Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Egunero 311 lan ezbehar izan ziren Hego Euskal Herrian 2019an

Gehiengo sindikalak egin duen txostenaren arabera, egunero 311 lan istripu edo gaixotasun izan ziren iaz Hego Euskal Herrian. Orotara, 46 hildako izan ziren lan istripuetan lau herrialdeotan. Aurten, dagoeneko zortzi dira. Egoera larri horren atzean langileek pairatzen duten prekaritatea dagoela salatu dute.

Gehiengo sindikalak egin duen txostenaren arabera, 311 lan istripu edo laneko gaixotasun izan ziren egunero iazko urtean. EAEn (azaro arteko datuak) %2,3 hazi ziren istripuak eta Nafarroan (irail arte), %19,8. Azpikontratazioa, behin-behinekotasuna eta prekaritatea aipatzen dituzte sindikatuek arrazoien artean.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek egindako txostenak adierazten duenez, iaz orotara 46 hildako izan ziren lan istripuetan. Aurten dagoeneko zortzi dira; horietako bi asteazkenean jazo ziren. Herrialdeka, Araban sei hildako izan ziren, Gipuzkoan bederatzi, Bizkaian hamasei eta Nafarroan hamabost. 2018an 67 hildako izan ziren Hego Euskal Herrian, beti ere sindikatuek bildu dituzten datuen arabera.

Istripuak honela sailkatu dituzte: %28 ez traumatikoak izan dira; %10, altueratik erortzearen ondorioz jazotakoak; %28, in itinere eta %20, zerbaitek harrapatu izanagatik edo kolpe baten ondoriozkoak. Horrez gain, aipatzekoa da istripua izandako langileen %28 azpikontratatutakoak direla.

Herrialdeka, Araban 6.382 lan istripu izan dira, Bizkaian 17.442, Gipuzkoan 10.538 eta Nafarroan 19.657.

«Lan istripuen zenbateko orokorra aintzat hartuta, kopuruak goranzko joeran jarraitzen duela esan dezakegu; beraz, ondorioztatzen dugu lan osasunaren eta prebentzioaren egoera ez dela hobetu Hego Euskal Herriko lantokietan. Arrazoi nagusietako bat kalitate eskaseko enplegua da, prekaritatearen ondorio zuzena dena. Prekaritatea ezarri da enpresetan azpikontratazioarekin, lan erritmo handiak direla-eta, giza baliabide eta bitarteko teknikoetan behar besteko inbertsiorik egiten ez delako, baita informazio nahiz formazio eskasagatik ere. Prekaritatea da lan istripuen eta laneko gaixotasunen arrazoi nagusia», nabarmentzen du sindikatuen txostenak.

Datu larri hauek are larriagoak dira kontuan izanda, Iruñean LABeko Imanol Karrerak nabarmendu zuenez, badirela estatistika ofizialetik kanpo gelditzen diren istripuak, enpresek eta mutuek ezkutatu edo larritasuna kentzen dietelako.

«EAEn zein Nafarroan gertatzen diren lan istripu edo gaixotasun asko estatistika ofizialetan jaso gabe geratzen dira. Istripu hilgarrien kasuan 2019an gehiengo sindikalak jasotako datuekiko erregistro ofizialetan %39 gutxiago bildu ziren; alegia, heriotza eragindako 18 istripu ez dira zenbatu. Pentsatzekoa da istripu larriei eta arinei dagokienez antzekoa gertatzen dela. Beraz, asko dira estatistika ofizialetan agertzen ez diren lan istripuak», nabarmentzen du txostenak.

Egoera honen aurrean Lakua eta Iruñeko gobernuek duten jarrera salatu zuten txostena egin duten sindikatuetako ordezkariek. «Gasteizko eta Nafarroako gobernuek langileen segurtasuna eta osasuna serio ez hartzen jarraitzen dute. Laneko osasunari buruz mintzo dira, baina prekaritatea eragiten duten politikak sustatzen dituzte. Arlo horretan, ez dute euren politiken norabidea aldatu, ezbehar kopuru handiaren gaitz soziala desagerrarazteko eraginkorrak eta nahikoak ez direla jada argi geratu den arren», salatu zuten, prebentziorako aurrekontuetan ezarri diren kopuruak eskasak direla gaineratuz.

Garraioa erregulatzeko eskatu die Hiruk Nafarroako eta Lakuako gobernuei

Asteazkenean bi garraiolari hil ziren. Lehena Olaberrian eta bigarrena Sunbillan. Lan istripu horien atzean, besteetan bezala, prekaritatea dagoela salatu du Hiru sindikatuak. «Garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira», nabarmendu du.

Administrazioen urteetako utzikeriagatik heldu dela egoera honetara gaineratu du. «Ezinbestekoa da sektorea irizpide integralen bitartez erregulatzea, ezinbestekoa da sektoreari, garraioari, duintasuna itzultzea», adierazi du Hiruk ohar batean, azken finean lan baldintza duinak eta seguruak eskatzen dituztela azpimarratuz.

Gauzak horrela, Lakua eta Nafarroako gobernuei garraioa erregulatzeko eskatu diete. «Lan baldintza duinekin segurtasuna areagotzea lortuko baitugu, eta horrekin, heriotzak ekiditea».

Bestalde, asteazkenean Olaberriko Arcelor lantegian izandako heriotza salatzeko geldialdia egin zuten 24 orduz eta elkarretaratzea egin zuten lantokiaren sarreran. GARA