Ikastolen alde, bertso eta upel artean

Astigarragako Zapiain sagardotegiak, Euskal Herriko Ikastolen Elkartearekin, Herri Urratsekin eta Seaskarekin batera, ostiralean ikastolen aldeko bertso afariaren hirugarren edizioa antolatu du. Amets Arzallus eta Iker Zubeldia arituko dira kantuan afariaren bueltan, upel artean, sagardoaren eta bertsoaren arteko aspaldiko harreman estua enegarrenez irudikatuz. «XIX. eta XX. mendeetan, Euskal Herriko sagardotegiek maiz antolatzen zituzten bertso saioak, bertaratzen ziren sagardozaleak entretenitzeko. XXI. mendean ere usadio horri eusten diote hainbat sagardotegik», gogorarazi dute antolatzaileek prentsa oharrean. 20.00etan hasiko da afaria eta txartela 40 euroan eskura daiteke, telefono zenbakiotan: 55952 98 60 (Herri Urrats) eta 943 33 00 33 (Zapiain). Bildutako diru guztia Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikastolei laguntzeko bideratuko da; zehazki, Ziburuko Piarres Larzabal zentroaren hazkundea sostengatzeko. Maiatzaren 10ean Senperen, “Gaki Ge!” lelopean, ospatuko den Herri Urratsen 37. edizioa ere ekarri du gogora Zapiainek.