Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Gutunean ez dena

Korintoarrak izan ditut gogoan azken egunotan. Zeharka, bai, baina gogoan hala ere. Hamabien artean zein izan zen gutunetan hain txaplata zen apostolu gogaikarri hura? Korintoarrei gaur bai eta bihar ere gutunetan ari zitzaien hura, posta-bulegoko langileak grebara bultzatu eta azkenean Korintexit gauzatu arte? Bada, horixe izan dut gogoan, apostolua ez, jainkoarren, gutunak egitearena bera! Portzierto, erantzun ote zioten inoiz korintoarrek? Sekula ez zidaten hori argitu katekesian, erregistrotik mozioa garaiz sartu arren!

Tira, gutunen harira! Ajuriaeneko lehendakariak, pulpitu-politikari jarraituz, gutunez erantzun dio pulpitutik euskal «LabEla»-k egindako eskaerari. Erantzun edo, Jainkoak berak baleki! beraren gobernuari zuzendutakoa gobernu zentralari zuzendu behar zaiola esanez, eskumenak han behean direlako. Hots, berea zentroko gobernua badela, izan, baina periferikoa, ez gobernu zentrala. Hain dute gogoko azpiegituren politika non pulpituari berari saihesbidea jarri dioten, gustukoa ez duten trafikoa saihesteko! Omen. Amen. Onartzea ere norberak hemen bere esku beharko lituzkeen funtsezko eskumenak hango beste baten eskuan direla! Ez ote da nahikoa motiboa pulpitutik jaitsi eta protestan hasteko? Zenbat motibo behar dira horretarako? Eta zenbat arrazoi?

Ekonomiarako kaltegarria izango omen da greba! Gastu publikoa den guztia da kaltegarria pulpituko ekonomiarentzat; are gehiago, gobernu ausarta izatea bera ere hartuko luke ekonomia horrek kalte. Ekonomia osasuntsuarentzat gaurko ekonomiaren ustela baino kaltegarriagoa ez da. Baina hori ezin ulertu ekonomia «Confebank»-en konfesatokitik ikusten duenarentzat. Amen!

Total, eskubideak eskubide dira, eta eskumenak eskumen, eskubideak eskura izateko eskumenak. 0 km! Hori ez dago gutunean!