GARA
azkaine

Larhungo gunea atontzeko egitasmo berria abian da

2018. urtean Pirinio Atlantikoetako Departamenduak aurkeztu zuen «Larhun 2020» egitasmoak gorabehera handiak izan ditu. Finean, jatorrizko proiektua alboratuta mendi ingurunea bere osotasunean aintzat hartuko lukeen egitasmoari buruzko prozedura onartu berri du babestutako eremuen zaintzaz arduratzen den batzordeak, era horretan Larhungo trena, harrera eremua eta tontorra eraberritzeari buruzko ekimena berriz ere errailetan jarriz.

Oraingo honetan Paueko erakundearekin batera Euskal Elkargoak sostengatu du Larhun mendiko eremua eraberritzeko egitasmoa. Gauzak horrela, babestutako eremuen kudeaketaz arduratzen den batzordeak bere oniritzia eman ondoren, Larhungo tren txikia, harrera eremua eta tontorra eraberritzeko egitasmoaren prozedura berriz ere martxan dago.

Kontzertazio prozeduraren baitan antolaturiko hirugarren bilkura horretan Jean-Jacques Laserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidenteak baieztatu zuenez, ekimen berri horretan trena eta harrera gunea eraberritzeko lanek lehentasun osoa hartuko dute.

Tren txikiari dagokionez, eraberritzeko lanak, kasurik hoberenean, 2021eko hondarrean abiatuko litzateke. Horren ondotik, Lasserrek aletutako planaren arabera, tontorrari eta beheko harrera guneari dagozkien lanak hasiko lirateke.

Tontorreko eremuan egin beharreko aldaketek sortu dute, orain arte, ika-mikarik handiena. Hori dela eta, Andueza-Agor bulegoak bere gain hartu zuen tontorreko eremua atontzeko diseinuari buruzko erabakia laino artean geratu da, oraingoz, horren gaineko eztabaida ez baita inondik inora trenkatu.

Babes eremuen kudeaketaren ardura duen CDNPS batzordea dosierraz jabetu zen iragan urrian. Hortik aurrera Ekologia Ministerioari egokituko zaio lanak abiatu aurretik eman beharreko baimenen tramitazioa.

Jean-Baptiste Laborde Euskal Elkargoko presidenteordeak batzordearen aurrean defendatu zuenez, «mendi eremua biziaraztea da helburua, betiere natura ondarea atxikiz». Mediabask hedabideak plazaratu du bileraren akta. Agiri horren arabera jatorrizko proiektuak trenaren gaitasuna handitzea eta tontorrean pasarela gehitzea aurreikusten bazuen ere, dagoeneko asmo horiek baztertu dituzte.

Ildo beretik, 2018an plazaratu zen proiektuak aparkaleku kopuru areagotzeko asmoa jaso bazuen ere, gaur-gaurkoz proposamen hori ere bertan behera utzi dute. Hala, tren zerbitzuaren maiztasuna handitzea baino, bidaia eredua aldatzea litzateke mahaigainean dagoen alternatibarik indartsuena.

Mediabaskek aurreratu duenez, «jendearen joan-etorriak pixkanaka-pixkanaka gerta daitezen Larhun inguruko herriek tren txartelen aurresalmentan zeresan handia izango lukete». Era berean, autoen erabilera murrizteko, autobus zerbitzua hobetu eta txirrindulari zein oinezkoentzat bide alternatiboak sortzea hobetsiko lukete.