Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA

Eskari zorroak baldintzatuko du makina-erremintaren ekitaldia

2019ko maiatzean baikor ziren makina-erremintaren AFM klusterreko agintariak, nahiz eta urtea ondo hasi ez. Eskari zorroetan atzerapenak sumatu zituzten azkenean eta urte arteko bilakaeran, produkzioak %6 egin du behera. 2020rako ez dira baikorrak, eskari zorroan oinarrituta; dena den, aurten ere ekitaldi bukaeran hobekuntza espero dute.

Iaz, 2019. urteko lehen lauhilekoa itxi berritan –artean behin-behineko datuak baino ezagutzen ez zituztela–, hasieran sumatutako eskarien jaitsiera konpentsatzea espero zuen AFM klusterrak (Advanced Manufacturing Technologies). Fakturazioan maila onari eustea aurreikusten zuten, nahiz eta iazko maiatzean jada onartu zuten 2018koa baino «zerbait murritzagoa» izango zela.

Jaitsiera hori, baina, aurreikusitakoa baino handiagoa izan dela nabari daiteke aste honetan helarazitako balantzean. Guztira, ekoizpen totalari dagozkion datuei erreparatuta, %6,78 egin du behera ekoizpenak urte batetik bestera –oraindik ere 2019ko behin-behineko datuez ari gara–. Arlo guztietan izan da beherakada, baita esportazioetan ere (%8,09). Sektoreka desglosatuz gero ere, makina-erremintak, osagaiak, erremintak eta gehigarriak ez dira salbuetsita geratu iazko urte eskasean. Puntu positibotzat jo badezakegu, osagaietan barne salmentek %0,82 egin dute gora.

Hau guztia esku artean izanda, «trantsizio urte» gisa izendatu dute 2019a. «Arrazoizko jarduera maila» omen da makina-erremintaren sektoreak iaz izandakoa.

Estatu espainoleko barne salmentei ere aurpegiratzen diete moteltze edo atzerapen hau. Nabarmendu dute Italian, esaterako, zazpi aldiz gehiago inbertitzen ari direla lantegietako ekipamenduak berriztatzean. «Espainiak industria garrantzitsu bat duen herrialdea izaten jarraitu nahi badu, ausarki inbertitu behar du fabrikatzeko eta lehiakorrak izateko teknologietan. […] Oso azkar eta argi ibili behar dugu inguruko herrialdeekin lehiatu nahi badugu», adierazi zuen AFMko presidente Cesar Garbalenak.

Aldiz, iaz 2017an baino gehiago saldu zen Estatu espainolean; %32 gehiago, hain zuzen ere. Dena den, datuak oso baxuak dira. Esportazioak dira nagusi, produkzio osoaren %74,88rekin.

Aurreikuspenak egiteko garaian, eskaera zorroan oinarritzen dira. Hala, 2019ko urteari begira jarri zirenean, aurreko bi jarduera urteetan eskaera zorro aberatsa lortu izanagatik, 2018ko datuen antzekotasuna sumatu zuten 2019rako; beraz, ondorioztatu daiteke eskaera zorro horiek huts egin dutela.

Urte gogorra bistan

Trantsizio urteaz mintzo da makina-erremintaren klusterra, baina ez du zehazten trantsizio horrek nora eramango duen ekonomia. Kluster honek 400 enpresa baino gehiago barnebiltzen ditu eta Hego Euskal Herriko sektore indartsuenetarikoa da. 2018ko datuei erreparatuz, EAEko barne produktu gordinaren (BPG) %24,2 zen makina-erreminta; 2020rako %25era igotzeko nahia agertu zuten.

Deformazioan izan den jaitsiera automobilgintzan dagoen ziurgabetasunari egotzi diote; hala, txirbil-harroketak eraman du kolpe txikiena eta nabarmendu dute 2018an %15eko igoera izan zuela. Alboko grafikoetan ikus daiteke arlo bakoitzeko bilakaera zein urte artekoa.

Klusterrak azaltzen du 2019an automobilgintza sektoreak inbertsio produktiboetako asko atzeratzea erabaki zuela, aldaketa teknologikoen ondorioz eta mugikortasun iraunkorrarekin erlazionatutako eskari aldaketen eraginez. Hala, erakartzeari dagokionez –hau da, eskari zorroa eratzea– iazko ekitaldia «zaila» izan zela onartzen dute; beraz, aurtengo ekitaldian kontuak asko hobetu beharko dira igoerak sumatzen hasteko.

Ez dute ezkutatzen 2020a «urte gogorra» izango denik. AFMko zuzendari nagusi Xabier Ortuetak nabarmentzen du makina-erremintako produktuek «heltze-aro luzeak» dituztela eta gaur-gaurkoz dituzten atzemate datuetan oinarrituta, galerak aurreikusten dituzte.

«Aurten segun eta eskariak nola doazen, baliteke emaitza hobetu ahal izatea, baina aurreikuspenen arabera, galeraren bat izango da, eta hura minimizatu behar dugu, ahaleginak bikoiztuz», ohartarazi zuen zuzendari nagusiak.

Urtarrilean jada zailtasunak izan dituzte bezeroak erakartzeko. Dena den, eta iaz egin bezala, presidenteak lasaitasuna bermatu nahi izan du urte amaieran hobekuntza emango dela esanaz, beraien «prospektiba analisiek» diotenez.