27/02/2020

Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria
Nondik datoz kantuak?
Kostatu zait ohartzea, baina neuk ez dut kanturik erditzen, kantuak erditzen nau ni, eta horrelakoetan ez daukat uzkurduren maiztasuna eta intentsitatea neurtzeko betarik.

Behin baino gehiagotan kantuak nondik ateratzen ditudan galdetu didazuenei erantzuteko, lehenik eta behin, zera; jakingo banu kantuak nondik ateratzen zaizkidan, sekretua txinatarrei saldu eta errentei esker biziko nintzateke hemendik aurrera. Ez, noski, kantu arrakastatsu edo eredugarriak egiteko formula gisa, ezta gutxiago ere. Baizik eta, laborategian klonatu ondoren, pote txikitan ontziratu, eta nire kantuak egiteko erak ez duenez trebezia apartekorik eskatzen, edozeinek etxean bere kantuak egiteko kit modura saltzeko. Ez utzi besteei lan hori, egin itzazu zureak. Urteurrenetan oparitzeko, adibidez, maitale, ugazaba, lagunak txunditzeko, besteak beste, ez zaitez konformatu auzoko karaokeko izarra izaten, bihurtu kantugile, bi sosaren truke, eta Morauren esperientzia zabalaren bermearekin.

Ez esan ez nukeela arrakastarik lortuko. Eskerrak ez daukadan ideiarik ere nondik datozen kantuak. Iritsi egiten zaizkit, besterik gabe, eta jakin ezazu nongo biltegi, lurralde, zokotik heldu diren. Ez dut horien jatorriaren arrastorik ere. Akaso, baliteke enbrioiren bat, besteren baten kanturen bat, ez ibiltzea oso urruti hasiera horretan, eta askotan, inongo bidean geratzen diren ideia lausoak, miresgarri baina iragankorrak. Kostatu zait ohartzea, baina neuk ez dut kanturik erditzen, kantuak erditzen nau ni, eta ez, horrelakoetan ez daukat uzkurduren maiztasuna eta intentsitatea neurtzeko betarik. Ez dago beste misteriorik, neu kantu bat egiteko gai banaiz, edozeinek egin dezake, kantuak ez baitatoz Parisetik.