Andoni ARABAOLAZA
ALPEAK

«Xarma handia» duen bidea sortu dute Grand Charmozen

Marc Toralles, Bru Busom eta Martin Eliasek mendiaren mendebaldeko horman «Le Grand Charme» bidea ireki dute. 650 metro ditu, eta ED zailtasuna jarri diote. Bibak bat behar izan zuten egin. Tontorrean bukatzen den pareta horretako neguko lehen bidea da.

Duela astebete, Martin Eliasek Alpeetan zabaldu berri duen bidearen topoa bidali eta adierazi zigun hura jorratzeko une egokia ikusten ote genuen. Marra, zailtasuna, horma eta egileak ikusterakoan, jakina, Grand Charmozen (Mont Blanc mendilerroa) sortu duen “Le Grand Charme” marraren inguruan hitz egiteko hitzordua jarri genuen.

Topoan ikusten den bezala, 650 metro luze da, eta honako zailtasuna du: ED, M6+, 6b. Eta horri gehitu behar diogu, jardun gogor horretan, errioxarrak ez ezik, Marc Toralles eta Bru Busom katalanek hartu dutela parte. Beste datu soil batzuk ere iragartzen ditu. Batetik, pareta horretan beren buruak babesteko erabilitako tresneria. Eta bestetik, eskalada hori urtarrilaren 22an eta 23an egin zutela.

Lerroburu horiek aipatu ondoren, lasai ederrean, Eliasekin “Le Grand Charme”-ri ateak zabaldu eta barnean pilatuta duen informazioari bidea jarri diogu. Alpinista honek adierazi digu taldea osatzerakoan buruhauste handirik ez duela izan: «Marcekin hainbat eskalada egin ditut. Iaz, adibidez, Dru mendien zeharkaldia elkarrekin egin genuen. Eta onartu behar dizut Bru ezagutzeko gogoa nuela. Jakin badakit, Marcek kristoren gaitasun alpinistikoa duela. Eta Bruri buruz entzun dut gaztea dela, baina oso zaildua dela. Marcek, gainera, galdetu zidan Chamonix aldean zer-nolako baldintzak zeuden. Nik erantzun nion bikainak zeudela; izan ere, antizikloi sendo batek agintzen zuen. Duela sei urte, Grand Charmozen ipar horma eskalatu nuenean, jaitsieran, mendebaldeko horma ikaragarri hori aztertu eta neure buruari esan nion han zer edo zen egiteko aukera ederrak zeudela. Sei urte igaro dira, eta joan den hilean badirudi astro guztiak lerrokatu zirela. Bi katalan hauek Chamonixera etorri ziren, eta jarduera ikaragarria egiteko aukera izan dugu. Bi kide hauek, gainera, oso-oso indartsu daude, eta oso jatorrak dira. Hori gutxi ez, eta mendian filosofia bera dugu».

Hiru alpiniston eskarmentua, teknika eta burua ezagututa, ez gaitu harritzen ikusgarria den hormatzar horretan jardun izanak. Gran Charmozen mendebaldeko aurpegia aukeratu zuten, Chamonixetik ondo baino hobeto ikusten dena: «Ikusgarria da oso. Chamonixeko terraza batean trago bat hartzen ari zarela, han aurrean duzu. Uste dut ahantzi den mendia dela, eta bertan dago. Ikuspuntu alpinistiko batetik aztertuta, aurrera dezaket oso tentea dela. Sortu dugun bidea, adibidez, 650 metro luze da, baina ibilbide osoa 750 metro izan daitezke. Zorabiatzen duen murru horietako bat da. ‘Le Grand Charme’, gainera, mendiaren tontorrean amaitzen da».

Azken eite horri Eliasek garrantzia eman nahi izan dio, “Le Grand Charme” pareta horretan zabaldu eta gailurrean amaitzen den neguko lehen bidea delako: «Bai, harrigarria da. Isuri horretan bada sona handia duen bide bat: Mark Twight eta Scott Backesen ‘Birthright’. Baina gailurretik 200 metrora bukatzen da. Azpimarratzekoak diren gauza asko aipa ditzaket. Marra horretatik gehien erakartzen nauena da oso agerikoa dela eta tontorrean amaitzen dela. Oso alpinoa da. Horrekin esan nahi dut ez dugula soilik mistoan eskalatu. Alpinismoak bere baitan jasotzen dituen ezaugarri guztiak biltzen ditu: mistoa, izotza eta arroka. Hori da ‘Le Grand Charme’-k ordezkatzen duena. Eta berriro diot: gailurrean amaitzen den neguko lehen bidea da. Horren atzetik nenbilen, horrekin amesten nuen, eta lortu egin dut».

