 11 luze ireki ditu. Zailtasuna, berriz: 7a+. Jardun horretan parabolt eta iltze bakan batzuk sartu ditu.

Itxura guztien arabera, Robert Jasperrek ez dio garrantzi handirik eman Eiger mendiaren ipar horman egin duen azken jardunari, ez baitu joan den udan zabaldu zuen “Meltdown” bidearen inguruan azalpen handirik eman. Jakin badakigu Jasper hormetako eskaladan zein alpinismoan lehen lerroko espezialista dela, eta, beharbada, horregatik soilik izenburu batzuk eskaini ditu.

Ziur asko, izen handirik ez duen eskalatzaileren batek azpimarra berezia egingo ziokeen alemanak sortu duen marra berriari. Baina Jasper badirudi beste “mundu” batekoa dela. Argibide gehiago jasotzeko eskalatzaile alemanarengana jo dugu, baina bidaia batean harrapatu dugu. Patagoniara eraman duena, hain zuzen.

Jasperrek ez digu xede horren inguruan ezer argitu: «Patagoniako Ipar Izotz Zelaira noa, eta, hain zuzen ere, Eigerren egin nuen jardun hori espedizio horretarako sasoiko jartzeko baliatu nuen».

Bakarka

Gogoratu beharra dago Jasperrek lotura zuzena duela ipar horma enblematiko horrekin. 1985. urtean igo zuen lehen aldiz. 17 urte zituen, eta harrezkeroztik goi mailako makina bat jarduera egin ditu. Horietako batzuk, gainera, bakarka. Eta estilo horren alde egin du bere azken bide berrian.

Bakarka bai, baina sokarekin eta bere burua babesten. 11 luze dituen marraren inguruan honako hau adierazi digu: «Ipar paretaren eskuinaldean dago. Eskalatu dudan proposamen horren sekzio guztia ukitu gabe zegoen. Eskalada modernoarekin harremana du».

“Meltdown” bideak dituen zailtasun teknikoei dagokienez, Jasperrek adierazi du gehienez 7a+ dela: «Ez da oso zaila, baina bakarka zabaltzen ari zarenez, gradu hori kontuan hartu behar duzu. Arrokaren kalitatea oso ona da, eta aukera izan nuen luze guztiak kateatu ahal izateko».

Alemanak esan duenez, bide osoan parabolt eta iltze bakan batzuk jarri zituen: «Horiek guztiak han utzi ditut, errepikatzaileek arazori izan ez dezaten. Jakina, friend sorta on bat eraman behar da. Jaitsiera, berriz, mendebaldeko aurpegitik egiten da».

Amaitzeko, Jasperrek esan digu proposamen berriari “Meltdown” izena jarri diola; besteak beste, pareta alpinoak eta glaziarrak jasaten ari diren egoera salatzeko: «Ea klima aldaketaren aurka borrokatzen garen».