Ane URKIRI ANSOLA
ZALDIBAR

Zehaztasun gabezia nagusi sailburuen agerraldian

Lakuako Segurtasuneko sailburuak, Estefania Beltran de Herediak, eta Ingurumeneko Iñaki Arriolak prentsaurrekoa eskaini zuten Zaldibarko zabortegian luizia jazo eta lau egunera. Beraien lehenengo adierazpen publikoan, egun hauetan guztietan eginiko lanen laburpena egin zuten; faseka aritu direla nabarmendu zuen Beltran de Herediak.

Atzo hirugarren fasean zeuden, igandean hasi ziren jada erreskate lanak modu mekanizatuan egiten. Desagertuta dauden bi langileak egon daitezkeen eremuan posible ikusten zen hondeagailuekin lan egitea, baina atzo goizean berriro eten zituzten lanak, geologoek arriskuaz ohartaraztean. Ez dakite noiz berrabiaraziko duten bilaketa.

Galdera guztien erantzunetan agertu zen lurraren ezegonkortasuna. Bertan lanean ari direnen segurtasuna bermatzea funtsezkoa dela uste dute eta hori da lehentasuna.

Lur guztia egonkortzeko proiektua egin beharko du Verter Recycling enpresak, Lakuak hala eskatuta. Arriola sailburuak adierazi zuen enpresa pribatua izaki, instituzioek zuzenean egin dezaketen gauza bakarra dela «beharrezko neurriak» exijitzea enpresari. Ezin izan zuten eperik zehaztu.

Bizkaiko Aldundiak iragarri du bide sarean 6 metroko altuerako horma altxatuko duela, eta Arriolak garrantzia kendu zion horri, behin-behineko neurria dela nabarmenduz.

Ermuko, Eibarko eta Zaldibarko herritarrak kezkatuta egotea ulertzen duten itaun eginda, airearen eta uraren kalitatearen neurriak onak direla jakinarazi zuen Arriolak. Lasaitzeko asmoz-edo esan zuen berak ere aire berbera arnasten duela: «Eibarren bizi naiz eta nire bizilagunen aire berbera arnasten dut».

Beranduxeago, Elene Moreno sailburuordea bertaratu zen Zaldibarko udaletxera. Jakinarazi zuen ordura arte antzeman izan dituzten arduragabekeriak «txikiak» zirela eta desegonkortasunerako arrastorik ez zutela sumatu.

Zabortegiak 2,4 milioi metro kubiko zabor jasotzeko gaitasuna zuen eta 600 mila falta zitzaion betetzeko. Eremuka betetzen joan ahala, zigilatu egiten zuten eremu bakoitza; lan horretan zebiltzan urtarrilaren 21etik.

Erreskate lanetan ateratzen diren hondakinak nora bota aztertzen ari dira. Mallabiko eta Zallako zabortegiak dituzte aztergai.

Urkulluk ezer gutxi

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak atzo esan zituen bere lehen hitzak Zaldibarko zabortegiko luiziaren inguruan. Eta ez zuen ezer esango kazetariek galdetu izan ez baliote. Desagertutako bi langileen familiei ez zien inolako babes mezurik adierazi.

Ezbeharrari dagokionez, «hondamendi natural» izendatu du gertatutakoa, «zorigaiztoko gertaera» hitza ere erabili zuen, eta azkenean «lan istripua» izan dela adierazi. Azken arrazoi horrengatik, lehendakaria lan istripuen ezbeharretara joaten ez delako, justifikatu zuen Zaldibarko luizian egon ez izana. Gainera, enpresa pribatua dela adierazi zuen, bere erantzukizunei iskin eginez.

Krisi mahaia eta adituen taldeak indartzeko konpromisoa zehaztu zuen bi orduz batuta egon zen “Zaldibarko mahaiak”, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela. Ermuko, Eibarko eta Zaldibarko alkateak, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria eta ezbeharrak eragiten dituen Lakuako lau sailetako ordezkariak batzartu ziren.

Bertan nabarmendu zuten enpresa pribatua den heinean berarena dela istripuaren erantzukizuna, eta berari dagokiola neurriak hartzea. Ingurumen Sailaren betebeharren artean dago, ordea, zaborren kudeaketa.

LAKUAREN IRAGARPENAK

11:25

>Lakuak jakinarazi du Estefania Beltran de Heredia eta Iñaki Arriolak prentsa agerraldia egingo dutela 12.30ean, Zaldibarko udaletxean.

12:40

>Prentsaurrekoa hasi baino minutu batzuk lehenago, Iñigo Urkulluren agerraldia iragarri du Lehendakaritzak, 16.00etarako.

15:21

>Zaldibarko lanen jarraipena egiteko erakundeen arteko koordinazio bilera 17.00etan egingo dela abisatu du Lakuak.

16.00

>Hauteskundeen aurrerapena iragartzeko eginiko agerraldian lehendakariak baieztatu du gero koordinazio mahaiarekin batuko dela; hasiera batean ez du aipatu Zaldibarko ezbeharra.

17.00

>Luizia gertatu eta lau egun beranduago, erakunde arteko koordinazio bilera hasi da.