Alpinista errioxarrak “Le Grand Charme”-ren inguruan egin duen aurkezpen orokorra da. Baina xehetasunak ere baditu. Hain zuzen ere, hiru zati ezberdin daitezke. Lehen luzeetan mistoa gailentzen da. Ondoren, bidearen erdialdean, goulotte bat (70°) eskalatu zuten. Eta amaieran, den-dena arroka eta era librean.

Izaera alpinoa

Kide katalanak Chamonixera heldu bezain laster, hirukotea martxan jarri zen. Jakin bazekiten, antizikloari esker, baldintza bikainak zituztela. Eta, jakina, aukera hori aprobetxatu zuten.

Urtarrilaren 22an, eguerdi aldera, Chamonixetik irten eta Plan de l´Aiguilleko teleferikoa hartu zuten. Eskiak jarri eta bi ordu eta erdiko hurbilketa bidea egin zuten. Bidearen sarreran zirela, protagonistok lehen luzeei ekin zieten: «Bagenekien gaua iritsi aurretik ordu gutxi genituela. Denera, bost luze (250 m) eskalatu genituen. Den-denak, mistokoak. Gaua igaro ahal izateko, elurtegi batean geratu ginen. Baldintza onak zeuden; oso gustura jardun genuen. Eta denok bat etorri ginen: luze oso onak izan ziren».

Eskaladari ekin aurretik, Toralles, Busom eta Eliasek aurreikusi zuten horma erraldoi hori gainditu ahal izateko bibaka behar izango zutela egin. Eta horregatik, lo-zakuak eraman zituzten.

Bigarren eskalada eguna, bestalde, goizeko zortzietan hasi zuten. Lo-zakuak motxila batean sartu zituzten, baita behera bota ere. Bazekiten eguna luzea izango zela; izan ere, bidea amaitu eta Grand Charmozetik jaitsi behar zuten. Eta, aurreratu dugun bezala, lo-zakurik ez zuten.

16 orduko jarduna egin zuten. Alde guztietatik begiratuta, luzea zein gogorra: «Niretzako sekzio zailena izan zen; teknikoena, alegia. M6 eta M6+ maila duten luzeak oso nahasiak dira. Horrekin esan nahi dut ondo baino hobeto mugitu behar zarela. Ez duzu artesi bat hartzen eta hura jarraitu. Ibilbidea ondo irakurri behar zen, ezker zein eskuin aldera ondo begiratuta. Azken luzeak tenteak ziren oso. Elurrik ez zegoenez, kranpoiak kendu eta arrokan 6b zailtasuneko sekzioak botekin eskalatu genituen. Gailurreriak ere ez zigun atseden hartzeko betarik eman. Pauso zail batzuk zeuden. Horietako bat Bruk nire sorbaldan jarrita gainditu zuen. Nabaritzen da Bru casteller bat dela. Azkenean, maratoi bat izan zen. Gaueko hamaiketan tontorrean geunden. Jaitsiera, berriz, kopetako-argia denbora guztian piztuta, Cordier izeneko zutoinetik rappelatu genuen».

Bestalde, bidearen zailtasunari dagokionez, orokorrean ED zailtasuna eman diote. Druren ipar horman dagoen “Pierre Allain” bidearen antza duela aipatu diogu: «Sortu berri dugun ‘Le Grand Charme’ ez da muturrekoa, baina erraza ere ez. Horrekin esan nahi dut zailtasunean iraunkorra dela, baina ez du muturreko luze bat. Drun dagoen bide hori aipatu duzu, eta nik Grandes Jorassesetako ‘Desmaison’ aipatuko nuke. Bide luzea, bibak batekin eta gogorra».

Amaiera aldera, lerrootako protagonistak aurreratu digu oso gustura dagoela lortutako emaitzarekin: «Nortasun handiko bide alpinoa zabaldu dugu murru ikusgarri horretan. Baldintza bikainekin egin genuen topo, eta, gainera, ez dugu hotzik pasa. Bide osoa garbi-garbia utzi dugu. Horretaz guztiaz gain, lagun talde eder bat osatu dugu. Norberak bere sekzioak sokaburu egin zituen: nik lehen zatia, Bruk bigarren eguneko mistoko lehen luzeak eta Marcek goiko partea. Sokada sendo bat osatu dugu».