Ane URKIRI ANSOLA
Gipuzkoa

LEHENTASUNEN ARABERAKO PULTSUA

EZIN KONPONDUA ETA KONPON DAITEKEENA, ZEINI LEHENTASUNA, NORI LEHENTASUNA?», ITAUN EGITEN DU WILLIS DRUMMOND-EN KANTUAK. ALTERNATIBARIK EZ DAGOELA ETA BADAGOELA USTE DUTENEN ARTEKO PULTSUA DELA ADIERAZI ZUEN BEZPERAN LABEKO KIDE EDURNE LARRAñAGAK. ATZOKOA, BAINA, LEHENTASUNEN ARABERAKO PULTSUA IZAN ZEN. EGUNEROKO GOSARIA EGUNEROKO GOSARIA BAITA...

Greba batek ederki nabarmentzen ditu bakoitzaren lehentasunak. Ez dago egun hoberik. Bada jendea, jaiegun gisa hartu eta parrandarako aprobetxatzen duena, ondoren greba batzordekoekin batu eta, ordu erdiz, egoki kamuflatuz. Bilboko diskoteka baten ekimena entzutetsua izan zen, baina herri txikienetan ere –Mutrikun, kasu– ederki aprobetxatu dute, antza.

Dena dela, xehetasun hori ez zen atzo grebalarien kezka nagusia. Goizeko 7.00etarako taberna bateko argiak piztuta eta zazpi bat lagun bertan gosaltzen zeudela iratzarri zen Mutrikuko greba batzordea. Hego Euskal Herrian eratu diren 170 batzordeetako bat da, abendutik atzoko hitzordua indartzen aritu dena. Erdigunean taberna bat zabalik egoteak eta bertara normaltasun osoz gosaltzera zihoazenek piztu zuten arreta. Atentzioa eman zuen ere –nahiz eta jada jakina zen– herriko bi kontserba fabrika nagusiak lanean aritzeak. Bozketa loteslea izatearen albo-kaltea; prekaritatea gertuen bizi duten sektoreko zati bat, grebaren aurka. Adinekoen egoitzetako langileek, aldiz, 204. greba eguna izan zuten, zerbitzu minimoekin.

Pikete informatiboetan duela zazpi urteko greba orokorrean baino parte-hartze txikiagoa izan zela nabarmendu zuen LABeko ordezkari batek. Atzo ez ziren batu hamar pertsona ere; 2013an 30 bat izan ziren.

Aldundiaren laguntzaz Deba eta Mutriku arteko errepidean egiten ari diren lanak guztiz geldirik zeuden eta horrek zertxobait indartu zuen eguna. Lanak geldirik, eta errepidea moztuta ordu erdi batez; Ertzaintzaren hiru patruila iritsi zirenerako guztia itzaltzear zegoen, baina obretako semaforoekin sortutako nahasmena normaltzea zailagoa izan zen.

Itziarko industriagunean lan egiten duten mutrikuarren kopurua handia da eta kalejira zaratatsuaren aurretik bertako egoera jakin nahian ibili ziren grebalariak. Hara hurbilduta, industriagune azpiko bi tabernak irekita zeuden. Fabriketan, esan dezakegu, hamarretik hiruzpalau zeudela zabalik. Nabarmentzekoa da ohi baino kamioi gutxiago zeudela .

Mugimendu gutxi sumatzen zen Beasain eta Ordizia inguruan ere. Ampo eta CAF bezalako enpresetako langile gehienek grebarekin bat egin zuten. Herritar asko ikusten zen hara eta hona paseatzen; antzeko egoera zen Eibar eta Ermua artean. 12.30ean, Eibarren, Debabarreneko manifestazioan, jende andana pilatu zen; pentsiodunak eta gazteak gehiengoa. Gazteenek erantzun zuten –hori bai, asko ikasleak ziren–. Mutrikun indarra eman zioten batzordeari eta Eibarren beraien blokea izan zen jendetsuena.

Deba ibaiaren arroan egonda, kooperatibei begiratu behar. Elgoibarko Danobat-en loteslea ez zen bozketan gehiengoa aurka agertu zen; baita Arrasateko Fagorren ere. «Kooperatibek langileriaren aldarrikapenekin enpatizatuko balute...». Hor geratu da hizketaldia. Mila bat pertsona bildu ziren Eibarren, baina hainbat saltoki zabalik zeuden. Auto-kontzesionario guztiak ere lanean ari ziren baina, era berean, bertan ikusi genuen itxitako gasolindegi bakarra. Sentsazio kontrajarriekin amaitu zen eguna.